Simone de Beauvoirren Bigarren sexua (I eta II) liburu gotorra dut eskuen artean (Elkar/Jakin). Bi helburuz abiatu nintzen irakurketan: egileak proposatutako feminismoaz janztea, baita berari buruzko nire ikuspegia zabaltzea ere. Besterik da jendartean zabaltzea. Biluzik bainago diziplina horren aurrean. Areago, feminismoa mugimendu politiko-soziala, ekonomiko-kulturala eta akademikoa den aldetik, umezurtz.
Giza historian, hizkuntzaren garapenak hitzaren esanahiaren murrizketa ekarri du nolabait. Emakumearen eta gizonaren berdintasunaz hitz egiten dugunean, berdintasun hitzak «kirrinka» egiten dit.
Emakumea eta gizona berdinak al gara? 
  Â
Simone de Beauvoirrek emakumearen eta gizonaren berdintasuna aldarrikatu zuen. Nik, berriz, emakumeen eta gizonen aldeko eskubideen berdintasuna lehenesten dut; hobesten dut. Estatuaren eta jendartearen araberako eskubide berberak dagozkie biei. 
  Â
Beauvoirrek feminismo existentzialista proposatu zuen, baita arrazoitu ere. Ez da, ordea, proposamen bakarra izan. Zertaz hitz egiten dugu feminismoaz ari garenean? Zein feminismoz ari gara? Badira bertze ildo batzuk ere: hala libertarioa nola intersekzionala edota diferentziala. 
  Â
Jean Paul Sartre idazlea baitezpadakoa izan zen Beauvoirren bizitzan eta ideologian. Sartreren existentzialismoari atxiki zitzaion. Filosofo horren arabera, existentzia esentziaren aurretikoa da. Existentzialismoa esentzialismoaren aurkia da. Determinismoaren ukatzailea. 
  Â
Hauxe egin zait deigarri: Beauvoirrek Sartreren existentzialismoa besarkatu zuen eta haren ildoan landu zuen feminismo existentzialista. Alta bada, determinismo moldeko bat ageri da haren bizitzan. 
  Â
Adibidez, Baruch Spinozaren determinismoaren ildoan, pertsonok kausa batzuen ondorio ere bagara, nahiz eta kausa horiek ez ezagutu. Beauvoirren kasuan, ezagutu zuen «kausa» batek determinatu zuen bere bizitza: aitonaren porrot ekonomikoak. Bigarren sexua-ren idazlea goi burgesian hezia izan balitz obra hau idatzi ahalko zuen? Feminismo existentzialistaren diziplina garatuko zukeen Sartre bikotekide izan gabe? 
  Â
Existentzialismoaren ildoan, kontu bat: Beauvoirrek jainkoarenganako gizonaren transzendentzia eta emakumearen immanentzia kontrastatzen ditu. Bitxi egin zait, ezen eta Spinozaren pentsamenduan jainko immanenteak tokia baitu ukan. 
  Â
Bigarren sexua 1947 aldean publikatu zen. Aurki mende bat beteko du. Egileak «feminismoaz idatzi nahi dut, arazorik ba al dago?» itaundu zuen. Egun, galdera errepikatzen da: «Ba al dago arazorik?». «Bai, badago». Emakumearen eskubideez ari naiz, prefosta. Haatik, hona premisa bat: ez ditzagun emakumearen eskubideak eta emakumearen askapena nahasi. Zer dela-eta? 
  Â
Baiki, egun ere, emakumezkoen eskubideak ez dira gizonezkoen pare, ezta gutxiago ere. Alabaina, zorionez, borroka feministari esker nabarmen aurreratu da eskubideen arloan. Bestelakoa da askatasunari gagozkiolarik. Emakumearen askatasuna murritzagoa da gizonarena baino, bistan da. Halarik ere, gizona ere ez da aske. Askatasuna eta berdintasuna bereizi beharreko bi balore begitantzen zaizkit.
Garaiak joan garaiak jin, argien nahiz erromantizismoko garaietan filosofiak garatu baziren ere, zientziak tarteko, giza historiaren bilakabidearen ildoan —giza aurreiritziak tarteko— emakumea atzeratuta heldu zen XX. mendera. Modern Woman garaia ezagutu zuen, baina emakumeak modernitatean ere sexu galdu bat izaten jarraitu zuen. Mende bat pasatu eta gero, halakoxea al da? 
  Â
Emakumeak emearen funtzioaren araberakoa jarraitu du izaten. Halakoxetzat daukagu emakumea. Feminismoaren betierekotasunaren ariora, oraindik ere «zer da emakume bat?» gailentzen da. Gizona zer den ez da inoiz galdetu izan. Tira, egun, itxura batez, hasi gara galdera planteatzen. Beauvoirrek, galdera egin aitzin, hauxe zioen: «Emakumea naiz. Kito!». Horixe errealitatea. Subjektibotasun oro albo batera laga zuen. 
  Â
Gizonok eskubide guztia izan dugu betidanik, dena izateko. Emakumeak ez. Zer dela eta? Antza, antzinako pentsamenduaren ildoan heldu gara garena izatera. Emakumeak obulutegia dauka. Gizonok, agidanez, ez dugu aintzat hartu nahi izan barrabilak ditugula. Batez ere, barrabilak. Gizonarenak avec les cuilles / con dos cojones eginak dira. 
 Â
Bertze kontu bat: Beauvoirrek gizona avec les cuilles egina zegoela idatzi zuen. Guk, euskaldunok, euskaraz, bi erdararen espresioetan, honela adierazi behar «bide» ditugu: nahitaez, halabeharrez, ezinbestean, ezinbestez… 

Esanguratsua da, ezta? Horra noraino iritsi den euskara. Tira, noraino iritsi garen euskaldunok. Alboko erdaraz espresatzen gara, erdaldunen hizkuntzaz adierazten dugu gure maskulinitatea. 


Munduaren biribiltasuna aintzat hartzera, laranja baten antzera, giza historia atalez osatuta dago. Hizkuntzak, euskarak kasu, ondo baino hobeto erakusten digu hori: mundua beti izan da gizasemeena: giza, gizakia, gizasemea, gizona… Historian barrena goaz, Beauvoirren eskutik joan ere, harenaz besteko feminismo ildoak tarteko. Eskutik joateak ez du harenarekin guztiarekin zertan bat egin. Haren ikaspenak sano dira lagungarriak, haatik.
Nola osa dezake gizakiak bere burua? Kondizio femeninoa nola egokitu? Emakumeak destino fisiologiko, psikologiko edo ekonomiko jakin bat al dauka? Horra aintzat hartzeko galderak. Horiexetatik abiatu behar dugu. 
  Â
Eta, bide batez, emakumearen eta euskaldunon auzia kontrastatuz, hauxe nire galderak: nola aurkitu desberdintasunean berdintasuna? Nola aurkitu independentea izatea independentzian? Nola aurkitu independentzia euskaldunon kasuan?
Artikuluaren bertsio luzea irakurtzeko, jo helbide honetara:Â https://blogak.eus/begizolia/gizona-eta-emakumea-berdinak-al-gara-i-partea