Etiker

Nola pentsatu eta bizi hobeto

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Gure azken artikuluetan adierazi izan dugu posible dela hobeto pentsatzea eta bizitzea. Etiker taldean —ikerketa etikoa da gure zeregina— irizten diogu Etika eta bereizmen etikoa beharrezko bitartekoak direla hobeto pentsatzeko eta bizitzeko.

Giza bizitzaren dimentsio moralaz arduratzen den jakintza mota da Etika. Izan ere, bizitzeko eta jokatzeko moduak, oro har, moraltzat edo ez-moraltzat kalifika daitezke.

Adibide gisa, honako galdera hauek proposatzen ditugu: nola kalifikatu emandako hitza betetzen ez duten pertsonak, edo sistematikoki gezurretan ari direnak, pertsonen arteko erantzukizunak, familiakoak, gizartekoak edo politikoak saihesteko? Nola kalifikatu drogaren negoziotik, armen garapenetik, diru edo ondasun material kopuru handiak metatzetik, edo sexu-esplotaziorako pertsonak salerostetik bizi direnak? Eta indarkeria matxista edo krisi klimatikoa aktiboki edo pasiboki sustatzen duten pertsonak eta erakundeak? Eta adimen artifiziala erabiltzen dutenak neska-mutilak, iruzurren bidez, biluzarazteko eta nerabeen eta gazteen artean pornografia sustatzeko? Etika, hain zuzen ere, pertsonen, taldeen eta gizarte-erakundeen giza jokabideari buruz gogoeta egitea ahalbidetzen digun giza dimentsio estrukturala da. Hortik ondoriozta dezakegu Etika bitarteko guztiz beharrezkoa zaigula hobeto pentsatzeko —hau da, gizatiartasun handiagoz— pertsonaren, komunitatearen eta gizartearen alorrean eragina duten eta gizarte-harremanak tarteko diren portaera guztien gainean.

Etika pentsamolde praktikoa da, beste era batekoak izan daitezkeen —hau da, norberaren nahimenaren arabera askatasunez bidera ditzakegun— auziei buruzkoa den neurrian. Ezagutza praktikoak, teorikoak ez bezala, zer dagoen deskribatzeaz gainera, gure bizitza modu onean eta zuzenean atontzera bideratutako jarrerak eta arauak ezartzen saiatzen dira, kasu bakoitzean erabaki egokiena hartzeko eta, hala, bizitza hobea ahalbidetzeko.

Hori horrela baldin bada, geure buruari galdetzen diogu ea zenbateraino hartzen dugun aintzakotzat prestakuntza etikoa, hala pentsamenduan nola bizitzan, bai familietan, bai oinarrizko ikastetxeetan eta bai unibertsitatean, betiere, giza garapen integralaren eta herritarren eraikuntzaren zerbitzuan, hainbat eremu garrantzitsutan, nola diren sexualitatea, lana edo bizikidetza soziopolitikoa.

Irizten diogu helduok bereizmen etikoa lantzen ikasi beharra daukagula, hau da, erabakiak etikaren eta moralaren ikuspegitik hartzen jakin behar genukeela. Hala, benetako giza balioen pertsonalizazioan eta sozializazioan eragina duten erabakiak hartzeko orduan, helduok bereizketa etiko-moral horren arloan esperientzia dugun heinean, gauza izango gara belaunaldi gazteei esperientzia hori irakasteko.

Beste garai batzuetan, etikaren eta moralaren alorra erlijioaren mende zegoen. Gaur egun, gizarte sekular eta plural honetan, ez dugu erlijioaren beharrik moralera edo etikara jotzeko, baina, era berean, gutxieneko etika zibiko adostu bat gabe, gizateria noraezean aurki daiteke eta, are okerrago, gizatasuna galtzeko arriskua dago. Zergatik hainbeste pertsonak ez dio zentzurik aurkitzen bere bizitzari eta zergatik erabakitzen dute munduarekin eta hurbileneko harremanekin etetea? Zergatik sortzen da hainbeste borroka eta liskar, gizatasun gabeko hainbat indarkeria egoeratara eramaten dutenak?

Ez dago zalantzarik aldaketa teknologiko eta kultural handiko garaietan bizi garela, baina, horrexegatik, hain zuzen, ezin diogu uko egin iraganetik jasotako jakinduria etiko-moralari (Aristoteles, Jesus, Kant...) eta modu sortzailean erabili behar genuke, guztiok egiaren, justiziaren, askatasunaren eta ondasun erkidearen balio unibertsalekin bat datorren morala pertsonalizatzeko eta gizarteratzeko lanean busti gaitezen.

Horregatik, baliagarria eta beharrezkoa iruditzen zaigu etikaren prestakuntza eta bereizmen etiko-morala abian jartzea, biderkatzea eta sendotzea ikastetxeetan eta zentro zibikoetan, bizimoduko gertaeretatik abiatuta, parte-hartzaileen bizitza pertsonala, komunitarioa eta soziala bideratzeko gaitasuna sor dezaten «Arrazoimen adeitsuaren etikaren» hastapenetan oinarrituta: 1) Pertsonak ez instrumentalizatzea; 2) Pertsonen gaitasunak ahalduntzea edo indartzea eskolan, unibertsitatean, lanean, enpresan edo gizartean; 3) Giza eskubideak sustatzea eta babestea pertsonen arteko harremanetan, premia handienean daudenei laguntzak lehenestearen bidez; 4) Giza baliabideak zuzentasunez banatzea; 5) Parte-hartze eta elkarrizketa arduratsua sustatzea gure herrietan; 6) Gizaki guztiak zaintzea, babesgabeenak batik bat, bai eta planeta eta oinarrizko baliabide naturalak ere (ura, airea, lurra, biodibertsitatea...), guztia giza garapen integralaren zerbitzuan jarririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.