Non daude kaparrak?

Gasteizko lorezainak
2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko lorezainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzainek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten polizia sekretuak jazartzen zaizkigu, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza barregarriak eta miserableak eginez. Orain, Beatriz Artolazabal andrearekin egiten dugu topo aurrez aurre, zeina lan-pribatizazio eta prekarizazio politikak sustatzen dituen Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak osatutako gobernu-taldeko kide den. 

Asko ez gaitu harritzen emakume horren jarrerak; izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu zela, «hilean 600 eurok bizitza duina bermatzen dute», zioen; gogora dezagun sailburu zela 87.799,34 euro kobratzen zituela, hau da, hilean 7.316 euroko soldata. Gaur, Gasteizko Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotzi gisa, 5.842 euroko soldata du hilean. Sailburu baino lehen Osakidetzako Ekonomia eta Finantza zuzendaria izan zen. Argi dago kapar odol-zurrupatzaileak erakundeetan daudela, ez Gasteizko parkeetan, ezta eraztun berdean ere. 

Parkeetan eta hiriko eraztun berdean batasuna eta duintasuna daude; hitzarmen propio baten eta lan baldintza duinen aldeko gure borroka ez da etengo, nahiz eta batzuk eta besteak gu higatzen saiatu; soldata baxuko azpikontratazio politika horiek haustea erabaki dugu. 

Argi daukagu zerbitzu publikoen eta kontzesioen pribatizazioak aberastasuna behetik gora birbanatzeko baino ez duela balio, herritarren dirua kapitalistei oparituz arlo publikoaren kontura; kontratu publiko horiek prekaritatean eta lan-esplotazioan oinarritutako eskaintza ekonomikoekin lortzen dituzte. 

Ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, Administrazio Publikoak kostu txikieneko kontratuak aurkezten dituzten enpresen alde egiten du; horren ondorioz, okerragoak dira enpresa horien lan-baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzua bera ere, eta lan-prekarizazioa gero eta handiagoa da. Hau aldatu behar dugu, eta odol-zurrupatzaile hauek saritzeari utzi. 

Maiatzaren 26an Gasteizko kaleak zeharkatu zituen manifestazioan jasotako babesa, auzo elkarte, enpresa batzorde, gizarte mugimendu eta sindikatuen 100 atxikimendurekin, aire freskoko ziztada izan zen guretzat, eta borrokan indar handiagoz jarraitzeko kemena eman digu. Ondoren beste mobilizazio bat ere egin genuen Arabako egoitzetako lankideekin batera, klase elkartasuna indartuz. Egoera berean dauden azpikontrata guztiei mobilizatzeko deia egiten diegu, ezin baitugu onartu haien azpijokoek gu pobretzea. 

Eskerrak eman nahi dizkiogu Gasteizko hiriari egoera honen aurrean erakutsi digun babes eta ulermenagatik. Egoera hau ez da inorentzat atsegina, kapar horientzat izan ezik, zeintzuk zurrupatu nahi dituzten gure hobeto bizitzeko desioa eta hilaren amaierara iritsi ahal izateko nahia. Akaro horiek ektoparasito hematofagoak dira, eta gaixotasun infekzioso askoren bektore dira; besteak beste, lan prekaritatearena.

Artikulua honako hauek sinatzen dute: Endika Ruiz de Loizaga, Julio Montoya Corcuera, Gorka Perez de Mendiola, Leire Urquijo Formoso, Ivan Puertas Velado, Daniel Ruiz de Mendoza Ainaga, Iñigo Lopez de Arroiabe Markinez, Aaron Garcia Bercedo, Iñigo Hamid Pulgar, Mikel Romero Lafuente, Oskar Ferro, Jose Luis Nieto Codesal, David Garcia Ortiz de Guzman, Juan Miller eta Jose Antonio Ruiz de Azua De Paz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.