Gaztelugatxe ez zen Game of Thrones-ekin jaio. Aldundia ezin da haren jabe egin. Uztailaren 10ean inauguratu zen Madari errekaren gaineko pasabidea, Gaztelugatxe eta Bermeo arteko oinezko bidea osatzeko. 1,12 milioi euro balio izan du, Next Generation funtsekin finantzatu da eta lan tekniko eta administratiboa eskatu du. Bidezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiaren lana aitortzea.
Hori aitortzeak ez gaitu behartzen inaugurazioko ikuskizuna ontzat ematera.
Arantza Atutxa foru diputatuak Nadia Nemeh Bermeoko alkateari «geugaz» egotea eskertu zion. Hasierako irudietan alkateak ez zuen hitza hartu. Gero azaldu zuen proposamena ez zela foru-bulego batean sortu, parte-hartze prozesutik eta bidea ezagutzen zuten pertsonengandik baizik.
«Geugaz» hitzak protokolo-hutsegitea dirudi, baina boterea ulertzeko modu bat erakusten du. Nortzuk dira «geu» horiek? Nor dago «geugaz», alkatea kanpoan uzteraino? Nola trata daiteke Bermeo gonbidatu gisa bere udalerrian egindako obra batean, ekimena bertako herritarrengandik sortu denean?
Bermeo ez zen Aldundiari laguntzera joan. Aldundia joan zen, baliabide publikoz, komunitatearen ekimena gauzatzera.
Hor dago nagusikeria instituzionala. Abusatzaileak ez du zertan arrazoia eduki: baliabide eta kamera gehiago ditu, baita prentsa-kabinetea ere. Azkena iristen da, argazkiaren erdigunea hartzen du eta dena berea balitz bezala hitz egiten du.
Arazoa ez da Aldundiak Gaztelugatxen esku hartzea. Esku hartu behar du. Arazoa da administrazio-gaitasuna zilegitasun historikoarekin nahastea, tokiko komunitateak figurante bihurtzea eta belaunaldiz belaunaldi sostengatutako gune bat berak salbatu balu bezala jokatzea
Aldundiak bere lana egin zuen. Baina horrek ez dio ematen ideiaren egiletza, lekuaren jabetza sinbolikoa edo lehenagotik han zeudenak baztertzeko eskubidea.
Gaztelugatxe ez baitzen Game of Thrones-ekin hasi. Dragonstonerako bide bihurtu aurretik, bizi, ospatu eta zaindutako tokia zen, Bermeoko, Bakioko eta Busturialdeko belaunaldien memorian. Kamerarik ez zegoenean, boluntarioek ermita garbitu, konpondu eta mantentzen zuten.
Bisitarien pilaketa kudeatu behar da. Baina zer gertatzen da bisitaririk erakartzen ez duen eta sustapenerako balio ez duen ondarearekin?
Izaron komentu zaharraren hondarrak eta Madalenaren ermitaren memoria daude, baina erakundeen arreta ez da parekoa. San Pedro Atxarrekoa Aldundiak zaharberritu zuen 1994an, baina esku-hartze bakarra ez da politika jarraitua. Ereñozarren, 1970ean, Asociación de Amigos de San Miguel de Ereñozar eratu zen; ermita 1978an suntsitu, 1982an berreraiki eta gero Erdi Aroko gaztelu eta nekropoli baten aztarnak aurkitu zituzten.
Galdera argia da: beharrezkoa al da HBOk Izaron, Atxarren edo Ereñozarren filmatu nahi izatea inbertsioak, turismo-planak, komunikazio-taldeak eta inauguratzeko prest dauden agintariak ager daitezen?
Arazoa ez da Aldundiak Gaztelugatxen esku hartzea. Esku hartu behar du. Arazoa da administrazio-gaitasuna zilegitasun historikoarekin nahastea, tokiko komunitateak figurante bihurtzea eta belaunaldiz belaunaldi sostengatutako gune bat berak salbatu balu bezala jokatzea.
2025ean Gaztelugatxeko Natura Monumentuaren Lankidetza Kontseilua sortu zen, Aldundia buru, Eusko Jaurlaritza eta Bermeoko eta Bakioko udalak ordezkatuta. Boluntarioek, ordea, ez dute ordezkaritza iraunkorrik.
Horrek lau aldaketa eskatzen ditu: boluntarioen ordezkaritza iraunkor eta zuzena; material, aseguru, joan-etorri, mantentze eta belaunaldi-erreleborako finantzaketa egonkorra; haien ezagutzaren dokumentazioa; eta benetako parte-hartzea, ez proiektuak idatzita daudenean egindako zeremoniazko kontsulta.
Madariko pasabidea ospatzekoa da. Ez da ospatzekoa botere-liturgia hau: Aldundiak agertokia hartzen du, Bermeo laguntzaile bihurtzen da eta proposamena sortu zutenak Europako funtsen pankartaren atzean desagertzen dira.
Erakundeak eta karguak aldatu egiten dira. Zaintzak irauten du.
Gaztelugatxe ez da Dragonstone.
Eta Busturialdea ez da abusatzaile instituzional baten jolasleku pribatua.