Sabino Arana fundazioko lehendakaria, Olaso Dorrea fundazioko lehendakaria, Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria, Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategiko zuzendaria, Ekin argitaletxeko kidea —Argentina— eta Euskal Herria Batera

Nor gara Gu? Zer gara Gu? Euskal Nazioa gara Gu

Mireia Zarate, Iratxe Esnaola, Gorka Espiau, Naiara Goia, Maria Elena Etcheverry eta Carlos Etchepare
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Nor gara gu? Zer gara gu? Askotan galdetu ohi diogu euskaldunok hori geure buruari, menderatu gaituzten estatuek guregan ezarri nahi izan duten ukazio nazionalaren ondorioz. Eta hori gauzatzeko, gure historia, hizkuntza, kultura eta tradizioak ez soilik zapaldu, baizik eta gutxietsi ere egin dituzte, argudiatuz gure nazioaren izaera imajinatua dela, horrela, gure kontzientzia nazionala zalantzan jar asmoz.

Bestelakoa da halere ezkutarazi nahi izan diguten errealitatea, eta kanpotik gure lurrak zeharkatu edo gurera etorritakoek aski argi idatzi dute historian zehar gure lurren eta herriaren izaera propio eta desberdindua. Estatu ukatzaileak betiere isilarazten saiatu direna.

Ez gara gu izan, kanpokoa baizik, guk baino argiago izan duena hori, guk baino argiago izan duena hemen herri bat izan dela, eta badela. Zer garen eta nor garen argi ikusi duena.

Euskal Herria frantses, ingeles edo alemanek aspalditik erabili ohi zuten/duten terminoa da. Das Landt Baschko, Landes Baska, Terre Basque, Basque Country, Eusquel Erria, Heuscal Herria... Eta bertakoak al-bashkiya, basken, vascón, euscaldunac... «Euskaldunak edozein kasutan, behinola hedatuago egon zen antzinatasun handiko tribu baten gerakina» (George Gerlan). Ez espainiar ez eta frantses ez ginenak/garenak. Orson Wellsek argiki gogoratu zigun zer ginen: «Ez, hemen bizi direnak ez dira ez frantsesak ez espainiarrak. Euskaldunak dira». Eta lehenago, Alfred von Wolzogenek, 1852. urtean: «Euskaldunek euskaldunak besterik ez dute izan nahi». Eta lehenago, La Tour d’Auvergne-Corretek (1801): «Euskaldunek euren buruaren antza baino ez dute». Eta lehenago, Wilhelm von Humboldtek (1799), Goetheri idatzitako gutunean: «Inoiz ez dut ezagutu hain izaera nazional markatua mantenduko zukeen herririk». Victor Hugok dioen bezala delako (1843): «Euskaldun jaiotzen da, euskaraz hitz egiten da, euskaraz bizitzen da, eta euskaldun hiltzen da».

Etienne de Jouyek 1817an frantziar herrikideei esan bezala, «euskal nazio txikiak ez du beste inoren antzik, guztiak baitauka jatorrizko izaera, dena dago markatuta denboraren urrinak are errespetagarriago egiten duen zigilu zahar horrekin». Eta John Adamsek ere argi izan zuen Euskal Herria bisitatzean 1780. urtean, eta honela idatzi zien amerikarrei: «Herri harrigarri honek bere antzinako hizkuntza, izaera, gobernu-legeak eta manerak gorde ditu, aldaketarik gabe eta Europako beste edozein naziok baino luzaroago».

Nor ginen soilik ez, baita gure lurraldea zein zen ere argi izan dute gurera gerturatutakoek. Horrela, 1496. urtean, Arnoldo von Harffek garbi zuen zein zen gure lurraren hegoaldeko muga: «Vianaren ondoren, harrizko zubi baten gainetik igarotzen da Ebro izeneko ibaia, non Nafarroako Erresuma amaitzen den eta, beste aldetik, Espainiako herrialdea hasten den». Bai eta Alejandro Dumasek Iparraldekoa ere (1846): «Hizkuntzari eta janzkerari dagokienez, Baionakoak ezin dira frantsestzat hartu». Eta Wilhelm von Lüdermannek 1822. urtean gogoratuko digunez: «Bere mendietatik kanpo, ez du aberririk ezagutzen, eta Frantziaz beti hitz egiten du herrialde arrotz batez bezala».

Argi zuten atzerriko idazleek zazpi herrialdetako herritarrek osatzen dutela Euskal Herria. Auguste Dufouren iritzian (1834): «Nafarroako populazioa baskoi enbor baskoikoa da... eta baskongadoak edo euscaldunac ere enbor baskoiaren parte dira, eta zaletasun handia dute euren pribilegioekiko, independenteak egiten baititu nolabait». Hegoaldeari buruz Le Play-k 1833an zioenez: «Herrialde hau ia erabateko askatasuna duten lau probintziak osatzen dute... Benetako errepublikak dira». Jean-Français Bourgoingek berdin, 1789. urtean: «Alderdi askotan, Espainiako mugetatik haratago dagoela ulertzen da. Nafarroa eta Bizkaia eskualde bereizi eta independentetzat hartzen dira». Argiago oraindik Katherine Douglasek 1919. urtean: «Bere banaketa politikoa zazpi probintzia ahizpek osatzen dute, Zazpiak bat, euskal nazioen eta historien Eskual Herria». Mugak bereizten ez zuen herria.

Baina Pierre Margenek gogoratu bezala (1909): «Inguruko bi estatu handien masan ito ziren, jaun gorenak errekonozitu behar izan zituzten, nahiz eta eurak izaten jarraitu, euskaldunak edonola ere». Edota argiago Cenac-Moncauten hitzetan (1854): «Naziotasun trinko hori, hizkuntza bera hitz eginez eta gorabehera berberak partekatuz, ezerk justifika ez dezakeen banaketa bortitz batek bi zatitan suntsitua dago».

Eta horrela, ez da harritzekoa gurean ere aspaldian sortu izana bi estatu handi horien aurrean nazio bat osatzen dugulako ideia. Joakin Landazuri arabarrak, Dominique Joseph-Garat lapurtarrak, Agusti Xaho zuberotarrak eta Arturo Campion nafarrak adierazitakoari gorputz politiko argia eta bete-betekoa emango zion Sabino Aranak, «Euzkaldunon aberria Euzkadi da» adieraztean.

Gure nazio izaera horrek izan du islarik ordutik hona habitaturiko euskal egitasmo desberdinetan, eta horrela azaldu dute gure ordezkariek, besteak beste, Lizarrako Estatutu egitasmoan («Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko egungo probintziek osatzen duten Euskal Herria entitate natural eta juridikoa da, berezko nortasun politikoa duena»); 1963ko Itsasuko agirian («Lurraren arrazaren mintzairaren ohiduren aldetik herri bat eta bakar bat gira iragan denborako eta egungo nahiaz nazione bat gira»); edota Ibarretxe lehendakariaren estatus politiko berrirako egitasmoan («Euskal Herria nortasun propioa duen herria da, Europako herrien multzoan»).

Eta, errealitate hori, atzerritarrek behin eta berriro adierazi digutena eta gure sen propiotik argi datorkiguna, mundu osoari helarazteko asmoz ospatu zen lehen aldikoz Aberri Eguna 1932. urtean. Euskal Nazioaren eguna.

Eta horregatik gaude gaur ere hemen, berau ospatzen. Euskal nazioa badela herrikideei, munduari eta, batik bat, berau ukatu nahi dutenei ozen aldarrikatzeko. Urtero gure izatea ukarazi nahi digutenen aurrean zutitu eta euskaraz mintzatuz, gu zer garen eta nor garen zazpi haizetara adierazteko eguna ere badelako hau.

Nor gara gu? Zer gara gu? Euskal nazioa gara Gu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.