Soziolinguista eta Euskal Filologian doktorea

Norantz goaz euskaldunok? Zehaztapen positiboak

2025eko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

UEMAren azken Norantz doa euskara? txostenak argi erakusten du Hego Euskal Herrian 2000. urtetiko etorkin uholdeak eta hauen ondokoen proiekzioek erabat aldatzen dutela, baldintzatzen dutela, euskaldunok Hego Euskal Herrian azken 60 urteetan frankismoaren hondarretan lortzen ari garen hazkunde demografiko-kulturala, oraindik gutxiengo zapaldu eta inposatu bagara ere. Datuek ezinbestean eraman behar gaituzte datozen urteetako jardun euskaltzalearen gidalerro eta norabideak birpentsatu eta berregituratzera, UEMAk eskatu duen moduan.

Etorkin uholde, oro har gazte, eta honen hazkunde tasa natural, bertakoena baino azkarragoak, gero eta eragin erdaltzale, espainolzaleagoa dakarkigu belaunaldi berrietara Hego Euskal Herri osoan, euskaldunok oraindik batere aitortu eta ziurtatu gabe ditugunean gure lurrean espainoldunari bai aitortzen eta ziurtatzen zaizkion eskubideak.

XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran jaso genuen lehen etorkin uholde espainoldun handia —Bizkaiko Meatzalde, Gipuzkoa Iparrean—. Frankismo antieuskaldun betean, 1950-1970ean bigarrena. Uholde bakoitzak ditu ezaugarri propioak, eta oraingoak ere bai: Espainiatik kanpokoak, asko Hego Amerikako espainoldunak, aurreko uholdeetakoak baino askoz mugikortasun geografiko handiagokoak…

Frankismoko diktadura urteei aurre eginez ekin diogu azken 60 urteetako arnasberritze euskaldunari euskaldunontzako demokrazia aldarrian. Hirugarren uholdeko etorkinok, ordea, ez dute zerikusirik frankismoarekin, ez azken mendeetan Espainiak inposatu digun politika genozidarekin. Estrategia berriak diseinatzea dagokigu etorkinok eta hauen ondorengoak geureganatu behar baditugu. Ez zaigu nahikoa Franko edo Espainiako politika glotozidak gogoratzea, hauei aurre egiteko beharra.

Baina ezin ahaztu dugu euskaldunoi arazoak etorkin uholdeok baino askoz lehenago hasten zaizkigula Euskal Herrian. Gaztelaren Gasteiz-EAEko-edo konkista 1200etik, Nafarroa Garaikoa 1512tik, Espainiako geroztiko politika glotozidak, euskal eliteen mendekotasun linguizida Espainietako Inperioari XVI. mendetik...

Nik ez dut soluzio mirarizkorik. Baina etorkin berrioi ere ulertarazi behar diegu bagarela hemen herri euskaldun bat, euskaldun iraun nahi dugunak, eta beraiek ere badutela, eta hartu behar dutela, bere erantzukizuna bertan hartu ditugunon iraute euskaldunarekin. Beraiek ez direla neutroak. Euskaldunon alde egiten ez badute, inperialismo espainolaren alde egiten dutela, nahi edo nahi ez. Estrategia zuzenak behar ditugu, etorkinon eta hauen ondorengoengana sakon heltzeko, eta euskaldunon komunitateak duin irauten asmatu dezagun gutxiengotasun egoera areagotuan.

Orain arteko irabaziak baliatu

Orain arte lez, lortu arte jarraitu behar dugu exijitzen gure eskubideak, gure arteko espainoldunek Hego Euskal Herrian dituztenen adinakoak gutxieneko, administrazio guztietan, justizian eta gizarte zibilean, demokrazia linguistikoan. Eta horretarako ezinbestekoa da Euskal Herriko biztanle guztiek euskara jakin dezaten, guri Espainiako (Frantziako) erdarak ezagutzea legez inposatzen zaigun moduan. Bitartean ez da guretzat demokrazia linguistikorik. Bitartean gure erronkak jarraitzen du izaten gure arteko ahalik eta herritar gehienak euskalduntzen jarraitzea, eta gero eta hobeto euskalduntzen. Baina badugu beste erronka nagusi bat datozen urteetan. Eta heldu diezaiegun gure indarguneei…

Gure indargunea da azken 60-40 urteotan lortu dugun euskaldunon «mirarizko» hazkunde demografiko-kulturala, eta horri atera behar fruitu. Maiz gutxiesten dugu lortua. UEMAko txostenean (eta antzera antzekoetan) adoregabetzaileki errepikatzen da azken 30 urteotan «1991 eta 2021 artean, euskal elebidunen pisuak behera egin du[ela], bederatzi puntu Hego Euskal Herrian: %35,9tik %26,7ra». Iradokiz azken 30 urteotan Hego Euskal Herrian «gero eta gutxiago garela edo ‘euskal elebidunak’. Eta hori ez da egia. Guztiz alderantzizkoa baizik, UEMAren txosteneko datuetan ere. Hala, beti Hego Euskal Herrikoak eta 16 urtetik gorakoez (eta estatistikak estatistika direla kontuan —baina berdin 2021ean zein 1991n, eta berdin hauek zein zabaltzen diren etsigarriak—):

«Euskal Elebidunak», euskaraz errazago dihardugunak erdaraz baino, %22,59 gehiago gara 2011n 1991n baino. 1991n 165.010 herritar. 2021ean, 202.286: 37.276 euskaldun «euskal elebidun» gehiago.

Euskal Hiztun «Elebidun Orekatuak», berriz, euskaraz erdaraz bezain erraz dihardugunak, %82,98 gehiago gara 2011n 1991n baino. 1991n 117.123 herritar. 2021ean, 214.308: 97.185 euskaldun «elebidun orekatu» gehiago, denok nahi ditugunak, bi hizkuntzetan ere ongi moldatzen direnak, ala ez?

«Euskal Elebidunak» + Euskal Hiztun «Elebidun Orekatuak», bi multzo horietatik irudikatu genezake gure etorkizun hurbilekoa, %47,66 gehiago gara 2011n 1991n baino. 1991n 282.133 herritar. 2021ean, 416.594: 134.461 gehiago.

Euskaldun «Erdal» Elebidunak (erdaraz errazago dihardutenak euskaraz baino, nahiz kontu pixka bat eduki behar den deizio honekin ere, «erdal» elebidunean gehiengo absolutuak «ongi» egiten baitu euskaraz —UEMAko datua—), %92,53 gehiago gara 2011n 1991n baino. 1991n 177.255 herritar. 2021ean, 341.263, 250.264 «ongi» mintzo direnak (%73,33) eta 90.999 «nahiko ongi» (%26,67). Denera, 164.008 gehiago.

Hiru euskaldun multzook kontuan: euskaraz «ongi» eta «nahiko ongi» mintzo garen euskaldunak, 1991-2021. 1991n 459.389 euskaldun ginen, zeinetako 389.802 «ongi» mintzo ginen (%84,85), 69.586 «nahiko ongi» (%15,15). 2021ean 757.857 gara. 666.353 «ongi» mintzo garenak (%87,93), 91.504 «nahiko ongi» (%12,07). 1991tik 2021 bitartean 298.468 euskaldun gehiago (%64,97 gehiago). Soilik «ongi» mintzo garenak kontuan, 276.451ko hazkundea (%70,9 gehiago).

Ezin bada, galeraz, beherakadaz, hitz egin, asmo ilunez ez bada. «Euskal elebidunak» hazi bagara, «euskal hiztun orekatuak», euskaraz «ongi» mintzo diren «erdal elebidunak». «Euskal elebidunak» eta «euskal hiztun orekatuak» baturik ez garela hazi «erdal elebidunen» erdia baino? Hori ere bai. Baina mirariak, zeruan... Eta ebanjelioetan. Ia lortu dugu ordea «euskal hiztun orekatuak» «erdal elebidunak» beste haztea, eta euskal hiztunak 2/3. Hor, miraria, lurrean ere... Nahi «luzkete» halakoak munduko beste hizkuntza gutxituetako guztiek. Ez dugu zer irabazirik ahulezia gisa salduz gure indarguneak direnak...

Datozen urteotan ere, zoritxarrez, «ia dena» jarraituko dugu kontra izaten euskaldunok Hego Euskal Herrian ere, espainoldunek «ia dena» bere alde dutenean. Erantsi horri hirugarren etorkin uholdea. Soluzio magikorik gabe, gure ondoko urteetako estrategia gakoetakoa dugu ahalik eta gehien aktibatzea azken 40-60 urteotan euskaldundu ditugun 16 urtetik gorako 757.857 euskaldunak, euskaraz ongi (666.353) edo nahiko ongi (91.504) egitera ekarri ditugunak (gehi 16 urtez peko beste 300.000 inguruak).

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.