EHUko irakaslea

Norbanakotik haratago: Korrika eta bizipen kolektiboaren zentzua

Jon Zabala Arando
2026ko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Korrikak, aurten ere, bizipen hunkigarriak oparitu dizkigu. Hotzikarak sentitu ditugu. Eztarria korapilatu eta begiak busti zaizkigu. Indarraren, maitasunaren eta batasunaren lilurak barruraino hunkitu gaitu. Dudarik gabe, deskribatzeko eta izendatzeko zailak diren bizipenak. Ulertzeko bizi behar direnak.

Teoriak Korrikaren bizipen emozionala auto-traszendentala dela diosku; hau da, pertsonak bere banakotasunetik atera eta norbera baino handiagoa den zerbaitekin bat egiten duen bizipena. Ezohikoa, espirituala edota beste mundukoa dirudien arren, oinarrizkoak diren beharrizan psikologiko batzuei erantzuten die bizipen horrek; hots, patu berbera partekatzearen sentsazioari, eta kidetasun eta ahalduntze sentimenduei. Bizitzaren zentzua eta esanahia ahalbidetzen duten, eta osasunerako hain garrantzitsu moduan azaltzen ari diren sentimendu horiek, instituzioek eta eguneroko bizimodu atomizatuak ahultzen dituzten baliabide sozialak dira. Beharbada, horregatik, gero eta zailagoa zaigu halako bizipenak izendatzea eta ulertzea.

Psikologiaren zientziak, konexio sozialen garrantzia etengabe aitortzen duen arren, gehienetan independentzia eta autonomia indibiduala azpimarratzen ditu pertsonen osasunaren giltzarri gisa. Ildo beretik, gaur egun goraka doan autolaguntza industriak eta terapia askok ere norabide hori indartzen dute. Baina, Zygmunt Bauman aipatuz —eta datu batzuek iradokitzen dutenez—, agian «independentziaren muturrean ez dago zoriontasunik, baizik eta bizitzaren eta bere zentzuaren hutsune eta galera sakon bat baino ez; eta edozein modutan bete beharreko aspertze imajinaezin bat».

Independentzia, autonomia eta garapen pertsonalak ongizate psikologikoarekin eta osasunarekin lotura duela erakutsi da. Hala ere, baliteke balio indibidual horiek, soilik, edota bereziki garrantzitsuak izatea kohesio soziala, interdependentzia eta ahalduntzea ahuldu diren gizarte modernoetan, non sarri berehalako asebetetzea —«dopamina azkarra»— bilatzen den. Balio horiek, agian, beste galera horien babes faktore gisa jokatzen dute, hau da, derrigorrean. Baina hori proban jartzeko moduko hipotesi bat da.

Durkheim, Bandura, Keyes edota beste hainbat autoreren arabera, pertsona osasuntsuek bere gizartearekiko kidetasuna, baikortasuna eta kontrol sentsazioa behar dituzte; hau da, haien testuinguruko zirkunstantziak kontrolatu eta aldatzeko ahalmena. Korrikak, kohesio sozialean, baikortasun eta ahalduntze kolektiboan positiboki eragin dezakeela erakutsi da, eta hori ongizate psikologikoarekin eta parte-hartze komunitarioarekin estuki erlazionatuta dagoela ere bai. Era berean, ohiko erritu kolektiboetan bizitzen den batasun emozionala ongizatearen garapen hobeago batekin erlazionatzen da, epe luzera edo bizitzan zehar.

Esparzaren azken lanaren arabera, kanpoko begiradek oso modu bereizgarrian deskribatu zuten Euskal Herria XIX. mendean. Gurera etorritako bidaiari, pentsalari eta etsaiak harrituta utzi zituen euskal herritarrek beren buruak gobernatzeko zuten gaitasunak; emakumearen presentzia nabarmenak; hierarkia sozial zorrotzaren gabeziak eta berdintasun erlatiboak; askatasunarekiko eta ohitura propioekiko atxikimendu sendoak; harrotasunak eta zoriontasunak. Hori dela eta, Euskal Herria ongizatearen, bake sozialaren eta askatasunaren adibidetzat jo zen. Behin Angel Rekalderi entzun nion moduan, «Gernika ez da berezia erre zutelako. Berezia zelako erre zuten».

Euskara eta gehiago gara. Gizarte antolakuntza eredu baten adierazpena gara. Pirinioen bi aldeetan ernetu ziren eta interes handia piztu zuten askatasun eta antolakuntza kolektiboaren printzipio horiek indarberritzeko gai den gizartea. Etorkizuna eraikitzeko, gure baitara —eta ez beste inora— begiratu behar duen gizartea

Baliteke behetik gorako gizarte egitura hori bermatzen zuten instituzio horiek izaera bat osatu izana. Besteak beste, batzarreak, ekonomia komunalak, foruak… Edo beste modu batean esanda, gure gizartea egituratu zuen zuzenbide piriniotarrak edo lagi-zaŕak. Korrika, eta zenbatezinak diren tradizio, kultura eta mugimenduak —ikastolena barne, ahaztu gabe—, izaera horretatik eratorritako ondareak lirateke.

Beraz, euskara eta gehiago gara. Gizarte antolakuntza eredu baten adierazpena gara. Pirinioen bi aldeetan ernetu ziren eta interes handia piztu zuten askatasun eta antolakuntza kolektiboaren printzipio horiek indarberritzeko gai den gizartea. Etorkizuna eraikitzeko, gure baitara —eta ez beste inora— begiratu behar duen gizartea.

Korrika bukatu da. «Eta orain zer?»; «Nola mantendu eferbeszentzia kolektibo hau?». Horiek egin izan dizkidaten eta behar bezala erantzuten jakin ez ditudan galderak dira. Zorionez, Euskal Herria oparoa da euskalduntasuna ardatz duten kultura, tradizio eta erritu kolektiboetan. Horien bitartez —solastatzen, irakurtzen, entzuten, abesten, dantzatzen eta gure ikurrak eta balioak partekatzen ditugu— gure nortasuna berresten jarraitzen dugula sentitu dezakegu.

Beraz, erantzuna ez da konplexua: egunero gure batasunaren lilurak hunkitzen uztea eta bizipen emozional hori partekatzen eta kutsatzen jarraitzea. Bidea egiten jarraitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA