ESAIT desegiterako hamarkadak eman genituen makina bat ekimen aurrera ateratzen. Modu horretan, Euskal Selekzioen aldeko diskurtsoa sortu eta kontsolidatu genuen, iritzia hedatu, baita neurtu eta zabaldu ere. Era berean, hausnarketa juridikoak egin genituen, eta bide hartatik argi detektatu genuen non eragin behar genuen, nor bultzatu, eta –hark nahi izanez gero– nori lagundu behar genion. Alde horretatik, etsipen handiz ikusi –eta salatu– genuen, ofizialtasunari begira aurrerapausoak eman beharrean, «ez-egitearen» politika, «orain ez da unearen» politika; kirolaren eskumen esklusiboa 1981. urtetik eskualdatuta zegoen, eta politika horretan eragiteko gaitasun osoa eduki bageneukan. Ordukoan argi ikusi genuen oztopo eta arazo oso-oso handiak genituela gure herritik kanpo, baina baita geure herriaren barruan ere, eta perspektibatik argi esan dezakegu oztoporik handiena batasun falta izan dela.
Gibraltarrek 1997an FIFAn sarrera eskatu zuela jakin genuenetik, EAJri eta Ezker Abertzaleari zuzeneko deiak egin genizkien, Ofizialtasunari begira elkarlanean aritzeko. 1997a oso urte nahasia izan zen, eta, tarte batzuetan etenak izan baziren ere, harremanak hasi eta mantendu ziren.
Gauzak horrela, 1998ko ekainaren 14an Eusko Legebiltzarrak Euskadiko Kirolaren Legea onetsi zuen, EAJ, EA, EB-IU eta EHren aldeko botoekin. Legea aprobatuta, Legebiltzarrean bertan bere onartzea irudikatu zuten alderdien ordezkariek (Iñigo Urkullu, Sabin Intxaurraga, Tomas Garcia eta Jone Goirizelaia), ESAITeko kideekin batera ESAITeko kamisetak jantzita agerraldia eginez.
Lege haren onespena mugarri politiko nabarmena izan zen: hamasei egun beranduago, Eusko Jaurlaritzako PSEko ordezkariak bertatik atera ziren, ordura arte indarrean zegoen gobernu akordioa hautsitzat joz.
Euskadin edo Estatuan lege bat onartzea ondo egon daiteke, laguntze-giro bat sor dezakeelako, baina ofizialtasunerako konponbidea ez da etorriko lege bat onartzetik. Izan ere, nazioarteko federazioak zuzenbide asoziatibo/pribatuan oinarritutako erakunde pribatuak diren bitartean, bertan sartzeko bide bakarra bere kideen borondatea irabaztea da, eta horretara jo behar dugu.
Horregatik, legea aprobatzearekin batera Jaurlaritza animatzen saiatu ginen, Euskadiko Federazioak, Gibraltarrekoak bezalaxe, FIFAn sarrera eska zezan.
Horretan ari ginela, 1998ko urriaren hasieran, Aznarren Gobernuak konstituzio-kontrakotasun helegitea aurkeztu zuen Euskadiko Kirolaren Legearen kontra –bereziki 16.6 artikuluaren kontra–, eta horrek arau horren suspentsioa ekarri zuen. Ondorioz, Jaurlaritzatik esan zitzaigun hobe zela itxarotea: errekurtsoa onartuta eta automatikoki 16.6 artikulua suspendituta, ez omen zegoen segurtasun juridikorik. Zain geratu ginen, eta zain darraigu.
Orduz geroztik guztiok dakigu zer gertatu zen; 1999ko azaroan su-etena amaitu, eta neke handiz eraikitako zubi asko lehertu eta hautsi egin ziren. Jaurlaritzarekiko harremanak ere hor amaitu ziren.
Lizarra-Garaziren mamuak hauspotuta, Estatuko Gobernuak ofizialtasunaren kontrako fronteari bere ertz eraginkorrenetik heldu zion, UEFAren estatutuen aldaketa proposatu eta sustatuz. Puntu horretan ez dugu zalantzarik Gobernuaren beldurra ez zela Gibraltarrekikoa, Euskadiko Federazioarekikoa baizik.
Gobernuarekin harremanik izan ez arren, ESAITek ekimenean segitu zuen, bai zaleekin, baita jokalariekin ere; horrela, aldaketak gertatu ziren, selekzioaren deiturarena kasu, Jaurlaritzak onartu ez zuena. Oposizio horrek Euskal Selekziorik gabeko hiru urteko hutsunea eragin zuen.
2013an, eta Euskadi-Bolivia partiduaren atarian, ESAITek, zaleekin batera, kalejira antolatu zuen Anoetaraino. Jokalariek partida ederra egin zuten, boliviarren atean 6 gol sartuz, eta bakarra jasota. Harmailetan, aldiz, batetik bengala, piroteknia eta aulkien jaurtiketak, eta, bestetik, Ertzaintzaren neurririk gabeko kargak, giro jasanezina bizi izan zen. Hartara, ESAITek eta euskal zaleak biltzen zituen Euskal Selekzioaren Animazio Kolektiboak egoeraren hausnarketa kritikoa egin zuten, publikoki adieraziz Ertzaintzaren kargak ulertu eta onartzen ez zituzten modu berean, zaleen gutxiengo baten jarrera lotsagarria ere ez zutela konpartitzen, ezta onartzen ere. Lehenik arrisku handia eragin zutelako, eta, bigarrenik, ofizialtasunari mesede baino kalte egin zitzaiolako.
Oso herri txikia izanik, geure arerioen gaitasun eta indarraz jabetu behar dugu. Horregatik, batuta baldin bagaude baino ezingo diogu egoerari aurre egin
Handik bi urtera, ESAITek bere bidea amaitutzat jo zuen. Agurrean, publikoki euskal gizarteari dei egin zion, baldintza berriak probestuz, ofizialtasunaren aldeko dinamikan indarrak batu, eta Euskal Herria jokaleku berri batera eramango duen mugimendu bat eraikitzeko. Hamaika urte igaro dira, eta tarte honetan saiakera batzuk azaldu badira ere, aurtengo maiatzera arte ez dugu ekimen benetan eraginkorrik ikusi.
Gauzak horrela, mundial baten hasieran 7Baietz! ekimenaren berri izan dugu, belaunaldi berri batek sustatu eta gidatua; une jakin batean egoera egoki ulertu, aztertu, eta ekimena izan duena. Horrela, Mundialaren hasierarekin batera, inolako lotsarik gabe eta sareak egoki baliatuz, gazte eta euskal zaleen makina bat argazki zabaldu zuten ziberespazioan, gure Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Egun haietan ere jakin genuen miresmena piztu duen kromoen bilduma sortu zutela, eta handik hilabetera deia zabaldu zuten Behobiara joan eta bertan giza katea osatzeko. Hura izan zen aspaldi ikusten ez zen ofizialtasunaren aldeko bilgune dinamikoa, familia abertzale desberdinetako goi mailako ordezkariak elkarrekin batu zituena. Aurrekoa gutxi balitz bezala, finalaren egunerako euskal gazteriaren artean zatiketa horren agerikoa den unean, gazte antolakunde desberdinetako kideak elkartu zituzten Euskal Selekzioen ofizialtasunaren aldeko lelopean, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Baionan.
Azken mobilizazioek, hala ere, gogoetarako tartea ere utzi digute. Bilbon bizi izan ziren tentsio uneek erakutsi ziguten oraindik ere badirela giroa nahastu nahi dutenak. Probokazioak izan ziren, eta zenbaitek erantzun egin zieten. Baina ez genuke horretan bakarrik geratu behar. Ez dugu inor epaitu nahi, ezta inor seinalatu ere. Kontrakoa egin nahi dugu: duela hamahiru urte geure buruari egin genion galdera bera berriro mahai gainean jarri, eta denok hausnartzera gonbidatu. Merezi du geure buruari galdetzeak: egiten dugun guztiak benetan laguntzen ote dio lortu nahi dugun helburuari?
Oso herri txikia izanik, geure arerioen gaitasun eta indarraz jabetu behar dugu. Horregatik, batuta baldin bagaude baino ezingo diogu egoerari aurre egin. Ofizialtasunaren aldeko dinamika traineru batekin irudikatu dugu askotan, eta, oraingoan ere, arraun guztiak batera mugitu behar ditugu, patroiak diren Euskal Federazioen esanetara; are gehiago, federazioetako hainbat ofizialtasunaren portura iristeko neurriak hartzen hasi diren honetan.