Esan ohi da norbaitek ziria behin sartzen badizu, haren errua dela; baina pertsona horrek behin baino gehiagotan gauza bera egiten badizu, errua ez dela berea, zurea baizik, inozoa izateagatik.
Duela urte batzuk hasi ziren EAEko epaile espainiarrak euskararen aurkako epaiak kaleratzen. Hamaika badira harrezkero epaile horiek eman dituzten ebazpenak, langile publikoei euskararen ezagutza exijitzearen aurkakoak. Epaile horien hizkuntza-ideologian sartu gabe (susmatu arren oso euskaltzaleak ez direla), garbi dago epai horien atzean ideologia bat ez ezik, argudio juridikoak ere badaudela. Hots, epaileen ebazpenak ez direla legearen aurkakoak. Horrek esan nahi du EAEko legeriak (Euskararen Legeak eta Enplegu Publikoaren Legeak, zehazki) zirrikitu batzuk badituztela langile publikoei eska dakizkiekeen hizkuntza-eskakizunei dagokienez, eta zirrikitu horiek baliatzen dituztela epaileek beren euskararen aurkako epaiak emateko.
Inork galdetu al dio inoiz bere buruari, Kataluniako edo Galiziako epaileek, langile publikoen bertako hizkuntza-eskakizunei dagokienez, zergatik ez dituzten katalanaren edo galizieraren aurkako ebazpenak ematen? Agian Katalunian edo Galizian epaileak hemen baino jatorragoak direlako? Ez dugu uste. Katalunian eta Galizian langile guztiek bertako hizkuntzak ezagutu behar dituzte administrazio publikoan lan egiteko, eta epaileek ez dute hori kolokan jartzen. Arrazoia? Hemengo legearen aldean, hangoak oso argiak direlako: Galizian eta Katalunian legeak dio ezinbestekoa dela galiziera edo katalana ezagutzea administrazio publikoan lan egiteko. Epaileek ez dute inongo zirrikiturik legearen interpretazio maltzurra egiteko, hemen gertatzen den legez.
Urteetan ari gaitezke negarrez, epaile euskarofoboei errua botatzen, elkarretaratze eta manifestazioak antolatzen oldarraldi judizialaren aurka…, baina arazoaren muinari heldu gabe. Eta afera honen muina begi-bistakoa da: legea aldatu behar da, epaile euskarofoboak legezko heldulekurik gabe uzteko.
Euskararen Legearen eta Euskal Enplegu Publikoaren Legearen artikulu gutxi batzuk moldatzea nahikoa izango litzateke oldarraldi judiziala bukatzeko. Moldaketa horiek argi utzi beharko lukete, Katalunian edo Galizian bezala, euskararen ezagutza ezinbestekoa dela administrazio publikoan lan egiteko. Ez gara sartuko zehaztasun juridikoetan, hori ez dagokigulako (legelari onak, euskaltzaleak eta eskarmentu handikoak badaude horretarako). Eusko Legebiltzarrean gehiengo abertzale zabala dago legezko aldaketa hori aurrera eramateko. Borondate politikoa besterik ez da falta hemen. Hizkuntzaren balioan sinestea eta horretarako behar diren neurri zorrotzak ezartzea, besterik ez.
Zeren zain gaude? Noiz arte jarraituko dugu negarrez ezer egin gabe?
Gure iritziz, bada garaia epaileen jarrera ez ezik, hemengo hainbat eragile politikoren utzikeria ere salatzeko. Euskalgintza aktibatu behar da eta alderdi politikoak xaxatu, lehenbailehen egoera aldrebes honi bukaera emateko.
Epaileek behin ziria sartzen badizute, haien errua da. Baina behin eta berriz gauza bera egiten badute (hori eragozteko mekanismoak egonik), zu zara egoera horren erruduna, inozoa (edo txepela) izateagatik.