Idazlea

Oldarraldia eta harresia

Eneko Bidegain
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingalaterrara joan banendi bizitzera, norbaitek uste du lan publiko bat eskuratuko nukeela ingelesik jakin gabe? Lortuko nuke zerbitzu publikoetan lan egitea Alemanian, alemanik jakin gabe? Frantziara joanez gero, hartuko nindukete udal liburutegi batean, frantsesik ez baneki? Espainian izan ninteke zerga-etxeko langile, ez banintz gai espainolez mintzatzeko? Eta Euskal Herriko zati kontinentalean lan egin daiteke frantsesik hitz egin gabe? Eta zati penintsularrean, euskara ofiziala den lekuetan barne, aurkez ninteke lan publikoetarako lehiaketetara, espainieraren ezagutzaren ziurtagiririk gabe?

Galdera erretorikoak dira, bistan da. Eta denek badakigu erantzuna. Baina ez dugu zalantzan jartzen. Inork ez du salatzen espainiera eskatzea neurri arrazista dela Afrikatik datorren batentzat, adibidez. Ez du salatzen, eta ez du ikusten errealitate hori badenik ere. Ez zaio burura etortzen badagoela Euskal Herrira etorritako jende multzo bat lanpostu askotarako edo ia guztietarako sarbiderik ez duena, ez euskara ez jakiteagatik, baizik eta espainiera ez jakiteagatik!

Baina, kasu! Baztertzailea dena da euskara eskatzea! Hori da arrazakeria! Gaiztoak gu gara, oldarraldi judizialarengatik haserretzen garelako. Gaiztoa ez da hemen sortu, eskolatu eta euskara ofiziala den berrogei urte pasa hauetan euskara ikasteko indarrik egin ez duena, bide batez euskarari balioa kentzen diona eta horregatik hizkuntza eskakizunaren gaia minberatzearen erantzule handia dena.

Oldarraldi judizialarena borroka konkretu bezain sinbolikoa da. Auzitegietan errekurtsoak aurkezten dituztenak dira borroka abiatu zutenak. Euskararen kontrako borroka, euskararen ofizialtasunari gero eta muga gehiago jartzea helburu duen borroka, nahiz eta beste argudio batzuekin makillatu. Zeren eta norbaitek uste ote du senegaldar bati udal-lorategietan lan egiteko baimena ukatzen badiote espainiera ez jakiteagatik eta horren kontrako errekurtsoa aurkeztuko balu auzitegian, arrazoia emango lioketela?

Dudarik gabe, euskararen kontrako oldarraldia borroka guztiz politikoa da. Oldarraldi hori geldiaraztea ere bai. Etsigarria da euskara ia mende erdi honetan ofiziala den eremuan, garai bateko (ustezko) lorpenak zalantzan izatea eta berriz ere horien alde borrokatu behar izatea, beste zeregin anitz daukagun garaian. Baina harresi inportantea da. Harresi hori pitzatzen ari dira espainolistak (eta gisa biziki intrantsigentean diot espainolistarena: euskarari mugak jarri nahi dizkiona —eta espainierari ez— ezin da euskaltzaletzat jo; «ez naiz arrazista baina...» edo «ez naiz ez matxista, ez feminista» erratea bezala da «euskararen alde nago, baina ez da ongi lanerako eskatzea» erratea). Harresia zulatzen bada, itsas-ekaitzari traba egiten dion dikea erortzen da.

Dudarik gabe, euskararen kontrako oldarraldia borroka guztiz politikoa da. Oldarraldi hori geldiaraztea ere bai. Etsigarria da euskara ia mende erdi honetan ofiziala den eremuan, garai bateko (ustezko) lorpenak zalantzan izatea eta berriz ere horien alde borrokatu behar izatea, beste zeregin anitz daukagun garaian. Baina harresi inportantea da

Hain zuzen ere, zein da gisa honetan zabaltzen den mezua? Zein da haurrek jasotzen dutena? Hemen berdin-berdin eta lasai-lasai bizi daitekeela euskara jakin gabe. Haurrak ez dira ergelak: ederki ohartzen dira eskolako hizkuntza horri zein balio guti ematen zaion eskolatik kanpo. Hizkuntza-eskakizunen auzian amore ematen badugu, haur horiek are gutxiago sentituko dute ikasteko beharra. Ederki ohartzen dira, ordea, espainiera ikasi behar dutela. Eta horrek kate luze bat aktibatzen du: lehenik, euskaraz eta euskara irakasteko ardura duten irakasleen lana are gehiago zailtzea, nerabeen berezko arazoak kudeatzeaz aparte, irakasten duten horren prestigio faltak beren autoritatea, eta beraz motibazioa, bera zalantzan jartzen duelako.

Euskararen alde lan geldiezin honetan zeregin anitz dago, auzi honetaz gain. Laneko hizkuntza izatea ez da nahikoa, aisialdikoa, lagunartekoa eta gizartekoa ere izan behar baita, euskal (euskarazko) kultura ezagutarazi eta sustatu behar den modu berean. Baina serioski aritu nahi bada, irmoak izan behar dugu. Ez da hizkuntza-politikari buruzko adostasun politikorik posible marra gorri batzuk jarri gabe. Oldarraldiaren auzian, hizkuntza-eskakizunak murriztea (beste gai bat da hizkuntza ezagutza bermatu behar den tituluaren bidez, lan-elkarrizketa batean edo beste), justifikatzen duten alderdi politikoak ez daitezke aliatu fidagarri kontsidera euskararen aldeko balizko politika baterako. Haien arabera, euskaldunak gutxiengoak gara Euskal Herrian, eta ez da justua gutxiengo horren hizkuntzak hainbesteko boterea izatea. Hots, zinismo ariketa ikaragarria egiten dute. Hamarkadetako zapalkuntza gogor baten ondorioz gutxitutako hizkuntza baten eta hiztunen eskubideak mugatzea defendatzen dutenean, zapalkuntza horretaz baliatzen dira. Zapalkuntza hori betikotzen dute. Ez zaie burutik pasatzen erreparazio historikoa zor zaiola euskarari, eta baliabideak jarri behar direla horretarako. Ez; euskara beti izan dadila mugatua. Ez gaude frankismo garaian, beraz ezin gara kexatu. Ez gaituzte jotzen, zokoratzen bakarrik, eta horrekin konformatu behar dugu. Zer irudituko litzaiguke senarrak jotzen duen emazteari norbaitek honakoa gomendatuko balio: «Dibortziatu baino hobe duzue akordio batera heltzea, ez zaitzan gehiago jo... [baizik eta iraindu eta mespretxatu bakarrik] [...uzten baduzu beharbada hilko baitzaitu]»?

Horietako bat entzunen dudanean erraten ez dela normala senegaldarrari edo Lapurdiko euskaldunari espainiera eskatzea lanerako, haiek ere lanerako eskubidea dutelakoan, beharbada iritzia moldatuko nuke. Baina, oraintxe, auzia ez da hori. Auzia da espainiera nahi dutela euskararen gainetik; arras gainetik. Eta hori euskararen ofizialtasuna indargabetzea da. Oldarraldia justifikatzen dutenek eta horri garrantzia kentzen diotenek euskararen ofizialtasunari kalte egin nahi diote. Beraz, euskarari. Eta bakoitzak jakinen du noren konplize den, zer babesten ari den.

Ororen buru, Ingalaterran ingelesa jakin behar bada, Frantzian frantsesa, Espainian espainiera, zer behar dugu euskarak estatus bera izan dezan bere herrian?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.