Behe lainoa ez da altxa Arguineguineko moilan. Duela ordu batzuk aita santua ikusi duen portua mutu dago goizaldeko orduotan. Orain gutxiago entzuten dira itsasoaren bestaldetik datozen ontziak, egunak uretan eman dituzten pertsonen oihuak eta boligrafoak Polizia Nazionalaren txostenak betetzen. 2026ko ekainaren 12a da, eta ematen ez duen arren, jada guztiz aplikagarri dira Europako Migrazio eta Asilo Itunean jasotako arauak. Ezustean igaro dira hain luze ziruditen bi urteak, eta egikaritu da azken hamar urteotan etortzen ikusi dugun paradigma aldaketa.
Erraza izango litzateke Europar Batzordeak, Parlamentuak eta Kontseiluak jasotako argudioak ekartzea, aipatzea beharrezkoak direla 2015eko «errefuxiatuen krisiari» aurre egiteko arau berriak, migrazio fluxuak orain mistoak direla edo migratzaile ekonomikoen eta asilo eskatzaileen arteko sailkapena egitea funtsezkoa dela. Egunotan politikari bizkaitar eta, itxuraz, aurrerakoi batek esan duen legez, «denak ez dira sartzen». 2024ko maiatzean onartezina zen araudia beharrezko bihurtu da 2026an, eta mugak altxatzea, geografiatik harago eramatea eta migratzaileen eskubideak mugatzea zilegi da orain eskuinetik ezkerrera dauden alderdi politikoen artean.
Ezohiko erregularizazioa ixteko gutxi falta den honetan, eta espainiar estatuko legedia oraindik era egokian moldatu gabe, zuzenean aplikagarri izango dira Migrazio eta Asilo Ituneko erregelamendu eta zuzentarauak. Jada modu informalean egin diren administrazio praktikak guztiz legezko dira, eta migrazioen hiztegian erabat barneratu ditugu triajea, mugako asilo prozedura eta prozedura azeleratua, hirugarren herrialde segurua edota itzultzeko erabakia. Ziurtasunik gabeko araudiak zituzten CATEak (Atzerritarrak Artatzeko Aldi Baterako Zentroak) babestuta daude Europar Batasuneko legediarekin. Arean ere, funtsezkoak dira migratzaileak sailkatzeko, erabakitzeko nork «merezi» duen asilo prozedurara sartzea eta nork «merezi» duen bere edo hirugarren herrialde batera itzultzea. Orain oinarrizko giza eskubideak ez baitira eskatu eta zuzenean aitortzen, «merezimenduen» arabera baizik.
Mugaren paradigma arau eta ohitura bihurtu da EBrentzat: harresi altuagoak behar dira, azkarragoak, teknologikoagoak, mugaldetik irten eta edonon aplika daitezkeenak. Eta muga horiek jasango dituztenak, berriz, izango dira itsasotik, basamortutik, gatazketatik, euren nortasunagatik jazartzetik eta ingurumena narriatzen duten ekintzetatik ihesi datozenak.
Hala ere, arestian aipatutako behe lainoa ez da oraindik altxatu. Nahiz eta araudiaren zatirik handiena zuzenean aplikagarria izan, legeetan erabilitako hitzek eta kategoriek ziurgabetasun handia erakusten dute, ECREren ustean (Errefuxiatuei eta Erbesteratuei buruzko Europako Kontseilua). Gobernuz kanpoko erakundeak eta ikertzaileak bat datoz Ituneko neurriek sortzen duten ziurtasun faltan, bai eta Europar Batasuneko herrialdeen artean gerta daitezkeen desberdintasunetan ere. Joan den hilabetean argitaratu zen Itunaren azken inplementazio txostena, eta kasu gehienetan, dena «ia prest» zegoela adierazten zuen Batzordeak. Ia prest, baina «prest» hori zer den guztiz zehaztu gabe.
Ituna aplikatzearen ondorioak argi azaldu dituzte GKEek, eta akademiak etengabe teorizatu du migrazioa arautzeko sistema honen arrazakeria inplizituari buruz. Mugaren paradigma arau eta ohitura bihurtu da Europar Batasunarentzat: harresi altuagoak behar dira, azkarragoak, teknologikoagoak, mugaldetik irten eta edonon aplika daitezkeenak. Eta muga horiek jasango dituztenak berriz izango dira itsasotik, basamortutik, gatazketatik, euren nortasunagatik jazartzetik eta ingurumena narriatzen duten ekintzetatik ihesi datozenak.
Gizatasun falta legeztatu eta aplikatzen hasi den horretan, badirudi amaitzen ari den ezohiko erregularizazioa izango dela migratzaileek Europan jasoko duten azken duintasun tratua, hala dei badakioke arazo administratibo andana izan dituen prozedura horri. Giza eskubideak, pertsonen zaurgarritasuna eta elkartasuna titulartzat zituen Itun hori, lege babesik gabe azken orduan argitaratutako Barne Ministerioaren bi instrukziok arautuko dute datozen hilabeteetan Espainiar estatuan. Ongi etorri, migratzaileak, giza eskubideak nahieran moldatzen dituen zuzenbide estatuetara.