Yoga egiten dut.
Uf. Aitortuta hobekiago sentitzen naiz.
Zergatik lotsatzen nau? Badakidalako hippy amerikar burges talde batek modan ezarri zuela joan den mendean eta geroztik filosofia indiar hori bere oinarrietatik eraldatua izan dela produktu bat bilakatzeko.
Beraz, nolaz aktibitate hori kritikatzen baldin badut, praktikatzen ote dut? Antsietatea azkarki bizi duten pertsona askorentzat bezala, yoga entseatzea aholkatua izan zitzaidalako. Egia erran, hasiera batean ez nintzen batere konbentzitua, baina sentitu nuelarik norbait masakratzeko gai nintzela nire gaizki izatea ezin nuelako kontrolatu, arnasketa ariketa batzuk egiteko pagatzea alternatiba ona iruditu zitzaidan. Orduan, Interneten ikerketa batzuk egin ondotik, nire labanak zorrozten utzi nuen eta klase baterat iritsi nintzen. Irakasleak prestatutako oin usaineko tapizaren gainean zutituta, ariketak hasi nituen. Zakurra buru behera, arranoa, kobra eta beste animaliak deskubritu nituen. Saio bukaeran, onartu behar izan nuen nire barnean zerbait aldatu zela. Indarrak, luzaketek, kontzentrazioak, egonkortasunak... lasaitu ninduten. Gorputzean nituen tentsioak ez ziren desagertu baina berriro kalmatzeko gai nintzela sentitu nuen. Eguneroko arazoak arindu ziren. Azkenean emazte berri hori bilakatzeko parada atzeman ote nuen? Yogari esker pertsona orekatua, baikorra eta maitagarria bilakatuko ote nintzen? Hori ote da gure jendarteak behar duen iraultza eta sare sozialetako eragileek hasieratik arrazoi ote dute?
Orain, urte zenbait egiten ditu praktika hori nire egunerokotasunean sartu dela eta ez, ez naiz pertsona lasaia, positiboa edo maitagarria bilakatu. Beti insomnioak egiten ditut egunerokotasunari pentsatuz eta goizean umore txarrez esnatzen naiz. Baina nire gorputza malguagoa eta indartsuagoa bilakatu da. Kirol hori gustatzen zait lerrokatuagoa sentitzen naizelako eta nire zainak pasatzeko oso ongi funtzionatzen duelako. Nire ustez hori oinarrizkoa da: maite dugun aktibitate fisiko bat erregularki egitea gure makina martxan emateko.
Baina hasieran erran bezala, yoga ez da kirol bat bakarrik. Filosofia bat da eta bere jatorriek ez dute gauza handirik ikusteko gaur saldua zaigunarekin. Aktibitate honi pentsatzen dugularik, bizi molde bati pentsatzen dugu: blondak eta zuriak diren neska finak, goizero haien esker onak birziklatutako kaier batean idazten dituztenak, matcha bat edanez, buru gainean figura batzuk egin aitzin. Arazoa da meditazioaren bidez, bizimolde eta espiritualtasun mota baten transakzioa inposatzen digute. Arnasa behar bezala hartzeko eta txakurra hiru pataka zuzenki egiteko, kostu bat pagatu behar da: tapizek, zukuek edota jantziek ehunka euroko balioa ukateaz gain, mindset moderno hori kapitalismoaren zerbitzurako da, bai, gure flow-a atzematea ez da moltsa guztietarako eskuragarri. Hots, ongi sentitu nahi baldin badugu, kontsumitu behar dugu eta gainera helburu hori kausitzea norberaren ardurakoa da.
Ondorioz, ez baldin bazara uros, erran nahi du ez duzula indar aski egiten. Begira ezazu, ongi izateko, behar dituzun tresnak denetan dira! Iraultza zure esku dago! Zergatik ez duzu liburu, barazki biologiko edo erretreta espiritualik erosten? Gaizki baldin bazara, zure falta da eta onartezina da! Gaurko jendarteak saltzen duen guztiarekin triste eta frustratua izatea problematikoa da! Problematikoa zara. Zergatik besteek erreusitzen dute eta zuk ez? Badirudi ez duzula borondaterik, humano txar eta ahula zarela susmatzen ahal da. Zinez, lotsagarria zara.
Diskurtso kulpabilizatzaile hori oihana ezkutatzen duen zuhaitza da. Zure lanak alienatzen baldin bazaitu eta egunero tripan korapilo batekin ohera joaten baldin bazara jakin gabe zure fakturak nola pagatuko dituzun, arnasketa ariketek ez dute arazoa konponduko. Olio esentzialek ez dituzte arrazakeria, palestinar genozidioa, masakre ekologikoa, matxismoa edo faxismoa gaindituko. Problema ez da indibiduala, ez da zure baitan kokatzen. Funtzionatzen ez duena ez zara zu, jendartearen antolakuntza da. Ongi izatearen merkatuak nahitara isolatzen zaitu ez kolektiboki gogoetatzeko eta zure xilkoa bakarrik begiratzeko. Gainera, erosten dituzun metodo mirakulu horiek ez dutenez funtzionatzen, zeure buruaren gorrotoa emendatuz doa eta paradoxikoki, zure kontsumoa ere. Zuk ere ongi sentitzea zer den ezagutu nahi duzu, gaizoa. Garapen pertsonalaren merkatuak gu errealitatetik deskonektatzeaz eta errudun sentiarazteaz gain, urte guztiz 77 miliar euro irabazten ditu. Kasualitatea? Ez dut uste.
Onartu beharko genuke politikariek eskaintzen diguten ingurugiroan ezin garela ongi sentitu. Nola eta zergatik uros izan gaizki dagoen planeta batean? Ez ote da hori kapitalismoak nahi duena? Gu lokartzea eta lobotomizatzea? Gure gaizki izatea ulertzeko eta besarkatzeko garaia etorri da. Behar bada, ito nahi ditugun sentimendu ilun horiek gure humanitatearen azken aztarnak direla eta plazaratu, partekatu, zartarazi behar ditugula. Gaizki sentitzea ez ote da iraultzaren oinarria?