ETAko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxebarria eta Espainiako FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela 50 urte bete dira aurten. Franco hil aurreko azken exekuzio ofizialak izan ziren. Urtemugaren harira, zalaparta handia piztu dute Gogorako zuzendaria den Alberto Alonsok egindako adierazpenek: «Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak dira, baina biktima gisa aitortzea eta omenaldiak egitea gauza ezberdinak dira»; «ezin dira erreferente izan gizartearentzat, indarkeria, beldurra eta terrorea erabili baitzuten»; «ez dira demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean sartu behar»; «biktimak dira, baina ez dira omendu behar». Gogoraren irizpide horiek tarteko etorri dira Zarauzko Udalak Santa Barbarako haitzartetik Txiki eta Otaegiren omenezko olana kendu izana eta bi gudari haiei buruzko erakusketarentzako lokalik ez uztea ere, gainditutzat jotzen genituen zentsura jarrera muturrekoenak aplikatuz.
Berriz ere, biktimen kategorizazioa nahi dute ezarri, alde bateko sufrimendua ukatuz. Batzuk, lehen mailako biktimak dira, eta dena da laudorioa eta oroitzapena. Haiek, sufrimenduaren esklusibotasuna dute eta, ekitaldi handiak egiteko babes osoa izateaz aparte, beti dute lekutxoa hedabideetan. Estatu terrorismoak hildako laurehun biktima inguru, berriz, bigarren, hirugarren edo laugarren mailakoak dira eta iraina eta ahanztura besterik ez dute jasotzen, eta gehienetan biktima izaera bera ere ukatzen zaie instituzioen aldetik. Beraz, alde bateko zauri eta min ugarien adierazpenak, nonahi, behin eta berriro entzutera derrigortzen gaituzten bitartean, guri debekatu egiten zaizkigu gure kontakizunak, gure orbainak, gure historia, gure jendearen mina eta zorigaitza erakustea.
Txiki eta Otaegiren kasuan, Eusko Jaurlaritzak, 2012an, «giza eskubideen urraketen biktima» bezala onartu zituen ofizialki, nahiz eta oraindik aitortza txikienik ere jaso gabe dauden beste biktima asko eta asko. Izan ere, errepresio datuak handiak dira Euskal Herrian, eta ahaztu nahi diren biktimenak beste hainbeste, 10.000 preso, 40.000 atxilotu eta 5.000 torturatutik gora zenbatzen baitira. Esan gabe doa, Euskal Herria errepresioaren erakusleihoa izan dela betidanik eta, zoritxarrez, hemen asko dakigu torturari eta kartzelari buruz. Hain zaila al da hori guztia ere bidegabea izan zela esatea? Dirudienez, oraindik ere, batzuentzat eskubide batzuk beste batzuk baino eskubideago dira eta haiek dute sufrimenduaren esklusibotasuna.
Hemen, estatuak bereganatu du, betidanik, zilegi den indarkeriaren monopolioa. Bertan mugitu dira inpunitatearen babesean izugarrikeria handienak egin dituztenak; inoiz zigorrik izan ez duten gaizkileak, alegia. Haienak dira inork erreibindikatu ez dituen heriotzak, izenik gabeko balak, zigorrik gabeko errudunak, erantzulerik eta konplizerik gabe gertatzen diren hilketak. Zigorgabetasun hori ez da frankismoaren biktimetara mugatzen, askoz gehiago baitira estatuko aparatuek egindako giza eskubideen urraketen biktimak eta, horien aurrean, beste alde batera begiratu izan dute beti kontakizun ofizialek: Gasteizko martxoaren 3tik Iruñeko uztailaren 8ra, Intxaurrondotik Cumbre jauregira, Pasaiako segadatik Irunberriko arroilara, Santi Brouardetik Josu Muguruzara, Joseba Arregitik Joxean Lasa eta Joxi Zabalara, Puerto de Santa Mariatik Herrera De la Mancha espetxera...; zerrenda hain da eskandaluzkoa. Bertolt Brechtek ondo zioen injustiziak izen eta helbideak dituela, norbaitek behar duela honen edo bestearen arduradun izan eta injustizia ez dela anonimoa esatean.
Hori horrela, non arraio egon dira indarkeria datorren tokitik datorrela gaitzesten duten instituzioak eta bertan agintzen duten alderdiak, urratutako eskubideak euskal militanteenak edo herritar arruntenak izan direnean? Nork diseinatu, bultzatu eta babestu zuen euskal presoen sakabanaketa? Nola uler daiteke euskal presoen argazkirik jarri ezin denean edo haiei ongi etorririk egin ezin zaien bitartean, tortura hilgarrietan parte zuzena hartutako polizia edo guardia zibilak kargu handienetan ipintzea kondekorazio guztiekin? Bai, presoen sakabanaketa politika, EAJ eta PSOEren lorpena izan zen eta, presoen kondenak, haien familien kondenak bihurtu dira harrezkero. Bada beste paradoxa bat ere: torturatutako milaka pertsona daudela onartzen den bitartean, kontu horregatik auzipetutako polizia bakar bat ez egotea, kasu horiek ez baitira ikertzen, eta are gutxiago torturatzaileak eta egitura horien agindupean egon diren arduradun politikoak epaitzen. Halaber, oso bitxia da, gobernatzen duten alderdiek giza eskubideei buruz hitz egitea presoen ongi etorrietan, alderdi horiek preso horien eskubideen urraketen aurrean axolagabekeria eta mespretxua besterik erakutsi ez dutenean haiek preso egon diren urte eta urteetan. Indarkeriaren inguruko hipokrisiak muga guztiak gainditu ditu eta, mesedez, utzi biktimismoa behingoz eta ahalegindu inor atzean utziko ez duen memoria bat lantzen, beste aldekoek ere hamarkada asko baitaramatzate sufritzen.
Bada korapiloa askatzeko ordua, betidanik alde batera utzi edo ukatu izan dituzten biktimak gogoratzeko garaia, beste biktimak inolaz ere gutxietsi gabe, guztiek baitute biktima moduan agertzeko eskubidea. Beraz, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik 50 urte bete direnean, ez eskatu herri hau altxarazi eta itxaropena ekartzearekin batera konpromiso militantearen erreferentzia izan zen belaunaldi haren oroimena ahanztea. Guk sekula inoiz ez dugu nahi izan inork uko egin diezaion iraganari buruzko ikuspegiari, kontakizunari, gertatua ulertzeko moduari... baina ez diogu inori utziko guk geureari uko eginarazten.
Txikik, Otaegik eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek dute aitortza instituzionalaren merezimendua, are gehiago zeregin horretan hil baziren. Gure aldetik, aitorpenarekin batera, babesa agertzea eta beroa ematea besterik ez zaigu geratzen. Alferrik ari dira, ezingo baitute gure hildakoak maitatzea debekatu.
Une gogorrek maitasun bereziak sortzen dituzte, eta gure hiztegian urte askotan zehar atsekabea, etsipena, mina, nahigabea, itxaropenik eza eta antzeko hitzek leku handia hartu badute ere, oraindik itxaropena, elkartasuna, duintasuna, maitasuna... hitzak dira nagusi.