Ordua da ideiak aurrez aurre jartzeko, ez pertsonak

Alberto Cereijo
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Joan den urriaren 20an, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna igaro eta handik hiru egunera, Maroto alkateak iragarri zuen beragatik balitz ezabatu egingo lituzkeela bere Udaleko garapenerako lankidetza politikak 2015ean. Argi utzi zuen horrenbestez zenbat kezka eta (denbora) eskaintzen dion pobreziaren aurkako borrokari.

Gasteizko hiritarrei ezagun egiten zaie kantu honen musika. Maroto Udalera iritsi zenetik, bere hasierako proposamena urtero izan da partida horiek suntsitzea, baina oposizioak eginiko presioari esker ezin izan du beti bere nahia lortu.

Kontu zaharra denez, oraingoan ez dizuegu hitz egingo nazioarteko lankidetza politikek duten garrantziaz, ez dizuegu gogoraraziko horiek bermatzen dituztela herrialde pobretuetako pertsona askoren giza eskubideak, esaterako, eskolaratzeko eskubidea, osasun arretarako eta ur edangarria edukitzeko eskubidea… Ez dizuegu gogora ekarriko Gasteizkoa izan zela Estatuko lehenengoetako udala alderdi politikoen adostasunari esker 1988an bere aurrekontuaren %0,7 nazioarteko lankidetzara bideratu zuena eta lehenengoa baita ere konpromiso historiko hori gainditu zuena hainbat urtez (Estatuko eta nazioarteko aitorpena lortu zuelarik). Ez dizuegu berriro esango Marotok hauteskundeak legitimotasunez irabazteko aurkeztu zuen hauteskunde programan lankidetza politikak babesteko konpromisoa agertu zuela, eta halere, alkatetzan dagoenetik ez duela konpromiso hori betetzen, kontrara sistematikoki alboratzen eta mespretxatzen duela. Nola ba! Ez dugu inola ere mahai gainean jarri nahi ez daukala legitimotasunik legealdi bakar batean suntsitzeko hiritarrek eta klase politikoak hamarkada luzez garapenerako lankidetzan eraiki dutena, bai herrialde pobretuetan eta bai gure ingurunean, gizartea kontzientziatuz, sentsibilizatuz eta ulertaraziz Gasteiztik ere lagundu dezakegula pobreziaren aurkako borrokan…

Oraingoan salatu nahi duguna da alkateak arduragabeki, ausartegi eta faltsuki jokatu duela berriro, aurrez aurre jarri dituela «hemengo» eta «hango» pertsona kalteberak eta saihestu egin dituela hauteskundeetan alkatetzaraino eraman zuten hiritarrekin hartutako konpromisoak. Berriro entzun dugu bere hitzetan «lehenbizi etxekoen aldeko ahalegina egin behar dugula». Baina inork uste al du lankidetzako politikan «gastatuko» ez den dirua gure hiriko politika sozialetara bideratuko dela hiritarrek sortu ez duten krisiaren ondorioak arintzeko eta beren bizitzak hobetzeko? Gobernu honen gastu lehentasunei begiratzea besterik ez dago galdera horren erantzuna aurkitzeko.

Badakigu krisiak, bere ondorioek, sektore garrantzitsuetako murrizketek… giza eskubideak urratu dituztela gure ingurunean (osasun arretako eta hezkuntza arloko zailtasunak, laneko eskubideen murrizketa, emakume eta gizonen arteko desberdintasun handiagoak…). Halere, giza eskubideak berdin aitortu eta bermatu behar dira pertsona guztientzat, edozein dela ere beren egoera, sexua edo jatorria. Bestela, ez dira eskubideak. Pertsona batzuk besteen gainetik lehenesten badira, giza eskubideen funtsa ukatzen da (ez ahaztu unibertsalak direla) eta, beraz, haien izatea ere bai. Eta horrek aurreikusi ezinezko ondorioak izango ditu guztiontzat. Ikusi dugu, baita gure inguruan ere, gutxi batzuek kontzentratzen dutela aberastasuna, gainerakoen bizi baldintzek okerrera egiten duten bitartean.

Funtsean, ezin dugu epelkeriaz jokatu gainerakoen saminaren aurren. Ezin diogu ez ikusi egin ehunka gasteiztarrek egunero sufritzen duten saminari, baina ezta Green Capitaletik kanpo, milaka kilometrora, daudenek gosete, malnutrizio eta abarrengatik jasaten duten oinazeari ere. Nola eskatuko dugu gure eskubideak bete daitezela beste batzuei eskubide horiek ukatzen badizkiegu?

Gure ustez, garai hauetan ideiak jarri behar dira aurrez aurre, eta ez pertsonak. Udaleko oposizioaren indarrari eutsi behar diogu ezinbestean. Dei egiten diegu oposizioko alderdi politikoei ez daitezen joko horretan sartu eta arduraz joka dezaten aurrekontuen negoziazioan; ez diezaiotela jarraitu alkatearen musikari honek ez diezaion azken labankada eman gure hiriko garapenerako lankidetzari, behin betiko desagertuko litzateke eta. Eskatzen diegu sar ditzatela lankidetza politikak politika sozialen barruan, beharrezkoak baitira kohesio soziala, aukera berdintasuna, ongizatea eta gizartearen eta bertan bizi garenon duintasuna bermatzeko. Oposizioa ere Gasteizko gizartearen isla den heinean, ez dezala alkateak arrastaka eraman bere bidera.

Bien bitartean, herrialde pobretuetan garapena sustatzeko lanean ari garen GKEok eta gure oinarri soziala osatzen duten ehunka lagunek urtero aldarrikatu eta exijituko dugu aurrekontu justu, solidario, sozial eta parte-hartzailea onartu dadila, pertsonak izan daitezen benetako ardatza. Hori da gure kezka eta (gure zeregina).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.