Kazetaria

Ordulariaren gibeletik lasterka, galbidera goaz

Xarlot Etxeberri
2026ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabete hauetan ez dut maite sare sozialak kurritzea. Haien algoritmoa ontsa landua denez, lasterka egiten hasi naizenetik, nire feed delakoa atleten argazkiz, bideoz eta performantziaz bete da. Eta hain itoa naiz eduki erakargarri horretan, non errazki sinetsarazten ahalko lidakeen ni bezalako igandeko lasterkariak direla jende horiek, ber motibazioarekin, ber gaitasunekin, ber helburuekin. Baina ez ber kronometroarekin. Ni ote naiz arazoa?

Ez naiz bustitzen erranez lasterketa modan dela azken urte hauetan. Aski da maratoi edo mendi lasterketa baten abiatzea so egitea: milaka eta milaka dira txapelketetan parte hartzen duten lasterkariak. Eta lasterketaren tsunami honetan, trumilka dira distantzia eta performantzia espantagarriak erdiesten dituztenak ere.

Norberaren performantzia partekatzea sare sozialetan lasterkari gisa kontsideratua izateko zapatak janztea bezain beharrezkoa iduri du. Zenbat kirolari gurutzatzen dugu oraindik ordulari konektaturik gabe? Anitzi ezinbestekoa bilakatu zaio osagarri ttipia, eta aitortu behar dut eginahala laguntzeko izugarri praktikoa izaten ahal dela. Alabaina, usu, kronoak eta distantziak besteei erakusteko baizik ez da erabiltzen. Aplikazioa behin deskargatuta, elkarri konparatzeko makineriak eramaten zaituzte.

Ni baino fiteago. Ni baino luzeago. Ni baino errazkiago. Konparaketak etengabeko pentsamendu intrusiboak bilakatzen dira, eta egun guziz maratoi bat hiru orenez lortzen duenak leku osoa hartzen du. Baina egia faltsu bat porroska dezadan, behingotz eta betiko mundu osoari on egiteko: ez da norma. Strava-ri so egitearen bortxaz, fite lasterka egitea norma bilakatu dela badirudi. Gizarte fenomeno hori bazter uzteko tenorea da, hobendun sentitzeari uztekoa.

Sare sozialek eta gizartearen lehia joerak bultzaturik, kronometroak banalizatu ditugu eta performantziak normalizatu. Beti gehiago, beti fiteago, beti luzeago eta beti desnibel gehiago hauteman behar dituzte.

Gaur egun, ez badugu goiz guziz 10 kilometro lasterka egiten, 42 kilometro urtean behin, eta 100 kilometro bizian behin, iduri du ez dugula legitimitaterik lasterkari izateko. Alta, egia berriz finkatuko dugu: munduko biztanleen %15ek baizik ez du korrika egiten, eta %0,03 erdi-maratoi bat burutuko du bere bizian. Abiadurari dagokionez ere zer deseraiki badugu. Bost kilometro egiteko batez besteko denbora 37 minutukoa da, ez eta sare sozialek erakusten duten 18 minutukoa. Hamar kilometro 40 minutuz egitearen presioa ere sare sozialen sorkuntza bat da. Lortzen baduzue, jakin munduko lasterkarien %1 hoberenen artean zaretela. Aupa.

Sare sozialek eta gizartearen lehia joerak bultzaturik, kronometroak banalizatu ditugu eta performantziak normalizatu. Beti gehiago, beti fiteago, beti luzeago eta beti desnibel gehiago hauteman behar dituzte

Hiru kilometro lasterka egitea lasterka egitea da. Berez, oroitaraz dezagun gure zangoak ez direla eginak gure gorputz osoa 100 kilometroz garraiatzeko. Zer erranik ez, lehen gizakiek ihiztatzeko baizik ez zuten korrika egiten. Berri ona: gaur egun merkatura joaten ahal gara elikatzeko. Ondorioak gorputzaren gainean ere ikusten dira. Zenbat trenputxartze, min, juntura edo muskulu arazorik ehunka kilometro egin ondotik?

Autoestimua eta gorputza kaltetzeaz gain, azpimarratzekoa nahasmendu anitz eragiten ahal dituela performantzia horien normalizazioak. Anorexia, bulimia edo antsietatea bultatzen ditu moda horrek. Lasterkari ona izateko mehe-mehea izan behar dela sinetsarazi nahi digute, jangai bakoitza pisatu behar dela, baita bizimodu perfektu bat ukan behar dela ere.

Bistan dena gizaki-zentrismoa bazter utzirik, lasterketa eta mendi lasterketaren ondorio txarren herexek natura ere markaturik uzten dute. Mendi lasterketaren superpopularitateak eta kostu ekologikoak funtsezko galderak sortzen dituzte bere iraunkortasunari dagokionez. Hondarkinen gaitzaz gain, ekosistema hauskorrak trabeskatzeak kezkak pizten ditu. Egun batean, milaka lasterkarik mendi bat trabeskatzen dutelarik, nola ez kontuan hartu fauna eta florarentzat sortzen diren kalteak? Izan harrabotsa, higadura, uraren kutsadura, edota orokorki ekosistemen desorekatzea...

Urrunago so eginez ere, nola ez aipatu moda honetan —anitzetan bezala— nagusitzen den gehiegizko kontsumoa. Materiala, zapatak, jantziak, begi lagunak... Dena geroz eta gehiago erosteko egina da, beti karioago, eta geroz eta kontzientzia guttiagorekin. Berriz ere, kontsumo gizartearen garaipen bat. Aski harrigarria dena, maiz, mendi lasterketa naturari lotua sentitzeko egiten delarik.

Azken finean, kirol guziak bezala lasterketaren demokratizazioa gauza sanoa baldin bada ere, ez gaitezen muturren zepoan erori. Estatus pribilegiatutik so gara kirolari. Eta performantziaren presioa pribilegiatu batzuen azaleko arrangurak (edo arrangura arinak) gelditzen dira. Gure jaiolekuak, ahalek, eta kapitalek jasanarazten diguten luxua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA