Euskara irakaslea

Orexnik bat Euskal Herriko zeruan

2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orexnik ez da Florentino Perezek fitxatu berri duen jokalari eslaviar baten izena, ezta petrolioa salduta aberastu den oligarka errusiar batena ere. Orexnik Ukrainako Gerrak boladan jarri dituen armarik sofistikatuenetako bat da: misil hipersoniko bat, soinuaren abiadura halako hamar harturik hamabost minutuan Errusiatik Euskal Herrira irits daitekeena.

Bistan da, Putinen armadak Ukrainako muga zeharkatu zuenetik —laster lau urte beteko dira—, Europako hedabide eta ordezkari politiko nagusiak han-hemenka ibili direla errusiarren balizko mehatxua hauspotzen. Ursula von der Leyenen beraren esanetan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez dugu oraino hain egoera arriskutsurik bizi izan. Halere, dirudienez, ez dugu zertan arduratu, eliteek argi baitute konponbidea: lurraldeak armaz gainezkatu eta gazteak soldaduska nahita egin dezaten kontzientziatu.

Ez da kasualitate hutsa Errusiaren inbasio arriskuaren harira eraikitako diskurtsoa. Izan ere, autoen salmentaren datuei erreparaturik, agerikoa da gero eta nekezago egiten zaiola kontinente zaharrari Txinarekin lehiatzea. Zein da, hortaz, Mercedes, BMV, Audi eta gainerako erraldoien alternatiba, sosak irabazten jarraituko badute? Armagintzan aritzea, alegia, gerra hegazkinak, tankeak eta abar ekoizten hastea, eta, jakina, politikariei eskatzea mehatxu militarra justifikatzen segi dezaten, egiari bizkarra emanda ere.

Estrategia horrek, alabaina, bi ondorio nabarmen dakartza berekin: lehenik, berretsi egiten du establishment-a interes ekonomikoen zerbitzura makurturik dagoela, eta, bigarrenik, argiki azaleratzen du alderdi politikoen sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa dela.

Euskal Herrian ere badugu mehatxu bat, eta ez da nolanahikoa. Euskararen aurkako oldarraldia inoizko bortitzena da, eta etsaiak sekula baino ahaldunduago eta nonahi ditugu: klase politikoan, botere judizialean, sindikatu espainiarretan eta abarretan. Haatik, euskal agintari politikoen erantzuna ezin epelagoa da, ezin sinestekoa.

Erasoaldiaren azken kapituluetako baten protagonista Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea bera dugu. Hain izan zen mediatikoa haren dialektika zikina, non euskaldun askok barru-barrutik pentsatu genuen merezita zuela neurriko erantzuna. Horretarako data seinalatua Alderdi Eguna izan zen. Bertan Imanol Pradales EAEko Lehendakariak aurre egin zion, zera esanez: «Ayuso, entzun, Euzkadi euskaldun!».

Alta, atzera begirakoa eginez gero aztertzeko Eusko Jaurlaritzak azken urteotan zer erabaki hartu dituen euskarari buruz, batek baino gehiagok pentsatuko du Imanolek, «gora Euzkadi!» sutsu batzuk lortzeaz gain, ez zuela haragoko helbururik espero; izan ere, euskararen inguruan zirt edo zart egin behar izan duenean, gehientsuenetan, alderdiaren interes estrategikoak gailendu zaizkie euskararenei.

Bestela, nork konpreni lezake Hezkuntza Lege berrian A, B eta D ereduak betikotzea, behin adituek azalduta ereduokin ezinezkoa dela ikasleak euskalduntzea? Edota nolatan ez da indargabetu Patxi Lopez lehendakaria zelarik onartutako Salbuespen Dekretua, zeinaren bidez B eta D ereduetan ari diren ikasle askori euskarazko agiria oparitzen baitzaie? Edota, kasu zehatzagoetara etorrita, zelan onar dakioke egungo Osasun sailburuari esatea euskarari dion konpromisoagatik saiatu egingo dela egunero euskarazko berba bat ikasten? Eta Kutxabankeko eta EITBko presidenteei entzutea euskara oztopo dela kontratazio estrategiarako?

Jokabide eta erabaki horiek guztiek nabarmenki higatu eta baldintzatzen dute euskararen egoera, eta argiki azaleratu bestelako kalkuluek agintzen dutela Ajuria Eneako politikan. Elektoralak, agian?

Orexnik gehiegi ari dira gure zerua aspalditik zeharkatzen, eta euskaldunok ez gara nahiko babesturik sentitzen. Euskararen oraina eta geroa jokoan daude. Bada garaia euskal agintariek gure hizkuntzaren interesak lehenets ditzaten!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.