Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Orro guztien gainetik

2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urak harrotuta datoz. Euskal Herrian bizi dugun giro politikoa eta Madrilen dagoena desberdinak dira oso. Iritziak, baina, ez dira uniformeak han eta hemen. Begiralekuak ikuspuntua aldatzen du.

Adibide soil bat. Apirilaren hondarrean aspaldiko lagun batekin izan nuen hitzordua Madrilen. Gran Cafe Gijon mitikoaren terrazan. Laguna —jatorri nafarrak dituen arren— jaiotzez kataluniarra da. Gaztaroa Bartzelonan eman zuen. Euskal Herrian ere urte dezente eman ditu —Gasteizen soilik 20 baino gehiago—, baina aspaldi honetan (2011z geroztik), estatuko hiriburuan bizi da. Antzerkiarekiko duen grinak eta loturak eraman zuten bertara. 75 urte ditu. Oraindik ere —duela berrogei urte bezala— bere zutabea argitaratzen du Euskal Herriko egunkari batean. Egunero, astelehenik igandera. Bihotzeko pare bat ebakuntza egin dizkioten arren, jarraitu du bere zutabea argitaratzen; salbu eta berarekin topo egin genuen egunean, itzalaldiaren biharamunean hain zuzen ere. Apirilaren 28an —komunikazio arazoak tarteko— ezin izan zuen bere zutabea igorri: «ez zait inoiz gertatu», aitortu zigun. Nahigabetuta zegoen. Topaketaren hasiera modura, hauxe bota zidan ohikoa duen ironia erabiliz: «zer moduz goi aldeko bainuetxe horretan?, zuek bai bizi zaretela lasai, ezta?» Eta neuk: «zuek baino lasaiago bai, behintzat». Lagunak Madrilgo giroa ez dela kanpotik dirudien bezain itogarria argitu zidan: «gauza bat da eztabaida politikoa eta beste bat jendarteko giroa. Nik egun osoa eman dezaket fatxa batekin gurutzatu gabe. Norberak bilatzen du bere giroa, bere mikroklima». Antzerkia da bere mundua. Bere bizitza. Antzerkia eta bere zutabea: «idatziko ez banu, burua lehertuko litzaidake», esan zidan agurtu baino lehen.

Zenbat buru... Perspektiban dago gakoa. Duela hiru bat aste, lagun arteko afari osteko solasaldian, —Euskal Herrian gauzak nola aldatu diren aipatzen ari ginela— mahaikide batek hauxe bota zigun mintzagai modura: «sarritan esaten diot neure buruari...»«Euskal Herria, ez zaitut ezagutzen». Ez zen soilik aldaketa demografikoez ari (naturaltasunez onartzen zuen hori), baizik eta eztabaida politikoan sumatzen den bainuetxeko giroaz. Mahaikidearen iruzkinak EH Bilduren diskurtso ofizial edulkoratuari kritika zorrotzak egiteko bidea zabaldu zion. Ondoko laguna ere —eskarmentu handiko sindikalista— animatu zen berea botatzera:«bai, kalea oso apal dago, apalegi». Jarraian etorri ziren Bilduk energia, hezkuntza edo osasun arloetan defenditzen dituen ildo ofizialei egindako kritika latzak.

Bestelako giroa da nagusi Ebroz bestaldean.

Madrilgo patioa

Begiralekuaren garrantzia. Jakina da Madrilen egosten denak eraginik duela Ebroren alde honetan. Egunotako hitz-jario bortitz eta zakarra da horren lekuko. Aznarrek —gangster aurpegiera beldurgarri horrekin— Pedro Sanchezi kartzelaren bidea seinalatzen dion bitartean, Feijook —bisaia geza horrekin— PPren diskurtso apokaliptikoari segida eman dio: «hautua garbi dago; Sanchez[kaosa] edo ni».

Eragina, baina, joan-etorrikoa da. Euskal Herriak ere eragina du Madrilgo agendan. Feijook berak garbi utzi du norekin duen hitz egiteko prestutasuna: guztiekin Bildurekin izan ezik. Euskal Herria —eta zeresanik ez Katalunia— berriro ere, diskurtso politikoaren ardatz. Baita Galizia ere. Nola interpretatu daiteke, bestela, Feijook berak egin duen azken apustua Miguel Angel Tellado, alderdiko idazkari nagusi bezala izendatzean? Garai bateko Galiziako ezker nazionalistako gogaide, ikasleen buruzagi, Radio Fene irratiko kazetari errebelde... orain PPren doberman berria. 2012an langabezian gelditu zen eta, hor nonbait, argia piztu zitzaion. Ferroleko PPtik deitu zioten hauteskunde kanpaina eramateko. Zientzia Politikoak eta Soziologian graduatua da. Komunikazio arduradun egin zuten. Hor hasi zen egun ezagutzen diogun ibilbide politikoa. Parlamentaria Galizian. Diputatua Madrilen. Bozeramaile supiztaile eta gezur-hedatzaile bikaina. Berarentzako hitza ez da jolas, arerioaren arima, bihotza eta gogoa sumintzeko tresna baizik. Beste Miguel Angel [Rodriguez] baten ikasle. Formula ezaguna da: mezu labur eta sinpleen bidez, polarizazioa eragin eta barrenak astindu... Gezurra dela? Nori axola zaio? Gezurra agerian gelditu orduko bere efektua egina baitago. Benetan garrantzia duena zer da? Helburua betetzea ezta? Bada horixe. Artillero dale fuego! Formula magiko hori nagusitzen ari da mundu osoan.

Gaur egungo komunikazio politikoan, bozeramaileek betetzen duten rola funtsezkoa da. Diskurtsoaren markoak aukeratu eta agenda politikoa mugatzen dute. Gai dira jendartea amildegiaren ertzera eramateko baita zerua ukitzen ari garela sinetsarazteko ere

Gaur egungo komunikazio politikoan, bozeramaileek betetzen duten rola funtsezkoa da. Diskurtsoaren markoak aukeratu eta agenda politikoa mugatzen dituzte. Gai dira jendartea amildegiaren ertzera eramateko baita zerua ukitzen ari garela sinetsarazteko ere. Ikuspuntu kritikoa eduki ezean, edozer gerta daiteke.

Espainiako eskuin eta eskuin muturraren estrategia argi dago: kaosa da gako-hitza. Kaosa dugu politikan —«ustelkeria! ustelkeria!»—; justizian —«independentzia judiziala!»—; garraioetan —«trenak desastre hutsa dira!»—; baita kaleetan ere —«segurtasunik eza da nagusi, Sanchezek bultzatutako ez legezko migrazioari esker»—. Beraz, kaosa nagusi bada eta Gobernuak zilegitasunik ez badauka, zer gelditzen da? «Egin ahal duenak egin dezala» (El que pueda hacer que haga). Aznar dixit.

Euskal Herrian dugun eredu diskurtsiboa, zorionez, desberdina da. Madrilgo zaratatik urrun dago. Ez da hain polarizatua. Sosegatuagoa da. Gure artean supiztaileak baino suhiltzaileak jarri dira modan. Seguru asko gure eredua aspergarriagoa da, baina, luzera begira, aberasgarriagoa eta eztabaida eraikitzeko aproposagoa.

Madrilgo orro guztien gainetik eta irain guztien azpitik, diskurtso eraikitzaileak behar ditugu, fronte zabalak landu, eragile desberdinekin konplizitateak ehundu, baina behar besteko irmotasuna —diskurtsoetan eta kaleetan— baztertu gabe. Han eta hemen autoritarismoa ate joka dugun honetan, gihar sozialak prest egon behar du. Koipetuta. Adi. Bestela, erauntsiak gu geu ere amildegira eraman gaitzake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.