Joan den uztailaren 6an, Iruñean sanferminak abiatzen ziren bitartean, Ortzadar elkarteak Gasteizko gizarte-etxeetan LGTBI+ Point puntuak aurkeztu zituen, Gobernu Irekiko zinegotzi Miren Fernández de Landarekin batera.
Gasteizen urteak daramatzagunok sexu eta genero aniztasunaren aldeko aktibismoan badakigu aurkezpen hura ez zela inolako berritasuna izan. Izan ere, 1995ean, ALA Arabako Lesbianen Asanbladak eta Gaytasunak, Jose Angel Cuerda alkatearekin elkarlanean, metakrilatozko plakak jarri zituzten udal-eraikinetan, baita hiriko hainbat saltoki eta gunetan ere. Plaka haietan honako mezua irakur zitekeen: «Lokal honetan ez dira jokabide homofoboak onartzen. Horregatik, lesbianei eta gayei askatasun osoz jokatzera gonbita egiten diegu». Euskarri haien kalitatea agerikoa da oraindik ere: batzuek zutik diraute hiriko betiko saltokietan, eta, batez ere, gure memoria kolektiboan.
Ia hogeita bost urte geroago, 2019an, Ikusgune Behatokiak ekimen hari berriro heldu zion. Lumagorrik, Udalaren babesarekin, bost hizkuntzatan egindako kartel baten bidez, Gasteizko herritarrei LGTBIQ+fobiaren aurrean informazioa, arreta eta esku-hartzea eskaintzen dien baliabidea ezagutarazi zien.
Agerikoa da Ortzadarrek Gasteizko LGTBIQ+ memoriarekiko oroimen lausoa duela; are gehiago, esan dezakegu memoriarekiko mespretxu etengabea erakutsi izan duela. Bilbon sortutako elkarteak, tokiko kolektiboek behin eta berriz baztertu zuten Pride baten inguruan eratua, ez du transbollomarika mugimenduaren genealogia aitortzeko joerarik. Eta ez da harritzekoa: iragan horrek ezinbestean gogoraraziko bailuke arbuiatzen duten hori, alegia, borroka.
Garaiotan badirudi batzuek uste dutela dena diru kontua dela; gure gorputzek eta desioek prezioa dutela, eta zisheteroarauaren aurkako borroka deserosoa egiten zaiela, batez ere diru-billeteen artean.
Komenigarria litzateke, tokiko kolektiboek egiten duten lana ezagutzeaz gain, gure ordezkari politikoek babesten dituzten elkarteen tokiko benetako inplikazioa ere ezagutzea
Testuinguru horretan, Ortzadarri Gasteizko LGTBIQ+ memoria ezagutzea eskatzea alferrikakoa da, katuari zaunka eskatzea bezalakoa. Baina herritarren ordezkariei dagokienez, exijentzia handiagoa izan beharko genuke. Hala, harriduraz ikusi genuen nola Beatriz Artolazabal alkateordeak, Eusko Jaurlaritzan urte luzez LGTBI politikak kudeatu ondoren, ez zekien LGTBI siglen esanahia. Eta ez gara gutxiago harritu Miren Fernández de Landa bera —aurreko legealdian Berdintasun zinegotzi ere izan zena— mende laurden batez udal-eraikinetako hormetan egon diren kartelak berrikuntza balira bezala aurkezten ikustean. Bere aurreko ardurak kontuan hartuta, gutxienez horren berri izan beharko lukeela esango genuke.
Era berean, deigarria da iragartzen dituzten prestakuntza-saioak, indarrean dagoen 2023-2030 Berdintasun Planaren lehen ardatzean jasota baitaude jada. Azken batean, Ortzadarrek ez du bolbora asmatu Gasteizen.
Hori bai, komenigarria litzateke, tokiko kolektiboek egiten duten lana ezagutzeaz gain, gure ordezkari politikoek babesten dituzten elkarteen tokiko benetako inplikazioa ere ezagutzea. Izan ere, Batzokian ardo gozoa partekatzea ez da nahikoa halako jarduera «berritzaile» baten merituak bereganatzeko.
Sabin Etxearen Gasteizko ordezkaritzak egiten duen paper lotsagarria ikusita —eta ohitu nahi ez dugun ikuspegia izanik—, hobe luke Ortzadarrek Pride gutxiago eta bere ordezkarientzat prestakuntza gehiago sustatzea, ezarri dituzten edo ezartzen ari diren politiketan zertxobait ikas dezaten.