EH Bildun Osakidetza, osasun sistema publikoa, Onkologian ere erreferente izatea nahi dugu. Bai diagnostikoan, bai tratamenduan, bai eta ikerkuntzan ere. Eta horretarako, ditugun baliabide guztiak baliatu behar ditugula argi dugu, eta, zalantzarik gabe, xede hori lortzeko Onkologikoa behar-beharrezkoa dugu.
Bitartekoak baditugu: diru publikoa zein azpiegiturak. Eta etorkizunari ateak irekitzen dizkion Onkologikoa baino azpiegitura hoberik —kokalekua, espazioak eta abar— nekez bilatuko dugu.
Onkologikoak berak ere aukera eman diezaguke epe ertain batera Nafarroako Osasunbidearen eta EAEko Osakidetzaren artean elkarlanean jarduteko, minbiziaren aurkako borrokan ahalik eta eraginkortasun handienarekin aritzeko.
Ez dugu uste gogoratu beharra dagoenik, baina ezin dugu ahantzi Onkologikoa, formalki pribatua den arren, jatorriz, izaeraz eta helburuz publikoa dela, Gipuzkoako erakunde nagusiek eta Kutxaren sortzaileek erein eta kudeatu baitute. Erakunde publikoek sortu zuten minbiziaren arretarako ospitale monografiko gisa, eta diru publikoa erabiltzen da nagusiki (%80-85) beronen jarduera finantzatzeko; 23 milioi euro urteko, alegia. Inbertsio publikoa da, bai, beharrezkoa ere, baina oraindik Onkologikoa Osakidetzatik at dago berez.
Baina pentsa egunen batean Onkologikoaren jabe den Kutxa Fundazioak, izaera pribatua duenak, erabakiko balu Osasun Sailarekiko hitzarmena bertan behera utzi nahi duela, Onkologikoa itxi edo beste zerbaitetan jardutea nahi duela. Urteetako lana zaborretara botatzea izango litzateke.
Edota, azken hilabeteotan ikusten ari garen bidetik, Onkologikoak zentro monografikoa izateari utziko balio. Egia esan, halaxe da dagoeneko, gainerako erietxe pribatuen molde berekoa bilakatzen ari baita, Jaurlaritzak diru publikoa erabiliz negozio pribatua bermatuz. Hala ohartarazi dute Onkologikoko langileek legebiltzarrean, eta hala erakutsi du Onkologikoak medio batzuetan argitaratutako hainbat erreportajetan. Osasun Sailaren eta Onkologikoko arduradun nagusien «ez egiak» agerian utzita, argi geratu da zentroaren izaera publikoari eta monografikoari eutsi nahi dioten langileek arrazoiak dituztela kezkatuta egoteko.
Zoritxarrez, Onkologikoa pribatizatzeko arriskua areagotzen ari da, eta arriskua errealitate bilakatzen ari da abiadura handiz, Jaurlaritzaren laguntzarekin. Iñigo Urkullu buru duen gobernuak uko egiten dio Onkologikoa Osakidetzan integratzeari, integrazio estrukturalari, alegia, baina etorkizuna bide horretatik dator ezinbestean, bilakaera normal batek hala eskatzen baitu, baldin eta egunerokoan Osasun Sailak agindutako «integrazio funtzionala» abian jarri eta aurrera eramaten bada: Donostia Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Zerbitzuaren eta Onkologikoaren arteko lankidetza bere osotasunean eta esparru guztietan gauzatuz eta eskura ditugun bitarteko guztiak baliatuz. Horren etekina orokorra litzateke, bai eta Donostia Ospitaleko beste sail batzuetan ere. Eta argi gera dadila: Onkologikoa sare publikoan integratzeak ez du esan nahi bertako langileak atzeko atetik sartu behar direnik osasun sistema publikoan.
Hala ere, Onkologikoan ikusten ari garen bilakaera kontuan hartuta, agianez da integraziorako aukerarik egongo, hango hainbat espazio okupatzen (pribatizatzen) hasi direlako bestelako diziplinak ezartzeko, horrela bere izaera monografikoa galdu arren. Bada, konturatzen garenerako berandu izan daiteke Onkologikoa Osakidetzan integratzeko. Hango espazioak pribatizatzea eta diru publikoa negozioa egiteko erabiltzea helburu duen okupazio horren aurka gaude, baina, tamalez, horretan dihardu une honetan Onkologikoa Fundazioa, sortu berri duen Logik markaren bidez.
Hori dela eta, gero eta argiago dago Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko ituna ez doala Onkologikoa Osakidetzaren egituran integratzeko norabidean. Izan ere, inbertsio publikoa erabilita, Kutxak, institutuaren jabeak, etekin pribatua besterik ez du bilatu eta, are okerrago, Jaurlaritzak hala izatea onartu du.
Osakidetza Onkologian erreferente bihurtzeko apustua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu