Aintzat mugimenduko kidea

Osasun langileok euskaraz

Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña
2025eko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erreaktiboki jokatzeari utzi, eta euskalgintzak aurrerapausoak emateko ordua iritsi da. Inertzia utzi, eta gure gaitasunen araberako neurriak hartu behar ditugu, ustez euskaltzale petoak direnen hautsa astindu eta mugitzen hasi.

Adibidez, Osakidetzako lankide batek publikoki ezbaian jarri zuen arreta espezializaturako formazioa euskaraz egitearen beharra. Haren aburuz, euskaldunek espainiarrek besteko gaitasuna erakutsi behar dute gaztelerazko azterketak egiteko, profesional onenak sortzearren eta mugikortasuna erraztearren, eleaniztasunaren aberasgarritasuna erakustearren. Kolonizazio politikoaz gain, mentala eta ideologikoa erakusten ditugu gehiegitan.

Hasteko, euskaldunok zergatik ez lehiatu Frantziako Estatuko ikasleekin? Edota txinatarrekin? Kubatarrekin? Gurera datozen euskararik gabeko langileen kopurua aztertuta, badirudi euskaraz ikasitakoak apropos kanporatu ditugula. Ez ote da nahikoa gure fakultateetan ikasitakoa beste herrialdeekin lehiatu behar izateko? Gainera, kasualitatez, erraztu beharreko mugikortasuna Espainiako Estatukoa da, espainieraz nahitaez. Ez dugu konturatu edo onartu nahi zenbaterainoko espainiartasuna eta klasismoa darion gure diskurtso ofizialari. Voxen eskutik greba egitea baino ez zaie falta zenbaiti.

Euskaraz ez den arreta orok ez du estandar kliniko onargarririk betetzen. Euskarazko arreta emango duten langileak nahi baditugu, formazio espezializatua euskaraz egin behar izatea litzateke arrazoizkoena, sarbide proba ere hizkuntza berean izanik. Sekulako astakeria intelektuala da azterketa bera espainieraz eginda kontrakoa espero izatea: ikasleak azterketa horren beldurrez espainieraz matrikulatuko dira, espainieraz ikasiko dute eta espainieraz egingo dute lan.

Euskal Herri osoko langileen arteko hautaketa prozesua sortu beharko genuke, bertako gaixoen beharrei egokitua, bertako baldintzei egokitua. Euskal Herriko eredu berria, ez espainieraz, ez frantsesez, euskaraz. Horra azterketa eta formazio honen estrategikotasuna eta euskarazko arretarako ezinbestekotasuna.

Gaixo euskaldunei kalitatezko osasun arreta eman behar badiegu, goazen euskaraz ematera. Ezin gara administrazio ezberdinek baimena emateko zain egon gure kargu dauden horien osasunaren kaltetan. Lehen hitzetik azkenera; idatziz, batez ere. Gure erregistroak euskaraz idatzi behar ditugu: historia klinikoa, bilakaera orriak, txostenak, probak, eta abar. Itzultzaile automatikoen faltsukerian kolaboratu eta erori gabe.

Aplikazio ezberdinak euskaraz konfiguratu, ikastaroak euskaraz eman eta jasotzea exijitu, euskaraz ikertu, euskaraz publikatu. Lanbide heziketan eta unibertsitateetan euskarazko klaseak eman eta jaso, eta ez daudenean, exijitu edo sortu. Euskara langileen arteko komunikazio hizkuntza bilakatu behar dugu: sesioetan, hitzaldietan, laborategian, ebakuntza geletan, solairuetan, kontsultan. Toki guztietan euskaraz, ahoz zein idatziz.

Langileek hizkuntza profila aterata sekula ez dutela erabiltzen kexatzen gara. Euskaldunok ere espainieraz eta frantsesez lan egiten badugu, gure hipokrisiak berak ematen die bide ohiturak ez aldatzeko. Ez dakitenek ikas dezaten eredugarritasuna eta beharra sortu behar ditugu. Lan hizkuntza ez den bitartean, inork ere ez gaitu aintzat hartuko, inork ere ez ditu paziente euskaldunak aintzat hartuko. Lan hizkuntza hegemoniko bihurtzeko, idatziz egiteko saltoa da falta zaiguna, gune ofizialak, aginte guneak euskalduntzea. Historia klinikoa da agintzen duena, pazientea izan behar da aginte gune.

Botere harremanak eta osasun sailen eta unibertsitateen inposizioak daude tarteko. Hala ere, gure esku dagoena egiten ez badugu, sekula ere ez gaituzte serio hartuko. Euskaldunen osasun arretaren kalitatea serioegia da diskurtso espainolisten atzean kikildurik eta ezkutaturik jarduteko. Goazen euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzera. Abian dira txapelketak osasungintzan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.