Osasungintza, apurka-apurka pribatizatzen

Jose Ignacio Martinez, Patxi Nicolau eta, Anton Altamiranoa
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Osakidetzak Urdulizko Ospitaleko sukalde, mihiseria eta garbitegi zerbitzuen lizitazioa argitaratu du eguberri garaiaren erdian, kanpo enpresek ustia dezaten. Prozesu hau ospitalearen irekierarekin hasi zen, garbiketa zerbitzuarekin.

Urrats berri honekin Darpon jaunak ez ditu bere akordio propioak betetzen; ez Funtzio Publikoko Mahai Orokorrarena ezta Osakidetzako lan-baldintzak arautzen dituen akordioarena ere. Akordio horietan externalizazio berririk ez egiteko eta egindakoak leheneratzeko erabakia hartu zen. Jarrera autoritario eta antidemokratikoa erakusten du beste behin ere gure kontseilariak. Zertarako balio dute Gobernuak sarritan aldarrikatzen dituen negoziazio mahaiek, ez badu gero errespetatzen bertan adosten dena?

Erabaki hori gizartearen eta langileen interesei kalte egingo dieten printzipioetan oinarritzen da; alde batetik, pribatizazioak beti dakarren gainkostua, eta, bestetik, prekaritatea eta kalitatearen galera.

Kontseilari jaunak argudiatzen du alor pribatutik ere aberastasuna eta lana sortzen dela. Argudio faltsua da. Lan sorreraren aldetik esan behar dugu ez direla lanpostu gehiago sortzen enpresa pribatua izateagatik; lanpostuak prekarioagoak izango direla baiezta daiteke, ordea. Beste aldetik, Darponek «aberastasunaren sorrera» aipatzen duenean, diru publikoa enpresa pribatura eramatea esan nahi du. Eta enpresa horiek ez dituzte soilik langileen soldatak kitatu behar, horri enpresaren «irabazia» gehitu behar zaio.

Beraz, zerbitzu horiek publikoak izanez gero, Osakidetzak enpresa pribatuak daroan «irabazia» aurreztuko luke. Hori bai litzateke aberastasuna metatzea; enpresa pribatuari ematea, aldiz, xahutzea. Nafarroan argi dakite aspaldi pribatizazioak gainkostua dakarrela. Nafarroako Kontuen Ganberak, diru publikoa fiskalizatzen duen erakundeak, esan zuen zerbitzu horien pribatizazioak 670.000 euroko gainkostua ekarri zuela. EAEn ere, oso gertu daukagu eskola jantokiekin gertatu zena.

Beste aldetik, Kontseilariak ez du kontuan hartzen pribatizazioak daukan eragin txarra kalitatearen galeran. Ez du egiten ez duelako pisuzko argudiorik. Ikusi besterik ez da egin behar Nafarroan izan ziren erabiltzaileen milaka salaketak sukaldeak pribatizatu zirenean.

Gogoratu behar da Osakidetzak, egun, 330 milioi euro baino gehiago behar dituela enpresa pribatuentzat eta Urdulizko Ospitaleko garbiketa zerbitzuak urtean 100.000 euroko gainkostua ekartzen duela.

Osakidetzak sukaldea, garbiketa, mihiseria eta mantentze-lanak diren oinarrizko zerbitzuen pribatizazioaren prozesuarekin aurrera jarraitzen du, langile ez-sanitarioek egiten duten lana garrantzitsua ez delako ideia okerrarekin. Ikerketa objektiboek adierazten dute zerbitzu hauen garrantzia tratamendu medikoen kalitate, hobekuntza eta eraginkortasunean, baita garbiketaren eragina ere osasun zentroen heriotza-tasan. Pisuzko argudio horiek argi uzten dute aipatutako lanok Osakidetzako langileok egin behar ditugula.

Arrazoi horiek direla eta, sindikalista eta langile garen neurrian, lehiaketa publiko hau bertan behera uzteko eskatzen diogu Osakidetzari, zerbitzu hauek alor publikotik kudea daitezen eta zerbitzuaren kalitatea eta lan-baldintza duinak mantendu daitezen.

Darpon berriz dabil gezurretan; horixe da auzi honen muinean dagoena. Urdulizko Ospitalean ez zela zerbitzurik pribatizatuko adierazi zuen, eta pribatizazioen bidea ireki da. Argi dago arazoa ez dela bilerekin konponduko, kontuan izanda Osakidetzak sinatutako akordioak ere ez dituela betetzen. Zer espero dezakegu IMQ (osasun pribatuko puntako enpresa) zuzendu duen Kontseilari honengandik? Faltan sumatzen baditu bere osasun pribatuko kudeatzaile garaiak, inork ez du behartzen Osakidetzan geratzera. Langileok eta erabiltzaileek txalotuko dugu bere erabakia.

Zentzugabekeria hori amaitzeko, mobilizazio zabal eta sendo batera deitzea ezinbesteko ikusten dugu; Osasun zerbitzu %100 publikoa defendatuko duen langile, sindikatu, erabiltzaile, mugimendu asoziatibo eta ezkerreko alderdiek babestutako mobilizazioa. Kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren defentsa guztion ardura delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.