Ikerketa askok frogatzen dute pantailen erabilera goiztiarrak ondorio larriak dituela haurrengan, adibidez haien garapen neurologikoan. Hiru urtera arte, pantailekiko esposizioak kalte fisikoa eragiten die. Anatomian ondorioak ditu, hau da, garunaren zati bat fisikoki atrofiatu egiten da eta ez da garatzen. Espainiako Pediatria Elkarteak gomendatzen du sei urte bete arte haurrek pantailarik ez erabiltzeko. Pantailak ez dira soilik smartphone-ak; tabletak, ordenagailuak eta telebistak ere badira pantailak.
Bi, hiru edo bost urteko haur bat telebista edo bideojoko baten aurrean jartzen dugunean, haren ikusmen eta entzumen arreta biziki estimulatzen dugu. Haien garunean distraktibilitatea inprimatzen ari gara, hau da, ikusmen eta entzumen estimulu mota guztietara azkar bideratzeko trebetasuna, eta garunak plastikotasun handiagoa duen aldian egiten dugu.
Pantailen erabilera goiztiarra hizkuntzaren garapenaren atzerapenarekin lotuta dago. Adin horietan pantailak erabiltzen dituztenek, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta zailtasun gehiago izaten dituzte hizkuntza garatzeko orduan, eta aukera gehiago dituzte logopeda baten beharra izateko. 18 hilabeteko haurtxoen kasuan, pantailen aurrean igarotzen duten ordu erdi bakoitzeko 2,5 aldiz biderkatzen da hizkuntza atzerapenen probabilitatea. 30 hilabetetik aurrera, arriskua proportzionalki handitzen da pantailekiko esposizio denboraren arabera. Arriskua laukoiztu egiten da 15 eta 48 hilabete bitarteko haurrak egunean pantailen aurrean bi ordu baino gehiago egoten badira, eta seikoiztu egiten da 12 hilabete baino gutxiago dituztela pantailak ikusten hasten direnean.
Pantailek eragin zuzena dute gure arreta iraunkorrean eta gure arretan ere. Besteak beste, ikus-entzunezko estimulu etengabeak izateak, sariak momentuan jasotzeak edo bideo laburrak etengabe ikusteak gure arreta iraunkorra murrizten du. Horren ondorioz, haurrak azkar igaroko dira jolas fisiko batetik bestera, eta kontzentrazio handiagoa eskatzen dieten gauzak egiteari utziko diote, hala nola irakurtzea edo mahai jolas batzuetan jolastea.
Bost urteko haurretan, egunean bi ordu baino gehiago eduki digitalak kontsumitzen dituztenek sei aldiz arrisku handiagoa dute arreta nahasmenak garatzeko 30 minutu kontsumitzen dituztenek baino. Baina ondorio horiek ez dituzte bakarrik 6 urte arteko haurrek pairatzen. 6 eta 12 urte bitarteko haurrek egunero telebistaren aurrean igarotzen duten ordu bakoitzeko, ia %50 handitzen da bigarren hezkuntzan arreta nahasmen nabarmenak izateko probabilitatea.
12 eta 20 urte bitarteko pertsonen artean, smartphonea dutenek ia hiru aldiz arrisku handiagoa dute arreta defizita izateko smartphonerik ez dutenek baino. Eta smartphonearekin egunero ordubete baino gehiago ematen dutenek arreta defizita izateko arrisku bikoitza dute smartphonearekin hogei minututik behera ematen dutenek baino.
Garuna erabat garatuta dugunok ere, 25 urtetik gorakook, arreta iraunkorrean eta kontzentrazioan ondorio negatiboak pairatzen ditugu. Sare sozialen eta pantailen gehiegizko erabilera dela eta, pertsona asko jada ez dira gai ordu eta erdiko film bat ikusteko, ezin dute arreta jarri hainbeste denbora jarraian, haientzat ahalegin handiegia da. Egiten badute, filma ikusten duten bitartean beste gauza batzuk egin behar dituzte, hala nola sare sozialak kontsultatu edo smartphonean edo tabletan jolastu. Oso zaila egiten zaie hainbeste denboraz jarduera bakar bati arreta jartzea. Pertsona askok gero eta gutxiago irakurtzen dute edo gauza sinpleagoak irakurtzen dituzte, inkontzienteki badakitelako ahalegin handia eskatzen dietela. Beste batzuek gero eta elkarrizketa laburragoak izaten dituzte lagun edo senideekin, eta telefonoz hitz egiten badute, hitz egiten duten bitartean beste zerbait egin behar dute.
Ikastetxe askotan arazoak dituzte bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleen arreta falta dela eta. Ez hori bakarrik, ikasle batzuk, telefonoa gertu ez badute, urduri jartzen dira, eta ezin dira kontzentratu. Eta telefonoa gertu dutenean, sare sozialei behin eta berriro begiratu behar diete.
Unibertsitateetan irakasle batzuk kexatzen ari dira iristen diren ikasleek ez dutelako gaitasunik unibertsitateko testuak irakurtzeko, ulertzeko eta barneratzeko.
Pantailen gehiegizko erabileraren ondorioetako bat da gizarte tontoagoa eta manipulagarriagoa bihurtzen ari garela. Orokorrean gero eta jende gutxiagok garatzen du bere adimena eta modu kritikoan pentsatzeko gaitasuna. Oinarrizko hausnarketak nola egin ez dakien gizarte inpultsibo bihurtzen ari gara.