Zenbatetan pentsatu dugu ea gazteen artean askok zergatik egiten duten haien artean gazteleraz eta ez euskaraz? Euskara mantendu eta hura hedatzea gustatuko litzaigukeen ia gehienon burutik inoiz pasatu den galdera da. Baina nork ote dauka galdera konplexu horrentzako erantzuna? Analisi konplexu eta luzea egin beharko litzateke erantzun posible batera hurbiltzeko. Halere, nire ustetan euskara gazteen artean hainbeste ez hedatzearen arrazoietako bati buruz arituko naiz: sare sozialak eta eduki digitalen sorkuntza.
Sare sozialen erabilera gazteen artean gero eta hedatuago dago, haien artean hiper-konektibitatea errealitate bihurtuz. EAEn, 2024ko Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoak erakusten du hamar gaztetik zazpik hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituela egunero. Hori gutxi ez eta, Nafarroan, 2024ko Nafarroako Gazteen Diagnostikoak dio gazteek lau ordu inguru igarotzen dituztela egunero pantailen aurrean. Bi datu hauei erreparatuz, oso argi geratzen da Euskal Herriko gazteenek ordu kopuru dezente igarotzen dutela hala pantailen aurrean nola sare sozialetan murgilduta. Honek argi uzten du euskarak Interneten lekua izan behar duela, eta ez hori bakarrik, baizik eta eduki digital oro euskaraz kontsumitzeko aukera egon behar dela. Euskarak gero eta toki gehiago dauka sareetan, baina oraindik egiteke dago lana, hainbat eduki digital bakarrik edo ia bakarrik gazteleraz kontsumi daitezkeelako. Zinemaren kasuan, adibidez, Eusko Jaurlaritzak dioen bezala, 2023an, euskarak %2,48ko presentzia izan zuen Hego Euskal Herriko zinema-areto komertzialetan. Hots, 2023an, 563 film estreinatu ziren, eta horietatik 14 bakarrik eman ziren jatorrizko bertsioan euskaraz (4) eta euskarara bikoiztuta edo azpitituluekin (10).
Azken hau alde batera utzita eta sare sozialetara itzuliz, UEMAk 2022an egindako ikerketan herri euskaldunetako gazteek sareetan ikusitako euskarazko edukiek ez zuten %10a ere gainditzen. Gainera, umeen artean hain hedatuak dauden bideojokoek normalean ez daukate aukerarik jokoak euskaraz jartzeko. Honek bideojokoen mundua ere ia esklusiboki gaztelerazkoa egiten du. Egoera honek guztiak diglosia digital bat sor dezake, euskararentzako arrisku zuzena izanik. Pantailak gazteen bizitzaren erdigunean daude, eta euskarak bertan lekua irabaztea uste baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa da.
Euskal eduki sortzaileak behar ditugu, euskaraz lan egiten dutenak. Halere, kontsumitzaileen presentzia ere bada gakoa. UEMAk 2022an aurkeztutako analisian azpimarratu zuen Go!azen telesailak, euskara hutsezko produkzioa izanik, arrakasta handia izan zuela gazteen artean. Horrek erakusten du kalitatezko eskaintza dagoenean kontsumitzaileak badaudela. Hizkuntzaren normalizazioaren parte nagusietako bat da eduki digitalak euskaraz sortzea eta kontsumitzea. Izan ere, gazteek gero eta denbora gehiago ematen dute pantailen aurrean, eta sarritan, kultur ekintza gutxi kontsumitzen dituzte egunerokotasunean; kontsumitzen duten kultura bakarra Internet bidez izanik. Gainera, kontsumitutako kultura hori gehienetan kultur hegemoniko baten parte izan ohi da (ez euskalduna) eta beste hizkuntza batean. Hau aukera bikaina litzateke euskal gazteak euskal kulturaz hornitzeko, baina, kalitatezko edukirik eta sortzailerik ia izan gabe, ezinezkoa dirudi.
Zehatzago esanda, ezin da euskararen egoera digitala gazteen erantzukizunera mugatu. Sare sozialen erabilera masiboa eta eduki digitalaren kontsumo ohiturak kontuan hartuta, instituzio publikoek eta komunikabide nagusiek funtsezko eginkizuna dute euskarazko edukiak sustatzen eta normalizatzen. Euskararen biziraupenerako ez da nahikoa herritarren borondatea, beharrezkoa da egitura sendo bat, hizkuntza-politika aktibo eta estrategiko batekin. Orain arteko hizkuntza-politikak irakaskuntzan eta administrazioan oinarritu dira gehien bat, euskara jakin eta erabiltzeko aukera xede izanik. Hala ere, gaur egungo gazteek euskara ikasteaz gain, euskaraz bizitzeko eta sareetan jarduteko aukerak behar dituzte. Horregatik, hizkuntza-politika berritu eta egokitu egin behar da XXI. mendeko errealitate digitalera. Eta ez hori bakarrik, euskara ikasteko aukera bera ere ez da bermatzen lurralde guztietan. Ipar Euskal Herrian, adibidez, hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko aukerak mugatuak dira oraindik, eta ikastolen sare pribatuak dira euskalduntze prozesuaren ardatz nagusia. Nafarroa erdialdean eta hegoaldean, berriz, euskara ez dago hezkuntza-sistema guztietan integratuta, eta praktikan, askotan, zonalde ez euskaldun gisa sailkatutako eremuetan umeek ez dute euskaraz ikasteko eskubiderik. Horrek esan nahi du herritar asko —bereziki gazteak— ez direla inoiz edo ia inoiz euskaraz harremantzen, eta, ondorioz, sare sozialetan edo bizitza digitalean ere ez dutela euskararik erabiltzen.
Horregatik da hain garrantzitsua Euskal Herri osoan hizkuntza-politika sendo eta bateratua izatea, non euskararen normalizazioa bilatuko den instituzioetan, gizartean zein hezkuntzan; eta are gehiago eremu digitalean eta sare sozialetan.