Mikel Insausti Muguruza.

Paradigma berria

2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Parisen bildu dira aste honetan munduko agintari ia guztiak aldaketa klimatikoari mugak jarriko dizkion akordio bat adostu eta izenpetzeko. Irakurleak informazio ugari jasoko du egunotan, negoziazioen gorabeheraz, finkatutako helburuez, herrialde aberatsen eta txiroen arteko ikuspegi ezberdinez. Azalean, betiko galderei erantzun beharko die nazioarteak: herrialde bakoitzak zenbatean murriztuko du negutegi efektua sortzen duten gasen isuria? Murrizketa horiek nahikoak izango al dira aldaketa klimatiko katastrofikoak ekiditeko? Nork jarriko du dirua herrialde txiroenek jada pairatzen dituzten efektu negatiboak arintzeko —Pazifikoko irla batzuen desagerpena, desertifikazioa Afrikan, uholde bortitzak Asiako kostaldeetan—?

Aurreko galderei erantzuten pasatuko dituzte datozen egunak mundu osotik etorritako negoziatzaileek. Ezin dugu ukatu konplexutasun handiko negoziazioak direla Parisen gertatzen ari diren hauek.

Baina funtsean, akordio juxtu eta sendo bat lortzeko dauden zailtasun ia guztien jatorria bakarra da: izaera guztiz globala duen arazo bati elkartasunez, premiaz eta ikuspegi bateratu batekin erantzuteko nazioek erakusten duten ezintasuna. Irudikatu ezazue zulatu eta hondoratzen ari den itsasontzi batetik ura ateratzen jardun beharrean, tripulazioak eztabaidan jardungo balu, bakoitzak zenbat ur balde atera behar dituen, edota zuloareneragilea zer edo nor izan den ezin adosturik.

Aurrera egiteko, elkartasuna eta gizatasuna oinarri duen paradigma berria behar dugu. Munduan dauden populazio eta ekosistema ahulenen babesa negoziazioen abiapuntu hartuko dituen paradigma da arrakasta bermatu dezakeen bakarra. Bestela, negoziazio hauetatik herrialde garaile eta galtzaileak atera daitezke, baina gizatalde eta planeta bezala, ziur galtzen aterako garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.