Partaidetzaz ari garela: prozesua

2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Erabiliaren erabiliaz, parte hartzea kontzeptu higatu gisa agertzen zaigu gaur egun. Bizi gaituen kapitalismo finantziario-ekonomikoaren krisiak, inoiz baino ageriago utzi ditu sistemaren gainontzeko gaitzak. Giza esperientziaren deserrotzea eman da. Ziurgabetasuna da nagusi, eta ziurgabetasun horiek sorturiko beldurrak baretzeko orain arte politikara jotzen bazen, jada bide horretaz ere ez gara guztiz fio. Izan ere, demokrazia errepresentatiboa ez dago bere onenean. Merkatuek gidatzen dituzte estatuetako politikak, eta politika transnazionalaren eremuak ez dira eremu bereziki demokratikoak. Gure inguru gertukoan —baina baita gurean bertan ere—, gobernu gehienak herritarrentzat gobernatzean oinarritu dira, herritarrekin beharrean.

Ondorioz, ez da harritzekoa herritarrak politika klasikotik aldentzea edo «suminduen» kopurua haztea. Desafekzio maila handiak bizi ditu politika klasikoak. Eta geratzen den botere politiko-instituzional apurrak laster batean ekin dio berriro ere parte hartzearen oihala astintzeari. Modan dago. Ez alferrik, sistema soziopolitikoak beharrezkoa du jendartearen gehiengoak nahikoa onartua izango den legitimizazio diskurtsoa bere egonkortasunerako. Horratx, maila handi batean bederen, parte hartze hitza higatu izanaren arrazoietariko bat.

Ez diot Euskal Herrian egoera sobera hobeagoan aurkitzen garenik, baina bai bestelakoan. Jendarte eredu oso baten errebisioa abian den honetan, ez gaude aldaketaren lasterketari ekiteko posizio txarrenean. Izango da egun oraino dugun taldetasunaren nozio trinkoagatik, edo eraikuntza komunitarioa presente dugulako. Finean, jendarte ehundura trinkoa izan daiteke gure egoera azaltzeko arrazoietariko bat.

Dena den, eta egoeraren larritasunaz jabeturik, ezin diogu geure erantzukizunari izkin egin. Gehiegi delegatzen jarraitzen dugu; gehiegizko sistema errepresentatiboa da gurea eta, horrek, hein handi batean, nolabaiteko «partitokrazia» batera eraman gaitu. Gauzak honela, eta besteak beste, nola eskatu kontuak hauteskundeetan hautatu duzun horri? Kultura politikoaren eraldaketa nahiz eraldaketa sozio-politikoa sustatzea ezinbestekoa da. Erakunde publikoetako arduradunengan eta herritarrengan orokorrean, orain arteko demokrazia kontzeptua zabaldu beharra dago. Eta ariketa horrek ezinbestekoa du ikuspegi desberdinen baturaz ikuspegi osoagoa bilatzea, demokrazia zuzena eta partaidetza-demokrazia uztartuz ordezko demokraziarekin.

Gatazkek definitzen dituzte gure jendarteak, eta parte hartzea da gatazka horietan hitz gakoa. Parte hartzeak eraldaketa sozialerako borondatea behar duela ulertzen dut. Areago eta gehiago, parte hartzea eraldatzailea da, edo ez da. Garrantzitsuena gatazka nola bizi dugun eta honen aurrean nola kokatzen garen da. Aldi berean, parte hartzea ikerketa sozialaren parte bezala ulertzearen garrantzia azpimarratu nahi dut.

Bi elementu hauen uztarketak, potentzialtasunak eskaini ditu talde nahiz komunitateen autoeraketan. Ondo egokitzen da behetik gora doan norabidean eraikitzen diren hausnarketa kolektibo nahiz prozesuetan.

Lehendabiziko pausuak, beraz, (auto)kontzientzia esplizitu egitea izan beharko luke. Errealitate sozial bat aldatzeko ezinbesteko urratsa baita berau ulertu eta aldeen funtzioak aztertu eta ikustea.

Eta honek lotura estua du prozesu hauek izan beharko luketen izaera formatzailearekin. Parte hartzaile guztiak elkar elikatzen dira, eta esperientzia, ezagutza zein jakintzaren trukeak parte-hartzaile guztiak aberasten ditu. Formazio izaera honen bitartez, autokontzientzian aurrera egitea bilatzen da, segidan kontzientziaren mobilizazioan urratsak emateko. Ekintzarako hausnarketak izan behar dute prozesuok, eta funtsezkoa da prozesu horretatik ondorioztatuko diren zereginak bereak egingo dituen subjektu kolektiboa eratzea. Ezin ahaztu baitugu, eraldaketa sozialak, egitura objektibo batzuk gainditze aldera, estrategia eraginkorrak gauzatzeko gai diren eragile subjektiboak bilatzen dituela.

Emaitzarik lortzen da? Bai, noski. Herritarren arteko bilgune bat sortzea bada berezko emaitza. Dena den, ezinezkoa da «partaidetza prozesua» kontzeptuaren barnean herritarren aktibazio kolektibo oro sartzea. Aktibazio sozialaren sustatzaile den subjektuak proposatzen dituen helburu eta ikuspegien araberakoa izango da emaitza-prozesu bat edo beste.

Administrazio publikoak bultzatzen edota zuzentzen dituen parte hartze prozesuez jarduterakoan, azken urteetan garatu den dinamikak hainbat ondorio biltzeko aukera eskaintzen digu: komunitate izaera sendotzeko ezinbestekoa da herritarrak protagonismoa eta subjektu funtzioa eskuratzea. Bestelakoan, erakundearen gonbitari erantzun eta parte hartzea mesede gisa ikusteko arriskua dago.

Bestetik, eskubide indibidualak kolokan ikusterakoan izan ohi dugu parte hartzeko joera gehien. Parte hartze erreaktiboaz ari naiz, eta, hauxe, gure sistema sozialaren balioen isla baino ez da.

Gune, hausnarketa eta ekintza eraikitzailea sortzea, beraz, ariketa konplexuagoa suertatzen da. Erantzukizun indibidual eta kolektiboaren uztarketaren unea izaten baita hau; une horretan hartzen baitu garrantzia subjektu kritiko eta eraldatzailearen eraikuntzak. Kexa eta eskaeratik haratago joateko ausardia beharrezkoa da partaidetzazko prozesu bat abiatzean, behar eta emozio horiei lekua eskaintzea ezinbestekoa dela jakinda ere.

Funtsean, partaidetza prozesuek izaera malgua behar dute. Bidea helburu. Prozesuon kontraesanik handiena, hain zuzen ere, prozesua beraren eta emaitzaren artean ematen da. Ez da prozesuek helbururik ez dutela, ezta gutxiago ere, baina ibilbideak ezin du aurrez idatzia egon. Irekita egon behar dute etengabe, bidean gerta daitezkeen gorabeherei zein parte hartzaileen beharrei egoerak eskatzen duen neurrian egokitu ahal izateko.

Gauza asko ditugu aldatzeko gure jendarteak kontraesan sakon eta konponezinetan lehertu ez daitezen. Eta aldakuntzarik beharrezkoenak parte hartzearekin du zerikusia. Baina parte hartzeak ezin du politika eta prozesu sozialen elementu apaingarri izaten jarraitu. Parte hartzea jadanik beharra da. Eta prozesua helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.