Osasunak bolada batez erretenean utzi nau eta, bidera itzultzean, ez zait iruditu munduko arazo handienek hobera egin dutenik, Trump ahoberoak azkar batean konponduko zituela iragarri zuen arren. Gure Europa ere beldurgarri. Ameriketako mamuari aurre egiteko ausardiarik ez, errainetan zorne fatxosoa haziz, betirako irabazita uste genituen aurrerapen asko auzitan… Hurbilago oraindik, bizi garen estatu honetako saltsa gero eta ustelagoa, buruzagiak ordezkatu nahi lituzketenak haiek baino kalamitosoagoak oraindik eta curriculum ezin zikinagoaren jabe. Justiziaren gobernua duten epaile eta fiskalak markesaren alaba bezain interesatuak. Eta zerbait ulertzen lagundu behar ziguten kazetarien arteko asko ere hura bezala enamoratuak gezurrarekin.
Zer egin kontuak hobetzeko? Hainbaten erantzun erraza: ezin dugu ezer egin, ez dugu horrenbesteko indarrik. Beste batzuek diagnostiko ilunagoa zabaltzen dute: denak (eurak ez beste, noski) berdinak dira, bakoitzak bere muturra zaintzen du, norberak bere sakelari begiratu eta kito. Guk ere berdintsu jokatu beharko. Oker dabiltza, ordea.
Erantzun egokia kontrakoa da: zuzentzeko hainbeste dagoenez eta munduak bide txukunxeagoan abiatzeko gure jardunaren beharra duenez, ekin diezaiogun ba. Ezinezkoa da lurrean zerua lortzea noski. Pertsonok badugu kristauok jatorrizko bekatua deitzen duguna, egoismorako joera, besteen gaineko botereaz gozatzeko tentazioa… Baina zerbait hobetu ahal da, bereziki horren hautua egiten denean. Igande honetako ebanjelioak gogorarazi digu: «Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: Bakea etxe honetakoei». Horri jarraitzen diotelako edo beste arrazoiengatik, jada lur zabalean berdintasunaren eta bakearen alde ari direnak milioika dira. Batzuk euren bizitza jokoan jartzen. Esaterako, Gazan giza laguntza zabaltzen edo liskar handitan dauden beste herrialde pobreetan osasun, hezkuntza, ekimen sozial eta ingeniaritza azpiegituretan hobetzeko ahaleginetan. Beste batzuk hemendik lan egiten duten erakundeekin kolaboratzen diruak ematen edo behar diren eginkizunetan jarduten. Eta hemengo arazoetan (auzoetakoak, etorkinen laguntza, sexu gehiegikeriak, emakumeen eta joera sexual desberdinen eskubideen alde, edozein aldetiko ahulen mesedetan…) buru-belarri dabiltzanak ere ugariak dira. Fatxodromoan jokatzen duten batzuek, aldiz, kristautasunaren izenean aritzen direla diote, buruan mitra eta beltzez jantzita ere bai. Beste Ebanjelioa irakurtzen dute nonbait.
Gehienok, zoritxarrez, ezer handirik gertatuko ez balitz bezala bizitzen jarraitu nahi dugu. Ari gara nozitzen, eta hemen gutxitxo oraindik, aldaketa klimatikoak eragiten dituen beroaldiak esaterako. Baina Euskadin pozik, Turismo tasa kobratzen hastekoak direlako. Ziur aski gure artean turismoa promozionatzeko eta hark ekarritako kalteengatik gastatu dena orekatzeko ez da iritsiko. Ez al litzateke hobe alpargata eta isiltasunezko turismoa bultzatzea? Jendeei sinetsarazi digute plan ezin hobea dela Oslora hiru egunetarako joatea edo astebeterako Vietnamera, bidaia horiek hondatzen duten guztia kontuan hartu gabe. Gehienek, aldiz, ez dituzte ezagutzen Txindoki, Aizkorri, Ganekokorta, Toloño… Agian Kalamua proposatuz gero, baietz erantzungo dute batzuek, mendia ordez belarra delakoan. Hirietako auzoak oinez ibiltzea ere turismo ederra da. Zenbat aurkikunde egin daitezkeen! Baina soilik zahar batzuek praktikatzen dugu.
Hitzaldi, artikulu, festa eta ospakizun askotan entzuten den esaldia da hau: «Izan zirelako gara, garelako izango dira». Baina gauden egoera larrian iruditzen zait martxa honetan aldatu egin beharko dela: «Izan zirelako gara, garelako ez dira izango». Larritasun honetatik ateratzeko, ongi pentsatzen lagunduko diguten gidari zintzoak behar ditugu. Horrelakoa zen Joxe Azurmendi, Zegamako idazlea, Arantzazuko izpirituak blaitutako jakintsua.
Berriki hil da. Joan da soilik maila horretako maisuek dakiten moduan, apaltasunik handienaz. Berak idatzitakoak irakurriz ezagutu nuen mundua sakonean aztertzeko zuen gaitasuna. Pertsonalki San Bizente elizan, gure parrokian, Iñaki lagunak ekarri baitzuen hainbat jai berezitan bertara mezetara. Han, horrelakoetan ohikoa genuenez, Koro Saenz eta biok organo eta txistua jotzen genuelarik, esker oneko agertu zitzaigun. Gurekin Aizkorriko doinuak entzuten zituela esan zigun. Hedabideetan oso aipatua izan da, baina ia ezkutatu da bera batez ere Arantzazuko frantziskotarra sentitu dela hil arte. Ez dago boladan. Horrela utzi zuen idatzia: «Argi bila hil denak, Argia aurkitu du».
Azurmendiri inork ez zion Pepe deitzen, Espainian Jose izenekoentzat oso zabaldua den arren. Askok diotenez, San Jose izenaren ondoan garai batean erabiltzen zen latinezko Pater Putativusetik dator, Jesusen ustezko aita. Hori adierazteko gehienetan laburdura erabiltzen zuten, PP, Pepe. Argitu behar da putare aditzak pentsatzea adierazten duela. Eta ez diot inori begiratzen. Baina gezurra da hortik datorrenik. Gezur gehiegi daude bi letra horien inguruan.