Gaur da Patri Urkizuren heriotzaren urteurrena. Bere momentuan jende askok idatzi zuen haren bizitzaz eta idazlanez. Omenaldi bat ere eratu zen Madrilen, UNEDen. Hala, balirudike Patri hilda dagoela eta beraz biziongana itzuli behar dugula gure atentzioa. Baina Faulknerrek ondo azaldu zuen bezala, «The past is never dead. It's not even past» (Iragana ez da inoiz hiltzen; ez da iragana ere), eta Patrik ere oso bizirik segitzen du gure orainaldian. Izan ere, askok ezagutzen ez duten ate bat, euskal kultura eta literaturarentzat hain garrantzitsua eta iraultzailea dena, zabaldu zigun eta, oraingoz behintzat, inor ez da atrebitu oraindik bertan sartzera. Eta hori da Patri biziarekin hitz egiten segitzeko dudan arrazoia. Patrik oraindik ezagutzen ez dugun euskal XIX. mende baterako atea zabaldu zigun eta neuk, horregatik, inoiz kitatuko ez dudan zorra dut berarekin. Eta XIX. mendea, itxuraz hain urruna, hilda dagoela diotenentzat, gogora dezagun gure imajinario politiko eta kulturalaren abiapuntua dela. XIX. mendearen oinordeko gara gu eta gure euskal mundua.
XIX. mendeko ate hori, ideia eta kontzeptu teoriko edo abstraktuez deskribatu beharrean, aipatu dezadan anekdota ezin txundigarriagoa, berak esplikatuko baitigu Patri biziaren egunkotasuna. Horretarako, lehenengo anekdotaren testuinguru historikoa azaldu behar dut lehenik. Gehienok dakigun bezala, Anton Abadiak Lore Jokoak sustatu zituen Euskal Herrian XIX. mendean (1851-), hala, euskal literatura modernoaren lehen pizkundea abiaraziz, jokoetan ahozko eta idatzizko literatura egin baitzen. Frantziako eta Espainiako hizkuntza gutxituen artean, berak abiarazi zituen lehen Lore Jokoak euskal iparraldetik. Lore Joko kataluniarrak (1859-) edo galiziarrak (1861-), zeinek efektu bera izan zuten beren kulturetan, geroago hasi ziren, Abadiarenaren irudiko. Hori da guztiok ikasi duguna eskolan, egunkarietan edo libururen batean.
Baina hor hasten dira Patrik zabaldutako atearen garrantzia eta anekdota. Gure irakasleak Abadiaren lanen hiru liburuko bilduma bat argitaratu zuen eta bilduma horrek segitzen du izaten Abadia ezagutzeko iturri nagusia. Horrek ere zera esan nahi du: Patri dela Abadia ondoen ezagutu eta aztertu zuen ikerlaria eta, horregatik, bazekiela guk gehienok eskolan edo liburuetan ikasi ez duguna: Abadia, Lore Jokoak abiarazi baino lehen, esploratzaile bezala Afrikan ibili zela, sasoian Abisinian, hots, Etiopia eta Eritreako alde menditsuan. Jatorri irlandarrak zituen Abadiak eta, hala, inperialismo britainiarraren dominazio sukarrak kutsatuta, beste askoren antzera, Niloren sorrera bilatu nahian abiatu zen Afrikan barna. Lehen momentu batean iturria bilatu zuela ere aldarrikatu zuen eta Parisen heroiaren ongietorria egin zioten. Alabaina, azkenean, britainiarrek zuzendu zuten Abadia, okerreko iturria idoro zuela argudiatuz. Han amaitu zen Abadiaren abentura afrikarra. Aipatzekoa da, armarik gabe, sorgin zuri bezala ibili zela bere txango etiopiarrean anaiarekin batera, eta atzean amerik hizkuntzaren lehen hiztegia idatzi zuela, gero Rimbaudek ere erabiliko zuena.
Orain badugu testuingurua eta itzul gaitezen anekdota ezin esanguratsuagora. Iñaki Aldekoa, Ramon Saizarbitoria, Patri eta laurok egin genuen bazkalondo batean, gaia atera zen hizpide eta neuk esan nion Lore Jokoak bere «hutsegite afrikarraren» konpentsazio zirela. Baina, jakina, frogarik gabe, hipotesi huts bezala. Eta orduan bota zigun Patrik bere jakintza sakonetik hurrengoa: «Bai, Abadiak Lore Jokoak Etiopian ikusi zituen eta handik etorri zitzaion ideia». Lore Jokoak Erdi Aroan Europan (eta lehenago Erroman) izan baziren ere, gureak, antza, Afrikatik datoz.
Patri biziak, beraz, bere jakintza abadiatar sakonetik, hurrengo desafioa botatzen digu, eta beste EH baterako atea zabaltzen: euskal literatura modernoaren lehen pizkundearen iturria Afrikan dago, sukar inperialista britainiarrek eraginda. Patriren desafio ezin biziagoa horixe da: nola pentsatu euskal literatura Afrikaren kolonizaziotik abiatuta, euskal literatura afrikar bezala.
Patrik, bestalde, Xahoren lanik garrantzitsuenetakoa ere, ordura arte ia ezezaguna zena, argitaratu zuen: Kantutegia. Eta horretan ere XIX. mendeko atea oraindik are gehiago zabaldu digu: zazpi probintzien ideiaren sortzailea (bere lagun Abadiarekin batera), Aitor ere sortu zuena, beste Patri batzuen beharrean dago; izan ere, gure intelektualik fundatzaileena eta eragileena ez dugu oraindik ere erabat ezagutzen. Ez dago bere lanen bilduma oso bat, gure irakasle lezotarrak Abadiarekin egin zuen bezala.
Patri bizi da, bizitzen segituko du eta bere desafioak euskal XIX. mendea birpentsatzeko atea zabaldu digu eta, beraz, gure orainaldia errotik birpentsatzeko aukera, gure sorrera hemeretzigarrendarra oraindik ere ez baitugu ondo ezagutzen. Guztion izenean, eskerrak, Patri!