Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, irakasleon lana eta zilegitasuna gizartearen aurrean zalantzan jartzeko, negoziazioak trabatzeko eta familien iritzian eragina izateko helburuarekin, Hezkuntza, anbizioa etorkizunerako iritzi artikulua (BERRIA, 2025-03-30) idatzi zuen (suposatzen dut berak idatzi zuela eta ez dituen aholkularietako batek).
Puntu batzuei erantzutea gustatuko litzaidake. Harritu nauen esaldietako bat: «Hezkuntza, gizarte aske, kohesionatu eta etorkizunez beteari eusten dion oinarria da». Aurrerago ondorengoa gehitzen du: «Hezkuntza etorkizuneko promesa bat baino askoz gehiago da». Askea, korporazio pribatuei salduta egonda? Zientifikoki frogatu gabeko eta enpresetatik datozen terminologia eta metodologiak kontrolik gabe eskoletan ezarriz? Gure ikasleen datuak Googleri salduz Workspace bezalako zerbitzua erabiltzeagatik? Eta zer esan «hezkuntza etorkizuneko promesa bat baino askoz gehiago» dela Pedrosari entzuten diodanean? Hain aldakorra den mundu honetan, hogei urtetara lanpostuak zeintzuk izango diren ez dakigunean, ze etorkizun motaz ari zara hizketan? Gainera, irakasleok ez gaude inori promesak egiteko, ezta ikasleak etorkizuneko lanpostuetara egokitu daitezen entrenatu eta prestatzeko ere. Hainbeste denbora ikasgeletatik kanpo egon ostean, agian ez duzu gogoratuko irakasleon lana edukiak-ezagutzak irakastea dela; irakastea eta kito!
Aurrerago esaldi hau idazten duzu: «Erronka handiak dauzkagu... pantailen erronken aurrean heztea». Nola egingo da? Zergatik gaude momentu oro digitalizazio plan berriez hizketan? Agian, digitalizazioaren inguruan aritu beharrean, desdigitalizazioaz hitz egin beharko genuke, eta hezkuntza eragile guztien artean desdigitalizazio plan bat aurrera eraman. Badakigulako pantailen neurririk gabeko erabilpenak ikasleengan kalte ugari eragiten dituela: arazoak familia eta lagunen arteko harremanetan, eskola errendimenduan (irakurtzeko, idazteko eta matematika trebetasunen gainbehera izugarri handia izan da), kontzentrazioan, obesitatean, sistema motor eta kardiobaskularraren garapenean, loaren kalitatean (behar diren orduak lo egiten ez badira memoriaren gainbeheran, immunitate-sisteman, autoerregulazioan eta emozioen kudeaketan eragiten du), eta azken batean, bizi-itxaropenean.
Gainera, ordenagailuak eta gailu digitalak erosiz eta erabiliz sortzen dugun zaborra izugarri handia da, zabor digitala. Edo ChatGPTn egiten den bilaketa bakoitzeko kontsumitzen den energia kantitatea; gero, eskoletan, ingurumenaren inguruko proiektu super polit eta ekologista bat ikasleekin lantzen dugun bitartean... Gauza bat esan eta kontrakoa egin? Zure legealdian hori izango da funtzionatzeko modua? Kontraesan handiagorik eduki daiteke?
Hurrengo sasi-egia: «Euskadin inoizko diru publiko gehien inbertitzen da hezkuntzan». Itundutako ikastetxeei eginiko 68 milioi euroko inbertsioaz ari zara? Diru publikoa inoiz baino gehiago inbertitu dela esaten duzu, baina non inbertitzen da denona den diru publikoa harrotasunez aipatzen duzunean? Publiko edo itundutako ikastetxeetan?
Ondoren, «jaiotza-tasa txikitzen ari da eta gure ikasgeletako errealitatea aldatzen». Jaiotza-tasa txikitzen ari bada, zergatik publikoan eskolak fusionatzen dira, lerroak eta ikasgelak itxi, itunpekoetan gelak ireki eta ikasle kopurua etengabe handituz doan bitartean?
Jarraian, «konfiantza izaten, elkarrekin bizitzen, mundua ulertzen eta galderak egiten ikasten duten gunea da... espiritu kritikoa... kalitatezko hezkuntza...» eta horrelakoak esaten dituzu. Baina zer esan nahi duzu edozein testuingurutan oso ondo geratzen diren eta jendeak erraz jasotzen dituen eduki eta esanahirik gabeko hitz polit hauek erabiltzen dituzunean? Zehaztapenak egitea izugarri eskertuko nizuke, jendea nahastu ez dadin.
Gero, «aniztasuna harrotasunez eta arduraz besarkatzen duena» esaldia darabilzu. Esaldi hori egia ez dela jakiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-lege berria gainetik irakurtzea besterik ez dago. Benetan lege honek aniztasuna kontuan hartzen duela? Nola? Ikastetxe publikoak baliabidez hustuz eta itunpekoak ekonomikoki hornituz? Auzo, herri, eskola, familia eta ikasleen arteko segregazioa handituz, «aniztasuna harrotasunez eta arduraz besarkatzea» lortuko da? Ordaindu ahal duenari lehen mailako hezkuntza eskainiz eta ezin duenari bigarren mailako bat, gure ikasleak produktu bihurtuz eta hezkuntza merkantilizatuz? Guztiona den eskubidea batzuen pribilegio bilakatuz? Hauxe bai aniztasuna ulertzeko modu bitxia.
Eta zer esan «euskara eta gure kultura balioesten dituen eredu bat da gurea» irakurtzen dudanean. Sutan jartzen naiz hainbeste gezur eta kontraesan entzutean. «Euskara balioetsi» curriculumean euskara ordu kopuruak gutxituz eta euskaraz ematen diren irakasgaiak Lehen Hezkuntzatik ingelesez irakatsiz? Science, Art, Physical Education eta abar? Iparra galdu al dugu?
Amaitzeko: «Euskadik, Estatuko eskola-uzte tasarik baxuena du». Horrekin zer esan nahi duzu? Estatuko eskola-uzte tasarik baxuena izateak egoera ona dela esan nahi du? Ezta pentsatu ere! Beste erkidego batzuk baino datu «hobeak» izateak ez du esan nahi Euskal Autonomia Erkidegoko datuak onak direnik. Gure ikasleen egoera ona ez dela erakusten duen adibide argia, PISA txostenaren azkenengo urteetako datuak dira. Emaitzak oso txarrak dira beste erkidegoekin alderatuta; beraz, utz ezazu behingoz erdizkako egiak esateari, gizarteak, hezkuntzaren egoera benetan zein den jakiteko eskubidea dauka eta.