Pentsioen auzian bizitza moldea jokoan

2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bizitza osoa, formazioa eta lana, etxebizitza eta garraioa, oporrak eta kultura, bataioak, urtebetetzeak eta ezkontzak... dena ari da kapital pribatuaren atzaparretan erortzen. Urteak dira kapitalaren morrontzatik ihes egin gabe publiko mantendu diren zerbitzuen pribatizazioaren atzetik abiatu zela kapital mundiala. FMI, BM eta OMC egin zituzten 90eko hamarkada proposamen argiak. Ondoren, kanpaina ideologikoak, desprestigio kanpainak, zurrumurru alarmistak, motibazio engainagarriak eta neurri praktikoak joan dira hartzen. Unibertsitateetako Bologna prozesua horren adierazpen garbia da.

Krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik, krisiaren erantzuleek beraiek, errotik aberastu diren horiek beraiek dira neurriak agintzen eta mehatxuak botatzen dituztenak. Eta agintzen dituzten neurriak orain arteko norabide berean mantentzen dira, orain are gogorragoak. Austeritate plan orokor estrategikoak, sufrimendua areagotzez gain, produkzioaren krisia sakontzera darama.

Horixe da, besteak beste, pentsioen sistemaren erreformaren kasua. Inoiz ere esplikatzen ez den —nola sortu den, nori zor zaion eta zergatik— zor publikoaren aitzakian, egina zegoen pentsioen pribatizazio bidean urrats galanta eman nahi dute orain. Hemen, Espainian, Frantzian, Portugalen, Grezian, Italian, Errumanian... Europa osoan.

Ez da pentsioen lehenengo erreforma; Felipe Gonzalezek egin zuen lehena. Eta horrela eman zion laguntza pentsio sistema pribatuen garapenari. Publikoaren gain «deskonfidantza» sortuz —argudio demografiko sinplistekin—, eta sistema pribatuei lagunduz—pentsio sistema pribatuan jarritako dirua «desgrabatzen» omen zuen, eta «etekin» handiagoak emango lituzkeen—. Gurpilari jarraituz, langile askok pentsio pribatuak dituztenez, ez da hain zaila izango publikoak murrizten joatea.

Baina krisiarekin kolpe handiagoa eman nahi zaio. Ez da bakarrik 65etik 67ra luzatzea adina; ez da bakarrik kotizazioa urte gehiagotara (20-25era) eramatea; ez da bakarrik pentsioen zenbatekoa murriztea. Ondorengo helburuak are osoagoak izango dira. Pentsio sistema publikoa desagerraraztea. Eta lan hori eginda, gizarte segurantza sistemari ekingo diote betean. Krisiak sorraraz dezakeen ezintasuna eta izua aukeratu dute kolpe gogorrenak emateko. Ez da hau, bada, oraingo pentsionisten auzia soilik, langilego osoarena —finkoak, prekarioak eta langabeak— baizik. Eta langileen artean gazteak eta emakumeak eta etorkinak izango dira berebiziki kolpatuak eta kaltetuak.

Eta gatazka honetan mila milioika eurorekin batera jokoan dagoena bizitzaren aurrean dugun ikuspegiaren inguruan eragin nahi duten lurrikara da.

*** Pentsioen arazoa ez da inolaz ere arazo demografikoa, soziala baizik. Arazoa ez da zahar asko dagoela eta gazte gutxi. Arazoa da gazte asko eta —heldu asko— prekarioa edo langabea dela. Arazoa ez da pentsioen sistema eutsi ezina dela, arazoa da kapitalaren gose ase ezinaren esklabu gaudela.

***Bizitza ospakizun bat da. Eta ez da kapitalaren pilaketaren kalkuluaren arabera trabailu behartua aurkitzeko eta horri eusteko langileen arteko lehia. Lana da bizitzaren ospakizunaren elementu bat. Bizitza duina izateko eskubidea kapitalaren benefizioen aurretik dago. Soldata duin unibertsala —lan eginez edo lan egin gabe—.

***Bizitza elkartze beretik sortzen da, eta ez elkarren arteko lehiatik. Etekinaren bilaren atzetiko guztion arteko gatazka etengabetik urrun, elkartasunaren mekanismo sozialak landu behar ditugu. Bost milioi langabe gazte eta heldu dauden lekuan, zein deabru krudeli okurritzen zaio 65 urteko langile zamatuari 67-70 urte artelan egitera behartzea?

***Bizitza libre izateko gorputzak, desioak, pentsamenduak eta sentimenduak eta horiek sortzen dituzten harremanak libre behar ditugu. Baina gorputzaren elikadura, espazioak eta denborak, osasunaren definizioa eta ordenamendua, kontsumorako gonbidapenak, pentsamenduaren formazioaren kontrola eta sentimenduen manipulazioa eta harremanetan hierarkizazio eta menpekotasunak jabetza pribatuaren esku edo zerbitzura daude.

***Zahartzea ez da gauza biologikoa, biografikoa baizik. Nola nahi dugu zahartze osasuntsu bat bizitza osoan esklabu, angustiatu, kutsatu eta ahalmen pertsonalez gabetuak izan bagara? Zahartze osasuntsuak ezagutzen ditugu. Gutxiengo bat. Baldintzak badaude denontzat zabaltzeko. Beste gizarte antolamendu bat da behar dena, jaiotzatik heriotzaraino.

Noiz arte? Noiz arte jasan behar dugu jende umilaren aurkako plan estrategiko hau? Noiz arte egin nahi diguten sakeoa, noiz arte irainak? Ez al duzute ikusten nola ari diren gutaz trufatzen espekulazioz, iruzurraz, korrupzioz, esplotazioz poltsikoak beteta dituztenak? Noiz arte?

Espainiako gobernuak erabaki du, enpresa multinazionalak eta Europak agindutakoa betez, pentsioen sistemaren erreforma aurrera ateratzera. CCOO eta UGT ogi apur batzuen esperantzan eske ari dira aberatsen mahaian. Jarrera hau deitoratuz eta neurri horren aurka Hego Euskal Herriko hainbat sindikatuk (ELA, LAB, ESK, EILAS, ENHE, Hiru) grebarako deia egin dute. Zergatik parte hartu nuen? Arrazoi bakarrarengatik: duintasunagatik. Zeren, oraingoz, irabazteko dugun lehen erronka berriro geure buruarekiko autoestima irabaztea da. Geure burua: langileak gara, ez gara aberatsak. Eta hain zuzen, aberatsek, mundua gobernatzen dutenek, oraintxe bertan erakutsi digute zein katastrofikoak diren, zein maltzur eta zitalak diren, zenbateraino dauden gorrotoz beteak beraien etekinak ukitzen saiatzen direnekiko, zenbateraino dauden prest langileak larrutzeko. Duintasunagatik... eta dominazioari uko eginez —hori da greba bat, besteak beste—, ez bestela, altxatuko dugulako hain beharrezkoa dugun esperantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.