Mikel Insausti Muguruza.

Piper eta tomateetatik harago

2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Duela urte mordo bat Pam Warhunst-ek bere herriko 60 lagun bildu zituen, eta ideia ausart bat proposatu zien: herriko espazio publiko berdeetan aitzurrak hartuta, barazkiak eta fruta-arbolak landatzea. Tren geltokiaren ondoan garaiko tomateak, letxugak eta piperrak landatu zituzten; suhiltzaileen eraikinaren alboan kalabazak; elizondoko maldetan patatak, eta espaloi ertzetan fruta-arbolak. Diru-laguntza publikorik gabe ideia gorpuztu, eta, geroztik, Todmorden herri txikira milaka bisitari hurbiltzen hasi dira, hango dendarien %47k salmentak handitu dituzte, eta herritar guztiek baloratu dute lurra landatzeak behar duen lana eta dakarren onura (Guille Viglionen artikulutik). Egun, Todmordeneko haurrek ondo dakite piperrak eta tomateak ez direla supermerkatuko apaletan hazten!

Erresuma Batura joan gabe, Gasteizen, Iruñerrian eta Bartzelonan bada urte dezente herri baratzeak sortu zirela ere, hau da, espazio publikoetan kokatutako baratzeak, hirigune eta auzoetan. Gipuzkoan, Arrasate izan zen aitzindari, eta orain, Kutxa Ekogunearen laguntzari esker, herri baratzeen hedapena gertatzen ari da Gipuzkoa osoan. Dagoeneko, Lezon, Usurbilen eta Alegian jarri dira martxan Baratze Parkeak, eta Tolosa, Hernani eta Kutxa Ekogunekoa Donostian, laster abiatuko dira. Bizpahiru urteetan, 16 udalerritara hedatua egon daiteke Gipuzkoako Baratze Parke Sarea.

Udalekin lankidetzan, Baratze Parke horien helburuak anitz dira: barazki ekologikoen eta bertakoen aldeko sentsibilizazioa handitzea; lurrarekiko lotura areagotzea; barazkigintzari lotutako jakintza berreskuratzea eta eguneratzea; auto-hornikuntza sustatzea; bizitza-kalitatea eskainiko duen gune berde berri bat sortzea; erabiltzaile eta, bereziki, haurrengan, naturarekiko errespetua piztea; hainbat giza talderen arteko elkarbizitza eta harremanak eta hainbat belaunaldiren arteko trukea sustatzea; eta aisialdi aktiborako topagune bat bihurtzea Baratze Parkea.

Hori guztia lortzeko, Baratze Parke guztietan araudi trinko bat garatu eta indarrean jarri dugu. Lursailen eremua mugatua da, gehienetan 30 metro koadrokoak (pertsona bakarra edo bikoteentzat), 60 m2-koak (familientzat) eta 90 m2-koak (ikastetxe, elkarte eta erakundeentzat). Eremu txiki horiekin bermatzen da ekoitzitakoa soilik etxerako dela, baina ez etxe bateko behar guztiak asetzeko tamainakoa, neurri txiki batean hornitzen baitu. Baratzeetan ekoitzitakoa saltzea debekatuta dago, eta, hori bermatzeko, Ekoguneak eta Udalak ikuskaritza zorrotza daramate. Gainera, produktu jakin baten gehiegizko ekoizpena ekiditeko, monolaborantza debekatua dago; barazki anitz landatu behar dituzte erabiltzaileek.

Gipuzkoako Baratze Parke Sarea sustatzen dugunok, tinko sinesten dugu baratze bat lantzen duen pertsonak edo familia orok gehiago baloratuko duela nekazaritzak dakarren lan gogorra eta horren emaitzaren kalitate gorena. Ondorioz, sentsibleagoa

izango da tokiko eta garaiko produktuak erostera, modu horretan inguruko baserritarrei lagunduz. Horrela izan da Baratze Parkeak dauden hiri eta herrietan, eta Gipuzkoak ez du zergatik salbuespena izan.

Halere, nekazaritza ekoizleen sindikatu batek, ENBAk alegia, kritika egin du ,Baratze Parke horiek lehen sektorearekiko konpetentzia desleiala eragiten dutela argudiatuz. Kritika hori benetan harritzekoa da, ENBAk berak 2012ko maiatzean argi esan baitzuen «aisialdiko baratzeen helburu eta filosofiarekin %100 ados dago ENBA, baserritarren lana balioan jartzen baitu. Akuilu ona izan daitezke jendeak tokiko eta lurreko produktuak baloratzeko» (Xabier Iraola, ENBAko Idazkari Nagusiak ETBri emandako elkarrizketa, 2012ko maiatzaren 30ean).

ENBAren iritzi aldaketa horren zergatiak ez dakizkit, baina datu bat eskaini nahiko nuke irakurleak berak konklusioak atera ditzan: Gipuzkoako Baratze Parke Sarea 16 herritan hedaturik dagoen honetan, landatutako eremu osoa gutxi gorabehera 3 hektareakoa izango da, eskuz landutako baratze txiki guztiak hartuta. Ekoizle profesional batek ustiatzen duen lur eremuarekin alderatuta, hori zer da, asko ala gutxi? Errentagarria izateko, nekazari batek gutxienez hektarea bat lur landu behar du modu intentsiboan, tresneria mekanikoa, berotegiak eta ureztapen sistemak erabiliz. Baratze Parkeen kasuan, berotegirik ez dago; hortaz, baratzeak urtean sei hilabete inguru erabil daitezke soilik, ureztapena eskuz egiten da ureztagailuen bidez, eta ez dago mekanizaziorik. Baratze Parke Sarean eskuz landutako 3 hektarea horiek nekez emango dute nekazari pare batek urtebetean ekoitzitako produkzio guztia.

Kutxa Ekogunearen landa garapen estrategian lehentasunezko proiektu bat aipatu nahiko nuke, era berean, nekazari profesionalentzat dena: agroaldea ekologikoen sorrera. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Behemendirekin batera, Lezoko Urrullo baserrian bost nekazari profesionalentzako lana sortuko duen agroaldea jarrikoda martxan uda baino lehen, eta urtea bukatu aurretik beste agroaldea bat sortzea dugu helburu. Ez da hori nekazaritzaren alde Kutxakoek bultzatu duten proiektu bakarra. Azken hamar urteetan, Kutxak 1,7 milioi euro jarri ditu nekazaritzako eta abeltzaintzarako, eta etorkizunean ere laguntzen saiatuko da. Kopuru horrekin alderatuta, Kutxa Ekoguneak Baratze Parkeentzako egin ekarpen ekonomikoa ez da hirurehun mila eurora iristen. Bukatzeko, hilabete honetan martxan jarri da Kutxako langileen artean, barazki ekologikoen kontsumo talde bat; ia 40 lagunek jasotzen dugu lantokian astero inguruko baserri batean ekoitzitako garaiko produktuak. Gauza bat garbi dugu, etorkizuna bertako, garaiko eta kalitatezko elikaduran dago. Nahitaez, jendarteari eta ingurumenari lotutako iraunkortasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.