Karrikak jendez gainezka dira, zure lagun taldearekin taberna batetik bestera abiatzen zarete segurtatuz ez dela nehor galtzen. Txaranga eta kontzertuengatik, ez duzue elkar entzuten ahal. Azkenean, zuen helmugara iristen zarete. Ibilbidea luzea eta zaila izan da, garagardoa zuen bizkar gainera isuri da, oin batzuk lehertuak izan dira eta irainak jaso dituzue bidean trabatzen zenutelako. Kontatzen duzue: 1, 2, 3, 4, denak hor gara! Gin-tonic batzuk manatzera zoazte barrara.Â
Zure herriko bestak dira. Edo ondoko herrikoak. Edo Korrikaren iristea da, edo festibal batean zarete, besta arrunta da, besterik ez.Â
Kuadrillako batek komunetara joatea proposatzen du besteek manatzen duten bitartean. Zu harekin zoaz eta jendartea berriz zeharkatu behar duzu azkenean komunetara iritsi aitzin.Â
Eta hor, betiko problema, betiko afera.Â
Ilara.Â
Ilara bukaezina.Â
Zu ez bezala, zure laguna mutikoa da. Bere ilara, noski, zurea baino laburragoa da.Â
Neskak ikusten dituzu zure aitzinean: denak erdi makurtuak dira eta haien mazelak ausikitzen dituzte bixikan haien pixak duen pisuaren eraginez.Â
Nola posible ote da besta guztiz eskema hori agertzea? Zuk mutikoen komunetara joan nahiko zenuke, askoz fiteago egina izango litzateke. Berdin zaizu mutikoak zure presentziaz trabatuak baldin badira. Baina ez dituzu beste neskak traditu nahi, ez duzu haien aitzinetik pasa nahi. Kontzientziazko kasu baten parean zara: hamar minutuz itxarotea isilik sufrituz, ala mutikoen komunetara joatea, errespeturik eta duintasunik gabeko basati baten itxurako pertsona batentzat pasatuz baina zure behar primitiboa hamar segundoz konponduz?Â
Kanpora begiratzen duzu. Zakila dutenek ez dute arazorik murru baten gainean edo bi autoren erdian haien materiala ateratzeko eta zirt-zart, gune publikoak freskatzeko. Baina zuretzat beste logistika bat da: ipurdia airean eman behar duzu, ondotik belaunikatu behar zara. Zuri, berdin baldin bazaizu jendeak pixa egiten ikusten baldin bazaitu, badakizu horrelako posizio batean, ahultasun egoera batean zarela. Beraz, lagun bat edo bi deitu beharko zenituzke zu gordetzeko. Eta antolakuntza horrek guztiak ez zaitu hala ere babestuko begirada lizunez. Gainera, hilekoak baldin badituzu, beharbada xoko intimoago bat nahiko zenuke tanpoia aldatzeko.Â
Azken urteetan ikusi duzu emazteei kartoizko hodiak banatzen zaizkiela xutik pixa egiteko. Baina zure ustez, ez dira denentzat egokiak (tresna ongi kokatua izateko antolatu behar da eta ez zara aski ausarta gizon mozkor eta ezjakin batzuen artean pixa egiteko). Hori, zure ustez, minbizi baten gainean lotura bat ematea bezala da. Ez du arazorik konpontzen eta antolatzaileek, instituzioek, udalek haien ardurak ez dituzte hartzen. Erantzukizuna nesken gainera iristen da. Nahiko lukete guk pentsatzea gaia intimoa dela, baina zuk badakizu ez dela egia: egoera hori erabaki politikoen emaitza da. Arazo hori sistematikoa denez eta bagina bat dugunok ezin dugunez gure oinarrizko beharrei erantzun, diskriminazio egoera batean kokatzen gara.Â
Zure amatxik dionari pentsatzen duzu: zinez trabagarria baldin bada pixa egiteko tokiak atzematea, aski duzu gutxiago edatea! Ez ote dizu inoiz inork erran emazte mozkorrak ez direla dotoreak? Hor da min egiten duen errealitatea: espazio publikoak ez dira inoiz emazteentzat sortuak eta antolatuak izan.Â
Zure ustez, arkitektoek, antolatzaileek, politikariek, tabernetako jabeek ez dakite ezberdintasun fisiologikoengatik bagina bat duten pertsonek zakila dutenek baino 2,3 denbora gehiago pasatzen dutela komunetan (J. Damon 2009), baina pentsatzen duzu jakinen balute ere askok ez luketela konponbiderik proposatuko.Â
Kurt Van Hautegem eta Wouter Rogiest zientzialarien ikerketak erakutsi du gizon eta emazteei ber komun kopurua proposatzen zaielarik emazteek 6,19 minutuz itxaroten dutela. Gizonek, aldiz, 11 segundoz. Konponbide hoberena, ikerketaren arabera, komun mistoak proposatzea da: emazteek 1,27 minutuz itxoiten dute eta gizonek 58 segundoz.
Egia da emazte asko konponbide honen kontra direla. Segurtasun eta intimitate eskasa aipatzen dute. Alta, Erwin Goffmanen arabera, ez du ezerk justifikatzen gizonak eta emazteak separatuak izatea. Fisiologikoki, gizon, emazte eta beste guztiek behar berdinak ditugu eta komunen segregazioa inegalitatea gehitzeko bide bat baizik ez da.Â
Beraz zartatzen zara. Zure aitzineko neskei galdetzen diezu gizonen komunetara joan nahi dutenetz. Gehienak lotsatuak dira eta ez dute erezta proposamen bitxi honi erantzuten. Zu mutikoen artera joaten zara. Ez dizu zure zangoen artean duzunak diktatuko zenbat denboraz itxoinen duzun komunetara joateko. Tabernak, udalak, instituzioak, sistemak aski atzerakoiak baldin badira ez komun mistoak eta azpiegitura egokiak proposatzeko, ez da zure arazoa izanen. Besta egitera etorri zara gaur, ez duzu denborarik galdu nahi. Txupitoak edateko eta dantzatzeko etorri zara. Espazio publikoek emazteei jendartean egiten zaien tokia irudikatzen dute. Inork ez dizu tokirik eginen; beraz, tokia zuk hartuko duzu.