Abenduaren 27an Bilbao Arena bete nahi dugu. Ekitaldi jendetsu bat izatea nahi dugu, eta mezu argi bat zabaldu: euskaraz bizitzeko prest dagoen herri bat garela. Ez da data bat, ezta ekitaldi handi baten argazki polit bat ere. Gure seme-alaben hizkuntza etorkizunaz ari gara, euren lehen hitzak, lehen lagunak eta lehen ametsak euskaraz izan daitezen nahi dugun komunitate oso baten etorkizunaz. Horregatik esaten dugu «Euskaraz bizitzeko Pizkundea» ez dela ekitaldi isolatu bat izango, baizik eta mugarri bat izan behar duela euskararen aldeko pizkunde berri baterako.
Euskarak eta euskal hiztunen komunitateak bizi duten larrialdi linguistikoa ez da esajerazio emozional bat, eguneroko errealitatea baizik: ofizialtasun aitortzarik ezak, epai judizialak, neurri murriztaileak, euskararen presentzia auzitan jartzen duten diskurtso politiko eta mediatikoak, azterketak euskaraz egiteko debekuak, aisialdia euskaraz gozatzeko eskaintza murritzak... Horren aurrean, bi jarrera posible daude: etsipena edo pizkundea. Euskalgintzaren Kontseiluak bigarren bidea proposatu digu, abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale biltzeko deialdiarekin. Helburua, erraza eta sakona aldi berean: herri erantzun sendo eta baikor bat ematea, eta hizkuntza berdintasuna, justizia soziala eta gizarte kohesioa bermatuko dituzten politika ausart eta eraginkorrak exijitzea.
Ikastolen mugimenduak bat egin du deialdi horrekin, koherentziaz. Ikastolak gara, neurri handi batean, euskaraz bizitzeko nahia eguneroko jardunean gauzatzen den tokia: ikasgelan, jolastokian, korridoreetan, guraso batzarretan. Guk ikusten dugu lehen lerroan familiek eta haurrek zein oztopo eta zein aukera dituzten euskaraz bizitzeko; eta badakigu ezin dugula mezu hau itxi gure hormen barruan. Horregatik ematen diogu garrantzi berezia indar erakustaldi handi bati: gaurko testuinguruan, ezinbestekoa da euskararen aldeko jendarte zabalak ikusgarritasun politiko eta sozial handiko ekitaldi batean bere ahotsa eta presentzia agertzea.
Badakigu batzuek esango dutela: «Zertarako ekitaldi handi bat? Zertarako Bilbao Arena betetzea?». Gure erantzuna argia da: ez delako ekitaldi sinboliko hutsa. Ikastolen ikuspuntutik, Bilbao Arena betetzea hiru mezu indartsu batean biltzea da. Lehenik, euskaraz bizi nahi dugula, ez soilik jakin, ez soilik ulertu. Bigarrenik, euskara guztion ardura dela, ez soilik euskalgintzarena edo ikastetxe batzuena; gizarte osoari dagokion auzia dela. Eta hirugarrenik, hizkuntza politikan jauzi sendoa ezinbestekoa dela; ez gara adabaki txikiz beteriko politikekin konformatzen, benetako aldaketa estrukturalak behar ditugu, euskarak bizirautetik duintasunez bizitzera egin dezan salto.
Ikastolak eguneroko pizkunde txiki eta handien eszenatoki gara. Haur askok gure ikastoletan esaten dituzte lehen hitzak euskaraz; guraso askok hemen egiten dituzte euskarara hurbiltzeko lehen urrats ausartak; gazte askok gure komunitatean aurkitzen dute euskaraz ikasi, sortu eta bizitzeko nahia gauzatzen duten tokia. Baina ikastolen lana ez da nahikoa izango, baldin eta gizartearen babes eta inplikazio zabalik ez badu. Horregatik, Pizkundea herriaren ispilu moduan ulertzen dugu: ikusteko noraino gauden prest gure hizkuntza eskubideak eta gure seme-alaben etorkizun linguistikoa defendatzeko.
Ikastolen Elkarteko lehendakari gisa, dei argia egin nahi dizuet Euskal Herriko ikastolen komunitate osoari eta, bereziki, gurasoei: abenduaren 27an Bilbao Arenara joateko. Gonbidapena zabaldua dago ikastolen sareko guraso, irakasle, langile, ikasle ohi eta lagun guztientzat, baita euskararen aldeko konpromisoa duten herritar guztientzat ere. Ekitaldiak kultur eta musika ekarpen paregabeak izango ditu, euskararen aldeko aldarri politikoarekin uztartuta. Baina oholtzan izango direnen izenak baino are garrantzitsuagoa izango da harmailetan izango den komunitatearen indarra.
Euskaraz bizitzeko Pizkundea ez da ekitaldi isolatu bat izango; pizkunde berri baterako abiapuntua izan dadila. Ikastolak han egongo gara, lehen lerroan, familien eta euskararen aldeko gizarte eragileen ondoan. Baina irudi horrek benetako indarra izango badu, baldintza bat du: Bilbo Arena euskaltzalez betetzea. Elkarrekin arnasa hartzeko, indarrak batzeko eta etorkizunari euskaraz begiratzeko unea da. Oraingoan, egin dezagun.