Xabier Makazaga.

PNV, torturatzaileak indultatzearen alde

2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunean, haren biktimei aitortza emateko ekitaldi instituzional bat iragarri zuen Lakuako Gobernuak. Ezustean, baina, hauteskunde kanpaina heldu zen eta ekitaldia atzeratzea erabaki zuen. Zer esanik ez, torturaren biktimak izan beharrean, ETArenak izan balira, ez zukeela inolaz ere halako erabakirik hartuko. Data berririk jarri gabe, ekitaldia atzeratzea erabaki zuen, erakutsiz, berriro ere, zein den torturaren biktimekiko duen jarrera.

Hala ere, azpimarratu nahi dut PNVko buruzagiek torturaren aurrean izandako jarrera ez dela PSOEkoen berbera. Are gutxiago PPkoena eta zer esanik ez Voxekoena. Gogoratu Andoni Murelaga izan zela Ertzaintzaren torturak salatu zituen lehen militante independentista, 1990eko apirilean. Ordura arte, jeltzaleen jarrera kontsekuentea izan zen terrorismoaren kontrako legediari zegokionez. Errefusatzen zutenez, uko egiten zioten aplikatzeari.

Madril, Ajuria Enea eta Nafarroako Bakearen eta Normalizazioaren aldeko Itunak sinatu zituztenetik, ordea, nabarmen aldatu zen haien jarrera: denbora laburrean, Ertzaintzak argi berdea jaso zuen atxilotuak inkomunikatu eta modu eraginkorragoan «galdekatzeko». Eta hauts haietatik sortu ziren ondorengo lohiak. Sekulako lohitegia.

Gainera, buruzagi jeltzaleek babestu egin zituzten tortura kasu oso larrietan kondenaturiko torturatzaile askok jasotako indultuak. Adibidez, 1982an atxilotu zutenean berrogeita hamar urte baino gehiago zituen Juanita Goikoetxea getariarra torturatu zutenei emandako indultuak.

Juanitak era guztietako torturak jasan zituen: «bainera», «barra», elektrizitatea, kolpeak... Azkenean, garai hartan torturaturiko gehienak bezala, aske utzi zuten, kargurik gabe. Txikituta, baina aske. Handik bost urtera, 1987an, bost guardia zibil kondenatu zituzten horregatik. Gorenak berretsi egin zuen kondena, 1992an, eta urtebete geroago heldu ziren indultuak.

Horren aurrean, Eusko Alkartasuna legebiltzar-taldeak legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, Eusko Legebiltzarrak indultu haien aurka egin zezan. Zoritxarrez, Gasteizko Ganberak atzera bota zuen proposamena. Ez soilik PP eta PSOEren kontrako botoekin. Parlamentari jeltzaleek ere proposamenaren kontra bozkatu zuten, aho batez, haien bozeramaileak, Jose Antonio Rubalkabak, hitz egin ondoren.

Hara zein izan zen hark erabilitako argudioa: behar-beharrezkoa zela indultuen bidea irekita uztea, ETAko militanteei ere aplikatu ahal izateko. Esan zuen, torturatzaileak indultatzearen kontra bozkatzeak, arriskuan jar zezakeela ETAko presoei ere indultuak ematea. Zer diote orain orduan hartu zuten erabaki larri hartaz eta eman zuten arrazoiaz?

Beste torturatu ezagun baten kasuan, Jokin Olano, torturatzaileak defendatu zituen abokatuak erabili zuen argudioa, hain zuzen ere, Juanita Goikoetxearen torturatzaileekin gertatua izan zen. Argudiatu zuen Gasteizko Parlamentuak uko egin ziola torturatzaile haiei emandako indultua errefusatzeari eta bere defendatuen absoluzioa eskatu zuen.

Kondenatu egin zituzten, ordea, eta Espainiako Gobernua indultuez baliatu zen, berriro ere, bere zerbitzari leialei trago txar hura ebitatzeko. Eta aldez aurretik iragarri zituen indultu haiek, ez bakarrik Olanoren kasuan, baita Tomas Linazarenean ere. Izen bereko errefuxiatu politiko baten aita zen Tomas gupidarik gabe kolpatu zuten eta hari ere oso marka ikusgarriak utzi zizkioten gorputzean.

Espainiako Gobernuak adierazpen oso larriak egin zituen, bi euskal herritar bortizki torturatu zituzten guardia zibilak indultatzeko asmoa agertuz. Orduan, Eusko Alkartasuna legebiltzar-taldeak beste proposamen bat aurkeztu zuen, eskatuz Euskal Ganberak indultu haien kontra ager zedin.

Jeltzale taldearen bozeramaileak, Rubalkabak, urtebete lehenago erabilitako argudio berbera erabili zuen, esanez indultuen alde zeudela eta oso ona zela birgizarteratzeaz hainbeste hitz egitea. Horren ondoren, Legebiltzarrak baztertu egin zuen proposamen hura eta Espainiako Gobernuak jeltzaleen babes osoarekin eman ahal izan zituen indultu haiek.

Indultua jaso zuenetako bat, Jose Dominguez Tuda Goli, jada indultatua izana zen. Hain zuzen, Olarra anaiak torturatzeagatik ezarritako kondena barkatu zioten. Bai, Intxaurrondoko guardia zibila zen Goli bi aldiz indultatu zuten PNVko buruzagien laguntzarekin. Horregatik, ez zaie batere interesatzen indultu haiei emandako babesa justifikatzeko erabili zuten argudioa gogoratzea. Bidea irekia utzi nahi omen zuten ETAko presoei ere indultuak emateko.

Hori bai, buruzagi horiek ez dute batere aldatu une oro ongiaren eta gaizkiaren gainetik egon nahi duenaren jarrera. Beti baitiote, giza eskubideen urraketei dagokienez, ez dutela inolako errurik. Haien arabera, nahiz eta NATO belarriekin ere txalotu, ez daukate batere errurik NATOk eragin dituen milaka «albo biktima» gaixoen kasuan. Ezta preso politikoen sakabanatzeak eragindako biktimei dagokionez ere, ukaezina den arren beraiek izan zirela dispertsioaren bultzatzaile nagusiak. Halaber, Ertzaintzaren biktimen kasuan, diote demokraziarik eredugarrienetako polizien parekoa izan dela ertzainen jarrera eta jarduna. Torturaren kasuan ere bai.

Orain, ertzain askoren jarrera eta jarduna batere gustukoa ez duten honetan, hobe lukete beraien erantzukizunaz gogoeta sakona egitea. Ez al da izango hainbeste urtetan Ertzaintzak egin dituenen aurrean, torturatzea barne, erakutsi duten axolagabekeriaren emaitza? Ez al du zerikusi handia izango, ezker abertzalearekin obsesionatuak zeuden bitartean, espainiar Inteligentzi Zerbitzuei sekulako aukera eman izanak Ertzaintzan haien kasa jardun zezaten?

Noizko gogoeta sakon hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.