Maite nirea:
Badira daborduko egun batzuk iraila iritsi zaiguna, eta irailarekin batera gaur bertan udazkena; hasi zaizkigu egunak laburtzen, eta urtaro berriak atzean utzi du astiro-astiro udaldiari hartu diogun denbora. Denbora, harriak uretara patxadaz botatzen ibiltzekoa; denbora, lehertzear dauden pikondoei begira egotekoa; denbora, etxaldeko ardi, oilo eta txakurrei jaten eman eta haien mugimenduei beha egotekoa. Udako sasoian, eraiki dugu paradisu bat olagarroz elikatu duguna eta bazkalosteko siesta luzeekin deskantsatu duguna, elkarren loaren zaindari.Â
Orain beste bat da tempoa; orain, beste bat eguneroko erritua. Txikitzen ari diren egun berri hauekin batera iritsi zaigu elkarrengandik banatzen hasteko ordua, lehen banaketa batena, hemendik aurrera egongo direnen aitzindari. Haur eskolako atean utzi zaitut eta alde egin duzu nire altzo eta besoetatik, ordu laburrez bada ere, lur berriak zapaltzera; min eta hurko izango dituzun aurpegi berriak ezagutzera; mundu berri baten enkontrura. Jaio zinenetik hasi gara bereizten lehen aldiz —gutxi baina asko diren orduetan—, atxikimenduaren teoria eta ikerketa guztiek frogatuak dituzten etapa eta une garrantzitsuetan protagonista zeu eta ni. Egokitzapenaren faseak ari ei gara betetzen, bion arteko urruntze hau ongizate psikologikoaren pautak kunplituz nola egin asmatzen dugun bitartean. Eta ez dakit asmatzen dugun, ezen ni apurtu egiten naiz pixka bat aldiro, eta korapilo bat plantatzen zait eztarrian eta beste bat bihotzean, berbekin ez baina negarrarekin askatzen dena; izan ere, «gauzak ez dira ia beti sinistarazi nahi liguketen bezain ulergarri eta esangarri izaten; gertatutakorik gehienak esanezinak dira, hitzek inoiz urratu ez duten arlo batean gertatzen baitira».
Horixe idatzi zion XX. mendearen hasieran Rainer Maria Rilke idazle austriarrak poeta gazte bati, literatura epistolarrean erreferentziatzat hartuak diren Poeta gazte bati idatziak obran. Horixe erantzungo nizuke neuk ere, oraino galderak egiteko hizkuntza mintzaturik ez baduzu ere. Hilabeteak labur, oraindik ez dakizu hitz egiten, eta nik, zeure beha etengabe dagoen honek, besarkatu baino ez zaitut nahi, nola hazten zaren ikusi; izan ere, «hain zara gaztea, hain zaude hastapen guztien aurretik, ezen dakidan ongienik erregutu nahi nizuke, estimatua, pazientzia izan dezazula zure bihotzean konponduta ez dagoen ororekin eta saia zaitezela galderak berak maitatzen, gela itxiak eta oso hizkuntza arrotzean idatzitako liburuak bailiren. Ez itzazu orain bila erantzunak, ezin bizi zenitzakeelako ez baitakizkizuke eman. Eta guzti-guztia bizitzean datza gakoa. Galderak bizi itzazu orain».

Guzti-guztia bizitzean baldin badatza gakoa, zelebra ditzagun elkarrekin hasten dugun udagoien honetan irekitzen zaizkigun urtaro guzti-guztiek euren baitan gordetzen dituzten promesa guztiak, bizitza zuretzako dago-eta egina. Zeuk zizelkatzeko. Deskubritzen ari zaren mundu honi eskaintzen dizkiozun irribarre eta besarkada eta algara eta begiradekin ukendua egingo dut nik, pixka-pixka bat apurtzen naizen aldiro. Banatu garelako lehen aldiz, baina elkarri agur esaten diogunero hazten zaizkigulako besoak milaka urteko arbolen arrama sendoak lakoak, elkar lotzen gaituztenak maitasunaren botanikan.
Eta guzti-guztia bizitzeaz gain, galderak berak ere maitatu behar baditugu, has gaitezen ozen interrogatzen kontziliazioez eta amatasunez; amatasunen konplexutasun anitzez; erruez eta frustrazioez; senaz eta ikasketaz; idealizazioez eta ezin betezko estandarrez; baimen unibertsalez; ekoizteaz eta erreproduzitzeaz. Eta zaintzeaz, fin-finean. Elkar zaintzeaz. Merezi dugulako, maite nirea, guztion bihotzetan konpondu gabe dauden auzi kolektibo hauen inguruko hausnarketa gizarteratzea, zuk eta nik poesia egiten ere jarraitu ahal izateko.