Politika fiskala eta zor publikoa

2011ko martxoaren 03a
00:00
Entzun
Politika fiskalaren kasuan, kudeaketa makroekonomiko on eta egoki batek segurtatu behar du gobernuaren eragiketak eskari agregatua sustengatzen duela eta sektore pribatuaren aurrezkien nahiekin koherentea dela: politika fiskalak malgua izan behar du.

Angela Merkel-en ustez, euro-gunean, zor publiko «gehiegi» dago (http://www.spiegel.de/international/europe/0,1518,742363,00.html): «… ez dago euroaren krisia (…) Hau zor-krisia da. (…) Euroak huts egingo balu, Europak huts egingo luke. Euroa defendatuko dugu…».

AEBetan, Japonian edo eta Britainia Handian ez dago zor publikoaren krisia, zeren herrialde horiek monetaren subiranotasunak zutik baitirau, eta zor publikoaren betekizunei aurre egin ahal diete (http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/subiranotasun-monetarioa-eta-fiskala). Euro-gunean, aldiz, herrialde guztiek ezin dituzte zor publikoaren betekizunak bete, zeren haien zor guztiak «atzerritar» monetan baitaude, eurotan, beraiek moneta-jaulkitzeko monopolio indibiduala albo batera utzi baitzuten, euro-gunea eratzean edo bertan sartzean. Orain, euro-sistemak epe luzeko austeritatea eta langabezia bermatzen ditu, besterik ez!

Merkel-ek «lehiakortasuneko» akordio bat proposatu berri du euro-guneko herrialdeen artean, «haien politikak harmonizatzeko». Haren ustez, Europak duen arazorik garrantzitsuena Europaren lehiakortasunean datza. (Diogun, bide batez, hauxe dela Nazioarteko Moneta Fondoak, gobernuen aurka eta neoliberalismoaren alde, aspalditik predikatu duena: http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=13471.)

Esan nahi ote du Kantzilerrak hazkunde ekonomikoak, eta, beraz, errenten gehitzeak soilik lortu daitezkeela esportazio netoen bidez, barneko kontsumoaren kaltetan? Europako Diru Sistemako (EDS) herrialde guztiak truke-tasa nominal tinkoak edukitzera behartuta daudenez, haien barneko lehiakortasuna handitzeko bide bakarra barneko kostuen murrizketaren edo/eta produktibitatearen gehiketaren bidez lor daiteke.

Austeritate fiskalarekin, hazkundea indargabetuz eta negoziorako konfidentzia gutxituz, Europarako produktibitatea murriztuz joango da. Bill Mitchell-en iritziz (http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=13331), austeritate-egoera batean oso litekeena da produktibitatea ez haztea, are jaistea baizik. Badago literatura nahikoa puntu horren inguruan. Ondorioz, barneko debaluazioaren estrategia alferrekoa da. Beraz, langileriaren bizitza-estandarrak moztea ote bide bakarra? Norekin lehiatzeko, baina?

Ekonomia batek hazkundea edukitzeko, eskari agregatuaren hazkundea mantendu behar du. Barneko debaluazioren estrategiak atzerriko sektorean oinarritu behar du, eskariaren bultzada hornitzearren. Baina euro-guneko merkatua, hein handi batean, barrukoa da. Hortaz, barneko debaluazioa, euro-gune mailan,arrakastatsua izateko, eskarian barruko murrizketa nabaria egon beharko litzateke. Hau da, esportazioei begirako estrategiek ez dute funtzionatuko (http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=11559 eta http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=10547). Izan ere, esportaziorako hazkunde estrategia ezin aplika dakieke Europar Batasuneko herrialde guztiei, zeren aldi berean ariko bailirateke beren barruko eskaria moztuz.

Merkel-en estrategiak (pentsioei erasoz etalangileen soldatak eta egoera txartuz), agian herrialde baterako funtziona dezake baina ez herrialde guztietarako, ez badago Asiarako aparteko esportazioen bultzada, zeina etorkizun hurbilean ezinezkoa eta ametsa den. Asiak ez dauka inolako asmorik Europatik inportazioak bereganatzeko.

Hortaz, geratzen den aukera bakarra gastatzetik laguntza fiskal egoki bat mantentzea da, aurrezkiaren bidez sektore pribatuak bere gehiegizko zorra murriztuko duen bitartean.

Merkel-ek gobernu ekonomiko bat eskatu du euro-gunerako, lehiakortasun planaren barruan, Alemaniako ordena beste herrialdeei inposatzeko: alokairuen eta pentsioen gaineko murrizketak ditu agendan. Hobeto izango litzateke gobernu ekonomiko horrek autoritate fiskal komuna antolatzea, Europako Batasun Monetarioa (EBM) eratu zutenetik dauden akatsak zuzentzeko: http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=7909 eta http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=5377.

Beste aldetik, EBMn indarrean dagoen Egonkortasunaren eta Hazkundearen Akordioko(EHA) mugarri fiskalek, zentzugabekoak izatetik at, ez daukate inolako oinarririk inongo teoria edo praktika sendorik. Ezta ekonomiak eta sistema monetarioakelkarreragin dioteneko moduan ere.

Kontua da EBM ez dela inolako federaziorik, zeina, banaketa fiskalaren bitartez, federazioaren espazio geografiko osoan, biztanleen bizitza estandarraren kalitateaz arduratu ahalko litzatekeen.

EBMko herrialdeek Europako Banku Zentralari (EBZ) borondatez ahalbidetu diote independentea eta ez-aukeratua izatea, EBZren helburu bakarra inflazioa kontrolatzea delarik. Ondorioz, kideak diren herrialdeek politika fiskala erabili behar dute ekonomia errealean dauden shock ekonomikoei aurre egiteko. Merkel-en aginduak, aldiz, zor-galga bat suposatzen du. Hortaz, herrialde kideen politika fiskalak liteken malgutasuna galduko du eta, ondorioz, emaitza ekonomiko geldia azalduko.

Arazoa EBMko politika makroekonomikaren sistema ez-malguan datza, EBZ ez-demokratikoak eta erabat irrazionala den Egonkortasunaren eta Hazkundearen Akordioko muga fiskalek gidatua. Emaitza bistakoa da: langabezia eta errentaren hazkunde baxua.

Mitchell-ek dioenez, politika fiskal sostengagarri bakarra hauxe da: gobernu-gastuak nahiko izatea ez-gobernuko sektorearen aurrezki netoei buruzko desioak finantzatzeko. Eta horretarako, gobernu-sektoreak defizitean egonbehar du, sisteman gastu nahikoa egon dadin segurtatzearren,produkzio maila enpleguosoarekin koherentea izateko (http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=2905,http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=2916, eta http://bilbo.economicoutlook.net/blog/?p=2943).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.