Tasio Erkizia.
Ezker Abertzaleko militantea

Politikan, denak ez du balio

2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak azken egun hauetan egin dituen mugimenduek bazterreko hautsak harrotu dituzte. Ados egon edo ez, eztabaidan jarri da politika egiteko eredu bat, zeinean dena libre den bakoitzak berea defendatzeko: gezurrak, maltzurkeria, irainak, akusazio faltsuak, edo era desberdinetako jazarpen judizialak. Finean, egoera eta arazo konplexuentzat beltz edo zurizko erantzunak proposatzea edo norbera pertsona etikotzat eta besteak gaizkiletzat jotzea.

Pedro Sanchezen helburu zehatza ez dakit zein izan den, elektorala, bere burua erdigunean jartzeko asmoa, alderdiaren barne kontraesanak gainditu eta kohesioa gehitzea edo eskumako alderdi politikoak ataka estura eramatea... auskalo. Ez da nire asmoa ustezko hipotesiei buruz kinielak egiten jarraitzea. Gakoa da, Espainiako Estatuak, eta ondorioz Hego Euskal Herriak ere, eraberritze demokratiko sakonaren beharrizana duela. Horren larritasuna, azken berrogei urteetan aldarrikatu izan du Ezker Abertzaleak, gehienetan gainera beste alderdien mespretxua eta ez entzuna jasoz. Baina orain, eta lehen aldiz, Estatuko presidente batek modu larrian adierazi du. Alderdi politiko zein eragile sozioekonomiko guztiak enplazatuak izan dira, eta herritarrak ere bai. Ez dakit modu egokian egin duen, baina mahai gainean dago arazoa: politikagintzak duintasuna berreskuratu behar du. PSOE ere konturatu da lokatzetan horrela ezin duela aurrera egin. Zerbait egin behar duela egoera aldatzeko, bestela eskuma neo-frankistak beti irabaziko du.

Galdera da: helduko dio gaiari? Gai izango da proposamen zehatzak egiteko? Kemen nahikorik izango du horrelako prozesu sakona bideratzeko? Ez dakit. Hurrengo hilabeteek erakutsiko digute. Ez dut esperantza handirik, baina ilusioa mantendu nahi dut. Badakit, Estatu mailan zein gure artean dagoen kultura politika alderdikoi eta elitistak ez duela itxaropenerako tarte askorik uzten, baina, aldi berean, galdu ezin dugun aukera da. Urratsez urrats frankismoaren aztarnak borratu behar ditugu, errespetuan oinarritutako kultura politikoa errotu eta zabaldu. Bestelako politikagintza eredu bat aldarrikatu. Gizartea ilusionatuko duen udaberri politikoa sustatu. Erronka botatzeko unea da.

Jakin badakigu horretarako ez direla prest egongo eskumako alderdiak. Ez zaie interesatzen. Orain arteko politika lokaztuan eroso sentitzen dira. Hori da beraien politikagintzarako eskuliburua.

Trantsizioan erein zuten eredua da. Trantsizioaren oinarria Frankismoak egindako sarraski guztiei inpunitatea bermatzea, oposizioa kriminalizatzea eta demokrazia kontrolatua adostea izan zen. Horren ondorioak larrutik ordaindu genituen eta ordaintzen jarraitzen dugu Euskal Herriko independentzia zaleok; eta ondoren ezagutu dugu baita Kataluniako herriaren aurkako errepresio latza zein Podemos-eko batzuen aurkako jazarpena. Orain PSOEko presidenteari heldu zaio txanda.

Eraberritze demokratikoa bideratzeko, denon autokritika eta jarrera aldaketa beharko da. Baina Sanchezek lideratu nahi badu, lehen urratsa, PSOE barneko hausnarketa serioa egitea da. Zeren eta bi datu adierazteko, beraien Justizia ministroak esan zuen euskal militanteen aurka «si no hay pruebas las crearemos», hori baino lawfare larriagorik posible al da?, eta Jauregi izan zen EAJren laguntzaz ezker abertzalea modu iraunkorrean kriminalizatu zuena, gizartea «violentos y demócratas» eskema sinple bezain faltsuan zatituz. Edo zer esan euskal preso politikoekin epaile batzuk erakusten ari diren zekenkeriaz? Eta azken EAEko hauteskundeetan Eneko Anduezak izan duen jarrera, ez al da Feijoo eta UPNko Esparzaren berdina izan? Eskumaren pare aritu da, haren estiloa kopiatuz eta bestelako pentsaerak kriminalizatuz. Sanchezek kritikatzen duen politikagintza eredua bete-betean bultzatu du. Andueza jauna, biziberritze demokratikoa elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza integratzailean oinarritzen da, ez usteko beto eskubidean eta jarrera harroetan.

Kultura politiko osoa eraldatu beharrean gara, politikagintza herriaren zerbitzura jartzeko. Eta horretarako, lege berri batzuk baino askoz gehiago eskatzen zaigu. Gizartea mobilizatu beharra dago, modu batera edo bestera inplikatu. Baina, horrekin batera, konpromiso legal batzuk hartu behar dira Justiziaren autonomia errespetatua eta ziurtatua izan dadin; mozal legea behingoz errotik aldatu behar da, gizarte eragileen eskubideak urratzen jarraitu ez dezaten, eta, nola ez, politikarien gezurrak eta faltsukeriak gutxitzeko bidean ere neurri zorrotzak hartu beharko dira.

Azkenik, eragile soziopolitiko askoren inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoa izango da. Duela 45 urte aurrez aurre bi aukera genituen: erreforma ala haustura demokratikoa; eta ahaleginak eta bi egin genituen bigarren aukeraren alde. Oso bakarrik aurkitu ginen alderdi politikoen artean, baina herritar asko zen gu bezala pentsatzen zuena. Orain urratsez urrats aurreratu nahi dugu eta helburu bera lortu: Euskal Herriaren eskubide demokratikoak eskuratzea, herri gisa gure etorkizuna erabakitzea. Sanchezek esan du, bere ekinbidean «punto y aparte» egongo dela. Ea egia den, eta ausardiaz jokatzen duen. Gure aldetik ez dugu hutsik egingo. Asko dugu jokoan.

Politikak merezi du. Ederra da komunitatearen alde lana egitea, gizarte eta herri solidario eta justuaren alde kalean zein instituzioetan konprometitzea. Baina politikan denak ez du balio. Eta horretarako bestelako kultura politikoa erein behar da. Norberarengandik hasi eta gizarte osora zabalduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.