Prostituzioaren auzia mintzagai izan da azken denboran, baina eztabaida bi proposamenen arteko talkan harrapatuta gelditu da: batetik, lege bidezko abolizioa, feminismo erradikalak ordezkatua eta, bestetik, prostituzioaren despenalizazioa, transfeminismoak bultzatuta Bilgune Feministaren eskutik eta LABek babestua; izan ere, igaro den maiatzaren 1ean prostituzioa erregularizatzearen alde mobilizatzera deitu zuen sindikatuak.
Gizartean ardura sortzen duten gaietako bat izaten jarraitzen du prostituzioak. Alde batetik, emakumeon aurkako sexualizazioan eta indarkerian oinarritutako instituzioa da, eta horrek emakumea sexu-objektu gisa sozializatzea eragiten du, eta emakumeon aurkako indarkeria normalizatzen du. Beste aldetik, sexu-industria mundu osoan zehar emakumeon sexualizazioaren eta miseriaren kontura milioika irabazi sortzen dituen industria bat gehiago da.
Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela prostituzioari buruzko eztabaida zabaltzea eta beste gako batzuetan berrantolatzea, prostituzioaren amaiera norabide iraultzailearen baitan kokatuz.
Hala ere, argi daukagu prostituzioaren abolizioa ez dela lege bidez lortuko, gizarte kapitalistak dirauen bitartean prostituzioa existituko baita. Alde horretatik, lege abolizionisten proposamena arriskutsua dela irizten diogu, prostituzioan dauden emakumeak zigortzen dituelako, klandestinitate eta kriminalizazio handiagora kondenatuz.
Gaurko borrokek prostituzioa amaitzeko norabidean ekarpena egin behar dute. Horregatik, bizi-baldintza unibertsalen alde borroka egin behar dugu; hau da, inongo emakumek prostituziora jo beharrik ez izateko eskubide ekonomiko eta materialak defendatu behar ditugu
Proposamen despenalizatzaileak, emakume horien egoera hobetzeko borondatea duen arren, prostituzioa normalizatzen eta legitimatzen du. Hiru ideia aipatu nahi ditugu: lehena, prostituzioa legalizatuko bada, enpresariei hobari ekonomikoak bermatzen dizkielako izango da. Hortaz, emakume horiek eta horien gorputza zein sexualitatea enpresari handien esanetara azpiratuta mantenduko lirateke. Bigarrena, merkatu horretan emakume gehienak egoera irregularrean daudenez, legalizazioak emakume gutxi batzuen egoera soilik aldatuko luke, prostituzioan diharduten gehienek baldintza bortitz eta miserableetan jarraituko luketen bitartean; gainera, trata-fluxuak mantenduko lirateke. Hirugarrena, legeztatzearen aldeko borrokek, prostituzioa amaitzeko urratsak egin ordez, prostituzioa betikotuko lukete.
Gaurko borrokek prostituzioa amaitzeko norabidean ekarpena egin behar dute. Horregatik, bizi-baldintza unibertsalen alde borroka egin behar dugu; hau da, inongo emakumek prostituziora jo beharrik ez izateko eskubide ekonomiko eta materialak defendatu behar ditugu. Horrez gain, emakumeon gorputzen sexualizazioa eta zapalkuntza erreproduzitzen duen kultura matxistaren aurka borrokatzea ezinbestekoa da.
Hori guztia norabide iraultzailearen baitan kokatu behar dugu; izan ere, irabazi kapitalistak eta pobrezia ezabatuko dituen eta guztion ongizatean oinarrituko den gizarte sozialista bat eraikitzea ezinbestekoa da, horrek ahalbidetuko baitu emakumeon zapalkuntza eta, ondorioz, prostituzioa amaitzea. Eta gaur zer? Bada, gaurdanik gaitasun politikoak handitzeko borroka egin behar dugu. Eta badugu zer egina, besteak beste: puteroak eta proxenetak seinalatzea, prostituzioan dauden emakumeei elkartasuna adieraztea eta beraien aurkako kriminalizazioari aurre egitea, sexu-merkatuaren kontsumoa problematizatzea edota mozal legearen aurka egitea.
Emakumea aske izango bada, gure aurkako sexualizazioa inposatzen duen eta indarkeria matxista normalizatzen duen sexu-merkatua amaitzea funtsezkoa da. Norabide horretan, gaurdanik prostituzioa amaitzeko posizioa indartu nahi dugu.