Konstituzio Zuzenbideko irakaslea EHUn

PSN, Vascuencearen Legea eta Espainiako Konstituzioa

2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan abenduaren 15ean 39 urte bete ziren Vascuencearen Legea onartu zenetik. Jakina denez, lege horren aurka iraunkorki mobilizatu dira Nafarroako eragile euskaltzaleak, baina, tamalez, eta hainbat erreforma egin arren, bere funtsa aldatu gabe mantendu da denbora honetan guztian. Zehazki, euskararen zonifikazioaz ari naiz, zeina Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunaren adituen batzordeak berak salatu baitzuen, zer eta Gutun horren 7.2 artikuluaren aurkakoa delako, euskararen sustapenerako oztopo objektiboa baita.  

Zergatik izan da posible? Funtsean, PSNk, aurrerakoia omen den alderdiak, erabat jarrera atzerakoia mantentzen duelako gaiarekin, UPN-PP-Voxekin posizioa partekatuz, eta, batzuetan, horiek baino urrunago ere iritsiz, merituen dekretu polemikoarekin gertatu bezala, zeinaren bidez gure hizkuntza propioa Nafarroako eremu ez-euskaldunean funtzio publikora sartzeko meritu gisa puntuatzea debekatzen den. Puntuatzen dutenak, hori bai, ingelesa, frantsesa eta alemana dira. Batzuen auto-gorrotoaren adibide bikaina.

Hori esanda, Vascuencearen Legearen aurka era guztietako argudio politiko, kultural eta soziolinguistikoak eman dira orain arte. Badira juridikoak ere, eta lerro hauen bitartez, nire diziplina propiotik —Konstituzio Zuzenbidea— batzuk eman nahi ditut, PSNri helarazteko, konstituzionalistatzat baitauka bere burua, baina Konstituzioaren aurkakotzat jo beharko litzatekeen lege bat defendatzen ari baita, hizkuntza arloan Espainiako Carta Magnak aldarrikatzen duenaren aurkakoa dena, nabarmen. Azalduko dut zer esan nahi dudan.

Estatuan dagoen hizkuntza aniztasunari dagokionez, ikuspegi juridikotik, Konstituzioa ez da neutroa, ezta abstentzionista ere; ez du tolerantzia hutseko jarrerarik ere hartzen, baizik eta «jarrera positiboaren» alde egiten du (Solozabal, 1999), eta, beraz, onartu ez ezik, babestu ere egin nahi du hizkuntza-aniztasuna (Urrutia, 2021). Horretarako, indarrean dagoen hizkuntza-eredua ixten ez badu ere (Fossas, 2018), haren «ildo nagusiak» finkatzen ditu (KAE 82/1986), autonomia-erkidego guztiek jarraitu behar dituztenak. Zehazki, 3.2 artikuluak hitzez hitz dio «Espainiako gainerako hizkuntzak ere [euskara barne] ofizialak izango dira, beren autonomia-erkidegoetan, haien estatutuekin ados».

Horrek esan nahi du, batetik, Konstituzioak zalantzarik gabeko koofizialtasun-agindua duela (Arzoz, 2004), nahitaezkoa dena (López Basaguren, 1988). Kontuan izan artikuluak «ofizialak izango dira» esaten duela, eta ez «ofizialak izan daitezke» (1978ko eztabaida konstituziogilean atzera bota ziren agindu hori hautazkoa egin nahi zuten zuzenketa guztiak). Bestalde, esan nahi du Autonomia Estatutuetan zehaztu behar dela ofizialtasun horren edukia: «Konstituzioak estatus ofiziala baldintzatzen du soilik, baina ez bere ezaugarriak» (López Basaguren, 2007).

Hori esanik, Konstituzioak ez du ofizialtasunaren kontzeptua definitzen, nahiz eta hizkuntza bati eman dakiokeen «babes-maila handiena» dela ulertzen den (Pérez-Fernández, 2006). Gainera, Konstituzio Auzitegiak berak guztiz bereizi egin du hizkuntza baten ofizialtasuna hizkuntza horren erabilera edo indar sozialetik (berdin da zenbat hiztun dauden), eta argitu du hizkuntza bat ofiziala dela botere publikoek komunikatzeko bitarteko normaltzat jotzen dutenean, «balio eta ondorio juridiko osoz» (KAE 82/1986, 2. OJ). Besteak beste, hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko betebeharra dakar.

Eremu orokor horren barnean, parlamentu autonomikoak aske dira berezko hizkuntzaren ofizialtasuna arautzeko, baina betiere azken honen irudi nagusia edo funtsezko edukia errespetatuz. Erakunde-bermea esaten zaio horri (Solozábal, 1999). Hori dela eta, ofizialtasunari ezarri nahi zaion muga orok «arrazoizkoa eta proportzionala» izan beharko du Konstituzioaren arabera legitimotzat hartzeko (Arzoz, 2004).

Adibide gisa: Nafarroako Parlamentuak ezingo luke formalki euskara ofizial aldarrikatu, eta, aldi berean, hura leku publikoetan erabiltzea debekatu, ofizialtasunaren irudi nagusiaren aurkakoa litzatekeelako; edo ezin izango luke euskara Goizuetan bakarrik ofizialtzat jo, Konstituzioari eta koofizialtasun-mandatuari iruzur handia egingo liokeelako.

Horregatik, galdera da: arrazoizkoak eta proportzionalak dira 1986an euskararen ofizialtasunari ezarritako lurralde-mugak? Erantzuna ezezko biribila da; izan ere, Nafarroako biztanle gehien-gehienak ofizialtasunaren babesetik kanpo utzi ziren, eta euskaldunen erdiak ere bai (Nafarroako Estatistika Institutuaren datuen arabera, %48,8). Harrezkero, gainera, arazoa larriagotu baino ez da egin; izan ere, gaur egun, Nafarroako biztanleen % 9 soilik bizi da eremu euskaldunean (hau da, Konstituzioan agindutako ofizialtasunaren pean), eta, aldiz, lau euskaldunetik hiru euskara ofiziala ez den lekuetan bizi dira (Nastat, 2022). Juridikoki, eskandalu hutsa da, ze, gauza bat da ofizialtasun-deklarazioa mugatzea hizkuntza propio bateko hiztunak dauden lurraldera (hauek gutxi izan arren), eta beste bat, oso bestelakoa, hiztun gehienak ofizialtasunetik kanpo uztea. Lehen aukera Konstituzioan sar liteke, bigarrena ez.

PSNko jaun-andreok, ea behingoz ulertzen duzuen. Bitartean, euskaltzaleok arraunean segitu behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.