Badira zazpi urte PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenetik, eta urte horietan aldaketaren gobernua izango zirela zioten, besteak beste, Espainiako Estatuko «gobernurik feministena» izango omen ziren. Aldiz, denborak aurrera egin ahala bestelakoa izan da alderdiak agerian utzi duena. Azken hilabeteetan estatua krisi politiko betean dago: ustelkeria kasuak, gobernua sostengatzen duten alderdien desadostasunak... Azken asteetako sexu-eraso kasuek eta salaketek, gainera, alderdi politikoaren barneko erasotzaileak eta puteroak azaleratu dituzte; izan ere, dozenaka kasu matxistaren berri izan dugu: lehena Abalos eta Cerdanen prostituzio kontsumoaren kasua izan zen, eta jarraian etorri dira bestelako eraso eta jazarpen kasuak: Francisco Salazar, Antonio Navarro, Jose Tome, eta Iago Negueruela, beste hainbaten artean. Hala ere, PSOEn jarrera eta erasotzaile matxistak aspalditik daudela jakina da, horren adibide izanik Andaluziako ERE kasuan zigortutako zenbaitek lapurturiko diruaren zati bat prostituzio gastuak ordaintzeko erabili zutela.
Feminismoaz eta berdintasunaz ahoa betetzen duten horiei ezer gutxi inporta diegu emakumeok, bitarteko elektoral bat gehiago besterik ez gara. Horretarako, beraien politikagintza feministari erreparatu besterik ez dugu: feminismoaren aldeko aldarriak egin dituzte, baina emakume langileon eskubide politikoak behin eta berriz urratzen dituzte, lan baldintza prekarioetan lan egin behar izaten dugu eta indarkeria matxistak bere horretan jarraitzen du. Emakumeak postu instituzionaletan jarri dituzte estatuaren aurpegia zuritzeko, baina horiek martxan jarritako politikak klase ertaineko emakumeei bideratuta egon dira, eta bitartean, milaka eta milaka emakume proletariok zapalduta jarraitzen dugu.
Ibilbide luzea du PSOEk, eta 78ko Erregimena abiatu zenetik estatu kapitalista espainiarreko funtsezko alderdi politikoa izan da. Azken urteetan, ordea, PSOEk bere alderdia kolore aurrerakoiez margotu nahi izan du, horrela gazteen, emakumeen eta, orokorrean, kolektibo zapalduon alderdia izateko. Guztia azaleratzen da ordea, PSOEk Espainiako kapitalista fakzio baten interesak ordezkatzen jarraitzen du, langileon interesen kontra. Berak ere argi du kapitalismoaren baitan eraldaketa sozialak ez duela lekurik; izan ere, klase dominantearen interes ekonomikoek eta politikoek zehazten dituzte politika instituzionalak: NATOn sartzea edota gerra inperialistak indartzeko armagintzako inbertsioak egitea.
PSOEri gobernuari eustea eta oinarri elektorala mantentzea zailtzen ari zaio, batetik, bere promesen ezintasuna agerian geratu delako, langileon bizitzetan ez dutelako inolako hobekuntzarik ekarri. Bestetik, azken hilabeteetako albisteen eta gertakarien ondorioz, kontzientzia aurrerakoia duten boto emaile askok alderdiarengan konfiantza galtzea eragin duelako. Hori horrela, legegintzaldia salbatzeko mugimenduak besterik ez dira polemika horiek guztiak ezkutatu nahian egiten ari direnak: ez da kasualitatea indarkeria matxistan aditua den Fiskal nagusia jartzea, hauteskunde autonomikoetan eraso matxista horien aurkako diskurtsoak plazaratzea edota Madrilgo PSOEk protokoloak berritu eta militante ororentzako formakuntzak proposatzea, Kontseilu Feminista sortuz. Era berean, etorri daitekeen faxismoaren beldurra darabil botereari eusteko, momentuan dagoen egoera ekonomiko eta politikoa emakumeontzat onuragarria bailitzan.
Bitartean, ustelkeria kasuetatik indartzen ari dena faxismoa da, bere burua «antisistema» gisa saltzen duen heinean. Nahiz eta Voxi bost axola zaion emakumeon problematika: batetik, bere baitako hainbat eta hainbat alderdikide izan dira indarkeria matxistagatik epaituak; bestetik, soilik ideia arrazistak zabaltzeko aukera ematen dieten indarkeria matxista kasuak salatzen dituzte.
Alderdi bakoitza bere joko elektoralean dabil, beraz. Bitartean, ez eskuineko ez ezkerreko alderdiek ez dute matxismoaren auzia amaitzeko bide orririk proposatzen, inondik inora ere. Ezer gutxi espero genezake Estatuko aparatuetan txertatuta dauden alderdien eskutik. Gizarte kapitalistak beharrezko du emakume langileon zapalkuntza erreproduzitzea, eta ezinezkoa da, beraz, bere barnean matxismoa amaitzea, gizarte hau ezinbestean baita matxista.
Horregatik beharrezkoa da, desatxikimendu politikoa eragiten duten politikari profesionalen aurrean, esperantzarako eta borrokarako grina sorraraziko diguten alternatiba politikoak eraikitzea: gaurdanik emakumeok bizi ditugun zapalkuntza guztiei aurre egingo diena; jarrera eta ideia matxisten aurkako etika berri bat eraikiko duena; eta hori guztia zapalkuntzarik egongo ez den gizarte eredu sozialistaren bidean egikarituko duena.