Renferen aldiriko zerbitzua Gipuzkoan, ‘quo vadis?’

Arantza de Ozio – Eguzki Talde Ekologistako kidea
2023ko azaroaren 15a
12:52
Entzun

Egunotan albiste izan da PSOEren eta ERCren arteko akordioa Renfek Katalunian dituen aldiriko lineak Generalitateari «oso-osorik» transferitzeko. Testuinguru horretan jakin dugu iaz, linea horietan, bost egunetik lautan atzerapen larriak gertatu zirela. Ez dut Gipuzkoako Irun-Brinkola lineari buruzko estatistiken berririk, baina, nire eskarmentuan oinarrituta, lasai asko esan dezaket atzerapenak eta era guztietako gorabeherak eguneroko ogi direla. Hona hemen bakar batzuk:

Tren-zerbitzuen suspentsioak

2004tik, behintzat, gertatzen dira gorabeherak. Brinkolara iritsi edo Brinkolatik atera egin behar duten trenak Zumarragan geratzen dira, eta handik berriz ere Irunera doaz. Zumarragako leihatilan ematen duten aukera bakarra da txartelaren diferentzia abonatzea. Baina zuk ez duzu txartelaren diferentzia abonatzerik nahi, zuk soluzio bat nahi duzu, soluzio bat behar duzu, adibidez, taxi bat jar dezatela. Erantzuna beti bera da: «ezin dugu». Azkenaldion, beharbada Legazpiko Udalak Renfe-Adifen aurrean egindako kexa bat dela eta, zenbait pertsonari, azkenean, taxi bat jarri omen diote.

Bidaiaria Brinkolan baldin badago eta komunikagailua erabiltzen badu, honek aspertu arte errepikatzen du «deia atenditzeko zain». Edo ezer ez dakitela erantzuten diote edo kexa bat ipin dezala edo konexioa galtzen da, besterik gabe.

2017an, tren-zerbitzuak hain sarri suspenditu zituzten (egun bakar batean zazpi ere bertan behera uztera iritsi ziren), ezen langileek berek salaketa bat plazaratu behar izan baitzuten. Bertan argitu zuten makinista faltan zeudela. Batez besteko adina altua zela eta erretiroa hartutako makinistak tantaka baino ez zituztela ordezkatzen.

Geltoki jakin batean. Hurrengo egunean bertan behera geratuko ziren zerbitzuen berri izan bezain pronto, informazio-orritxo bat jartzen hasi ziren langileak, motu propio. Bada, enpresak debekatu egin zien, soil-soilik Renferen abisu ofizialak jar zitezkeela argudiatuz.

Gaur egun, zerbitzuak berriz ere oso sarri bertan behera uzten ari dira. Oraingoan ere langile falta?

Atzerapenak

Atzerapenak ia egunerokoak dira. Enpresak «obren ondorio» direla argudiatzen du, baina Lezo eta Gros bitartean obrarik ez badago, eta Lezotik ateratako tren batek tarte hori normalean 10 minutuan egiten badu, zergatik iristen da 25 minutuko atzerapenarekin?

Informazioa

Nasetan dauden monitoreen informazioa, bozgorailuetatik ematen dena, leihatilan dauden langileena eta sakelakoaren aplikazioena nekez datoz errealitatearekin bat. Oso sarri Brinkolan agertzen dira distantzia luze eta ertainetako bidaiariak. Geltokian zeuden, agindutako orduan beraien trena iritsi ordez aldiriko bat iritsi da, erratuta igo dira eta… Brinkolan. Nasetako monitoreak, trena iristeko zenbat denbora falta den iragartzen dutenak, matxuratuta daude oso maiz. Erabiltzaile eskarmentatuak ez dira ematen duten informazioaz fidatzen.

Makina eta bagoi zaharkituak

Ohiko erabiltzaile batek erraz egingo du topo aspalditik matxuratuta dagoen bagoi batekin. Adibidez, bagoi batzuetan aire egokitua ez dabil, eta barruan 35º edo gehiagoko tenperatura jasan behar izaten da, kanpoan 30º edo gutxiagokoa denean. Edo berogailua martxan abuztuan. Edo irekitzen ez diren ateak seinalizatu gabe. Edo komunik ez.

Mugi/Lurraldebus txartelaren egokitzea

Txartelak balidatzeko makina batzuk matxuratuta zeuden, baina martxan baleude bezala agertzen ziren. Ez zuten txarteletan eragiten eta, ondorioz, penalizazioak aplikatzen ziren. Mugiren aurrean kexa aurkeztu behar zen, baina horretarako Renferen ziurtagiria lortu behar zen edo… dirua galdu. Ez zegoen aldez aurretik makinek funtzionatzen ote zuten jakiteko modurik, langileen monitoreetan funtzionatuko balute bezala agertzen zirelako.

Gaur egun, abonu errekurrentearen fidantzak berreskuratzeko arazoak daude. Kexa aurkeztea aholkatzen da, ziurtagiria erantsita noski (eta lau hilabete geroago, gutxienez).

Kexak

Kexak jartzera animatzen bazara, erantzungo dizute, noski. Erantzunean, «barka eragozpenak…», «abisua dagokion zerbitzuari pasatuko diogu, neurri zuzentzaileak har ditzan» eta antzekoak irakurri ahal izango dituzu. Baina ondorengo azalpenak irakurrita, sarri honako sentsazio honekin geratzen zara: edo ez dute kexaren arrazoia behar bezala irakurri edo zuzen-zuzenean zure kexarekin zerikusia ez duen erantzun bat eman dute.

Zera nabarmendu nahi dut: hemen aipatu ditudan gorabehera gehien-gehienak kexen bidez dokumentatu ditut, egunak eta orduak barne.

Beste erabiltzaile batzuekin harremanak izaten ditut, noski. Bada, haiekin izandako elkarrizketatik ondorioztatzen dut gehienek, guztiek ez esatearren, kexak jartzea alferrik dela uste dutela. Pertsona kaltetuak oso babesgabe sentitzen dira, eta abonu errekurrentea (doan) badute, uste dute kexak aurkezteak kalte egin diezaiekeela.

Minimo historikoak

Orain arte esandako honi guztiari gehitzen badizkiogu itxita dauden geltokiak, zerbitzurik gabeak, irisgarritasun-arazo larri-larriak dituztenak, trenbide azpiko pasabideen falta eta, oro har, behin eta berriz atzeratzen diren eguneratze- edo hobetze-obrak, urtetan behar baino askoz gutxiago inbertitu delako… uste dut Renferen zerbitzuaren kalitatea Gipuzkoan minimo historikoetara hurbiltzen ari dela.

Eta ez begi-bistatik galdu hauxe dela «jendeak» egunero erabiltzen duen trena. Transferentziak pendiente jarraitzen du, ados. Ea berandu baino lehen iristen den. Baina transferentzia zerbitzua hobetzeko bitarteko bat baino ez da izango. Egoerari aurre egiteko lehendabizikoa borondatea da. Eta, egia esan, orain arte ez dugu borondate handirik ikusi, ez Estatuaren aldetik, baina ezta transferentzia eskatzen dutenen aldetik ere. Izan ere, orain arte AHT abiadura handiko trenerako begiak (eta bitartekoak) baino ez dituzte izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.