Sare sozialetan normala dirudi errespetua eta jardunbide onak galtzeak. Badirudi erabiltzaileen artean idatzi gabeko akordio batera iritsi direla, eta sare sozialetan denak balio duela.
Txikitatik mundu fisikoan errespetuan hezten gaituzte. Balio horrek gizartea hobeto funtzionatzea eragiten du eta gure ongizatea eta bizi-kalitatea handitzen ditu. Hala ere, online munduan oinarrizko errespetu moduak ere galdu dira. Funtsezko gauzak desagertzen ari dira, adibidez norbait agurtzea berarekin harremanetan jartzen garenean edo agur esatea elkarrizketa amaitzen dugunean. Bigarren eskuko gauzen salerosketan aritzen diren sare sozialetako erabiltzaileak nola erlazionatzen diren ikusi besterik ez dago, adibidez, Wallapop-ekok erabiltzaileak. Ez kaixo, ez agur, ez antzeko ezer. Norbait zerbait saltzen duen beste pertsona batekin harremanetan jartzen denean, askotan zuzenean produktuarekin zerikusia duen zerbait galdetzen dio, eta elkarrizketa txiki bat sortzen bada, amaitzean ez dago agurrik, idazteari uzten dio. Eta batzuetan bietako batek idazteari uzten dio interesa galtzen duenean, berdin dio elkarrizketa amaitu ez bada ere. Askotan gauza bera gertatzen da online munduan ezagutu berri dugun norbaitekin hitz egiten dugunean.
Baina fenomeno hori ez da ezezagunen artean bakarrik gertatzen, ezagunen artean ere antzeko zerbait gertatzen da. Modu berean hasten eta amaitzen dira elkarrizketak. Hain onartuta dago jende askok ez diola garrantzirik ematen.
Besteekin gaudenean, oinarrizko jokaeren artean besteak errespetatzea eta ez iraintzea dago. Zentzuzkoa dirudi, baina online munduan ez da horrelakorik gertatzen. Jende gutxi gai da norbaitek modu zibilizatuan iritzi bat azaltzerakoan bestelako iritziak modu egokian adierazteko, errazegi erabiltzen ditugu mespretxuak, sarkasmo kaltegarriak eta irainak. Badirudi ahaztu egiten zaigula pertsonekin hitz egiten ari garela, erabiltzaile-izen baten atzean normalean zu eta ni bezalako beste pertsona bat dagoela, zuk eta nik ditugun bezalako sentimenduekin. Badirudi pertsona askok pentsatzen dutela beraiek bakarrik dituztela sentimenduak, besteak ez direla existitzen.
Pertsona askok sare sozialak erabiltzen dituzte gaizki sentitzen direnean emozioak erregulatzeko mekanismo gisa. Beren bizitzarekin duten frustrazio eta ondoez mailaren seinale da. Beren bizitzari aurre egin eta hobetzen saiatu beharrean, nahiago dute sare sozialetan emozioetatik ihes egin eta «mugitzen den guztiari tiro egin». Zalantzarik gabe, bigarren aukera hau lehenengoa baino askoz errazagoa da, baina ez da eraginkorra. Ondoezak hor jarraituko du sare sozialetatik irtetean, horren zergatiak landu arte.
Errespetua galtzeko beste modu bat beste batzuen irudiak edo informazioa haien baimenik gabe argitaratzea da. Onespen eta aintzatespen premia pertsonalak gidatuta, eta baita berekoikeria dosi handi batek gidatuta ere, askok erabakitzen dute beste pertsona batzuek pribatutasunerako duten eskubidea urratzea merezi duela. Beste pertsona batzuk agertzen diren argazkiak partekatzea erabakitzen dute, horrek besteengan izan ditzakeen ondorioei buruzko hausnarketa txikienik ere egin gabe. Norberekoikeria eta degradazio maila hain da handia, ezen pertsona batzuek sareetan etengabe erakusten baitituzte haien haurrak, horrek adingabeentzat izan ditzakeen ondorioetan pentsatu gabe edo sor diezaiekeen onura ekonomiko edo emozionalak justifikatuta.
Pertsona askok leku pribatuak ere inbaditzen dituzte argazkiak ateratzeko. Batzuek sareentzako edukia sortzen dute istripuetan hiltzen direnen gorpuekin, beilatokietan edo zoritxarren irudiak eta bideoak partekatuz. Erabiltzaile partikularrak ez dira hori egiten duten bakarrak, komunikabide «serio» askok sareetan gertaeren berri ematean horrelako irudiak eta bideoak argitaratzen dituzte bistaratze gehiago izateko. Badirudi etika profesionalak garrantzi gutxiago duela like-en, bistaratzeen eta iruzkinen kopuruarekin alderatzen denean.
Badira, era berean, argazki bat ateratzeko erreserba naturalak eta gune babestuak degradatzen dituzten pertsonak. Denak balio du ezezagunen arreta eta onespena lortzeko. Errespetu falta etengabea da guztiarekiko eta guztiekiko.
Besteak errespetatzea eta besteekin atseginak izatea ez da ezer kostatzen eta, aldi berean asko balio du, baina badirudi online munduan asko kostatzen den eta baliorik ez duen zerbait bihurtzen ari dela. Inork ikusten ez gaituela pentsatzerakoan online munduan ditugun jarrera askok nolakoak garen erakusten digute. Hausnarketa txiki bat egin beharko genuke online munduan dugun portaerari buruz. Ze gizarte mota sortu nahi dugu? Ze ekarpen egiten diogu sortu nahi dugun gizarte hori lortzeko?