Eibarko LABeko kidea

SEPEren itxiera Eibarren: publikoa dena abandonatzearen erakusle

Maialen Bergara Eguren
2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteetan, Eibarko biztanleak, eskualdeko herri garrantzitsuena eta biztanle kopuru handiena duena izanik, gertaera kezkagarri baten lekuko izan dira: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) itxiera Eibarren. Giza baliabide faltagatik itxi da enplegu-politikak kudeatzeaz, langabeziagatiko prestazioak eskaintzeaz eta lan-prestakuntza sustatzeaz arduratzen den erakundea. Egoera horrek zalantza larriak sortzen ditu sistema publikoak herritarren eskubide sozialekin duen konpromisoari buruz.

Itxiera ez da kasu bakan bat, azken urteetan garatuz doan tendentziaren parte da: publikoa dena interes pribatuen alde poliki-poliki ezabatzea. Eibarko SEPE bere itxieraren aurretik gai zen langabezian zeuden milaka pertsonari babesa emateko. Orain, ordea, ez du bere zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik. Langile-kopuruari dagokion egiturazko hutsunearengatik. SEPEren funtzioa lan-kalteberatasun egoeran dauden herritarron ongizatea bermatzea da, eta aipatutakoa gertatzea onartezina da.

Eibarren gertatzen ari dena ez da «doikuntza» administratibo hutsa. Arduragabekeria instituzionalaren isla da, eta tokiko, autonomia erkidegoko eta estatuko arduragabekeria honek, publikoa dena abandonaturik, herritarrak babesgabetasun egoeran utzi du. SEPEren lana da langabeziagatiko prestazioa bezalako oinarrizko eskubideak bermatzea, eta, hori kontuan izanda, herritar guztiei arreta eskaintzeko behar adina giza baliabide eta baliabide material izan beharko lituzke, herritar horiek bizi diren zona edozein dela ere. Eibarko herriak nukleo industriala eta langabezia-tasa handia ditu, eta, horregatik, zerbitzu hau horrelako herri batean ixteak argi erakusten du administrazioa ez dela ari bere gain hartzen herritarrekiko erantzukizuna.

Gaur egun, enplegu-politika publikoak gero eta gehiago bideratzen dira zerbitzuak kanpora ateratzera eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzera. Testuinguru hori dugula eta, bereziki larria da SEPEren itxiera. Estatuak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta hor agintzen duten alderdi politikoek arlo publikoari bizkar ematen dioten bitartean, sektore pribatuko korporazio handiak kolektiboa eta soziala indartzeko diren baliabideez baliatzen dira. Pribatizazio prozesu horrek, lan-prekaritatea areagotu ez ezik, babesik gabe uzten ditu herritar ahulenak; besteak beste, enplegua eta gizarte segurantza bezalako oinarrizko eskubideak lortzeko estatuko zerbitzuen menpe daudenak.

Erakunde publikoen desegitea, kontu ekonomikoa izateaz gain, kontu etikoa eta politikoa ere bada. Estatuaren presentzia murrizten bada —hala nola enplegua, hezkuntza edo osasuna bezalako funtsezko sektoreetan—, interes pribatuek nahi dutena egiteko eskumena dute, eta, aldi berean, gizarte-ehuna eta gizartearen kohesioa ahultzen dira. Eibarko SEPE ixtea, beraz, ez da tokiko arazo bat soilik: Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan hedatzen ari den joera pribatizatzaile baten sintoma da, eta ongizate-sistema modu kezkagarrian ahultzen ari da.

Testuinguru honetan, ezinbestekoa da administrazioei konpromiso erreal eta eraginkorra eskatzea arlo publikoa indartzeko. Erakundeek, aukera berdintasuna, enplegu duina eta babes soziala sustatzen dituzten politiken bidez, herritarren eskubideak bermatu behar dituzte. Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak Eibarren SEPE ixteko erabakia lehengoratzea, eta zerbitzu publikoei eraginkortasunez eta erantzukizunez funtzionatzeko behar dituzten baliabideak ematea.

Publikoa defendatzea eta berau indartzea da demokraziaren eta gizarte-ongizatearen etorkizuna. Ezin dugu onartu gure erakundeak eraistea, gutxi batzuei bakarrik mesede egiteko asmoz. Gobernuaren lehentasunetan publikoak lehen tokia izateko unea da, eta, behingoz, alde batera uzteko guztiona izan beharko lukeena pribatizatzeko joera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.