Oldarraldi judizialaren harira azaleratu zaigu sindikalismo espainolistaren euskarafobia. Batez ere, CCOO sindikatua nabarmendu da euskaldunon eta euskararen aurkako hizkuntza praktika horretan. Sindikalista espainolistak zelatan dabiltzala dirudi, enplegu publikoko lanposturen baterako hizkuntza eskakizunak jartzen badira, eskakizun horiek espainolismoaren neurrikoak diren edo ez jakiteko. Ez badira, helegiteren bat jarri arteko onik ez dute izango.
Espainolismoaren helduleku ideologiko bat inposizioaren leloa izan ohi da. Hizkuntzen inposizio auziaz hitz egin nahi bada, ordea, oinarrizko printzipio demokratiko batek ebatzi beharko luke noiz eta nola urratzen diren hizkuntza eskubideak.
Guk dakigula, hizkuntza ororen jatorrian herri bat (komunitate etniko bat) dago ia beti. Jatorrizko komunitate hori batzuetan estatu bihurtuko da gertakari historiko batzuen buruan, eta gainerakoak bidean galtzen dira aski botere politikorik ezagatik. Horixe da gaur egun munduan dauden milaka hizkuntza minorizatuekin gertatzen ari dena. Estatu bihurtu diren komunitateek atxiki dute berezko herri-hizkuntza, salbuespenak egon badauden arren: Irlanda, adibidez.
Demagun Gaztelaren kasua. Gaztelaren jatorrizko hizkuntza, jatorrizko herriaren (komunitate etnikoaren) lurraldean sortua, ez zen bere jatorrizko lurralde linguistikora errenditu, eta inguruko eta hain ingurukoak ez ziren lurraldeetara hedatu zuten, gaztelar estatu inperial eta koloniala tarteko. Gaztelako estatua, Espainiako estatu nazionala bihurtuko da nazionalismoaren aroa nagusitu ahala, eta Gaztelako herri hizkuntza estatala, Espainiako hizkuntza nazionala izango da geroztik.
Hizkuntzen inposizio kontuak ezin dira ez ulertu ez azaldu historia militar, politiko eta soziolinguistiko horren argitan ez bada. Hortaz, espainolismoa hizkuntza inposizioaz mintzo zaigunean, badakigu testuinguru historiko, militar eta soziopolitiko hori kontuan hartu gabe mintzo zaigula, eta, ondorioz, gezurretan ari zaigula. Hego Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko historia soziolinguistikoa parametro supremazisten arabera irakurtzen du espainolismoak.
Ez dira gai injustizia nazional historikoen argitan gaurko errealitate bidegabea interpretatu eta erreparazio nazionalaren eta linguistikoaren politikaz hausnartzeko
Inork ez du bere jatorrizko eta berezko hizkuntzaren lurraldean mintzairarik inposatzen, inposizio guztien jatorria eta zergatikoa komunitate estatal batek beste komunitate nazional baten lurraldean berea inposatzean datza. Juan Carlos Morenok ondo asko dioen bezala, «espainolismo linguistikoaren ideologia ideologia supremazista eta inposatzailea da». Espainiera ez da hizkuntza neutro bat gurean, zapalkuntza nazional historikoaren ondorio zuzena baizik.
Izaera eta funtzioa aldatu zaion hizkuntzari, ondo bidean, izena ere aldatu beharko genioke, egungo espainiera nazionalak ez duelako zerikusirik Gaztelaren berezko herri-mintzairarekin (mintzaira etnikoarekin). Espainoltzen gaituen hizkuntza ez da jatorrizko eta berezko gaztelera, oraingo espainiera baizik. Hizkuntzen izaera eta funtzioa ezin da hauteman testuinguru historiko-politikoa aintzat hartu gabe. Hizkuntzaren zentzu ideologikoa eta eduki politikoa testuinguru historiko jakin batek konfiguratzen du.
Euskal kulturaren eta identitate nazionalaren erreferentzia-markoko ezaugarriak arrotz zaizkio espainolistari; baita euskaraz dakienean ere. CCOO sindikatuko afiliatu batzuek badakite euskaraz, eta euskalduntasun erregional eta etnofolkloriko bat onartuko lukete. Hegemonia soziolinguistikoa eta soziokulturala espainolen esku dagoen bitartean, espainolistak esne-mamitan bizi dira. Espainolismoarentzat ez dago hizkuntza arazorik, bere komunitate nazionaleko kideak hizkuntza hegemonikoaren aparretan bizi diren bitartean. Alabaina, baldin eta beraien statu quo soziolinguistikoa auzitan jartzen badu norbaitek, lan kontuetan eta gainerakoetan, kontuz gero! Mintzoa mizto bihurtzen zaie orduan, eta inposizioa gora eta inposizioa behera hasten zaizkigu.
«Hara! Mila justifikazio eman beharko dizkiogu espainolari, benetako espainolari, hau da, espainol normalari, espainola ez zarela sinetsarazi nahi badiozu». Joseba Sarrionandiaren pasarte horrek espainolismoaren ideologia islatzen du. Espainolista ez den espainiarra salbuespenaren salbuespena izan ohi da. CCOOko sindikalistek espainiar normaltzat edukiko dute beren burua. Baina espainol normala izatetik espainolista izatera dagoen aldea hutsaren hurrengoa da. Aurrenekoak, beharbada, ez dauka diskurtso nazionalista esplizitu formalik bere identitate nazionala aldezteko. Baina hori kontu teoriko hutsa da, egunoroko bizitzan, espainolismoaren ideologia inplizituak bizi baldin badu. Ideologiak, izan ere, ez du zertan maila teorikoan jardun eta gorpuztu, gehienetan zentzu praktikoan mamitzen da/dira. Horregatik dira enbor nazionalista kolonial bereko geruzak espainol normala eta espainolista.
Zapalkuntza nazionalaren eta soziolinguistikoaren eragilea nazio menderatzaileko edozein kategoria sozial izan daiteke. Ez dago klase sozial boteretsukoa izan beharrik horretarako. Espainian klase sozial eta sektore sozial guztiak daude aldez edo moldez supremazismo linguistiko nazionalaz blaituta. Hori oso garbi ikusi zen Kataluniako procés-aren nondik norakoan. Horietako eragile sozial bat da CCOO. Langile klasearen zerbitzari leial hauek, zapalkuntza nazionalaren eta soziolinguistikoaren katebegi ezinbestekoak dira. Lan eskubideen izenean, beste nazio bateko herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ari dira; baina, jakina, beraiek Euskal Herrian Espainian bezain etxeko sentitzen direnez... Txillardegik salatzen zuen sozialinperialismoa indarrean dago oraindik gurean.
Badakit, jakina, espainolismoak ezin duela ulertu eta onartu berdintasunean oinarritutako nazioen eta hizkuntzen arteko politika demokratikoaren kulturarik. «Mila justifikazio» emanda ere alferrik dela, Sarrik zioen bezala. Ez dira gai injustizia nazional historikoen argitan gaurko errealitate bidegabea interpretatu eta erreparazio nazionalaren eta linguistikoaren politikaz hausnartzeko.