Sistema justu eta gardena nahi dugu irakaskuntzako LEPean

Maite Lus Zufia eta Eloi Tato Imaz
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ekainean eta uztailean Nafarroako irakasleen kidegoetan sartzeko oposizioak egin dira, eta, aurreko deialdietan bezala, oraingoan ere ika-mika eta kexa ugari izan dira. Nafarroako LAB Irakaskuntzak behin baino gehiagotan eskatu du oposizioen sistema anakronikoa aldatu behar dela. Tamalez, Nafarroako Gobernuak irakaskuntzako oposizio-lehiaketen deialdiak ateratzen dituen bakoitzean kontu bera eskatu behar izaten dugu. 2021-2022ko ikasturteko hautapen prozesuetan ere, aurreko prozesuetako erreibindikazio berberak izan ditugu, eta, LEP lan eskaintza publikoaren sistema aldatu edo hobetzen ez dutenez, salatzen segitu beste erremediorik ez dugu.

Lehenbizi, LABek argi utzi nahi du ezen oposizio-lehiaketen helburua dela lanpostu jakin batzuetarako hautagairik onenak aukeratzea, eta ez hautagaiek irakasle izateko duten gaitasuna ebaluatzea. Gaitasun hori urtero erakusten dute hautagai gehienek.

Argitaratu diren notak ikusita, argi dago oposizio-lehiaketen sistema honek ez duela funtzionatzen. Guztira, aurkeztu diren hautagaien %15ek bakarrik gainditu dute, eta horrek ekarri du deialdietan iragarritako lanpostu batzuk bete gabe gelditzea. Gainera, ezin dugu ahantzi oposiziora ateratzen diren lanpostuak ez direla aski irakaskuntzan dauden behar guztiak betetzeko. LABen iritziz, hori guztia ulergaitza eta zentzugabea da.

Bestalde, hautagai askok ez dakite zein den jarri zaien notaren arrazoia, eta horixe da LABen eskakizun nagusietako bat, hots: ebaluazio irizpideak gardenak eta egiaztagarriak izan daitezela. Eta nola ez, irizpide horiek probak baino lehen azal ditzatela, denok garbi izan dezagun zein diren joko arauak, bai hautagaiek, bai epaimahaietako kideek. Izan ere, zenbait epaimahaikide kexatu egin dira beren lana asko handitu dela, errubriketan aldaketak izan direlako behin eta berriz. Horregatik, epaimahaikideen lan-baldintzak ere zaindu behar dira, lanaldi luze eta gogorretan aritzen baitira zuzendu beharreko azterketa kopuru izugarri handi bati aurre eginez; eta horrek, bistan da, ez dakarkio onik ez zuzentzaileari ezta zuzendua denari ere.

Irakaskuntzako LEP prozesu hauek oso zaharkituak gelditu dira. Lehenik, gai zerrenda oso zahartua dago, eta jadanik erabiltzen ez diren gaiak eta kontzeptuak ikasi behar izaten dira (horren frogagarri, ikusi Informatikako gai zerrenda, esate baterako). Horregatik, LABek berriz ere eskatzen du gai zerrendak berritu behar direla eta ofizialak izan behar direla, eta Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan garatu behar direla, baita atzerriko hizkuntzetan ere, proben ebaluazioa horrelako hizkuntza batean egin behar den espezialitateetan.

Bestalde, probak ere aldatu behar dira. Gaur egun, zati teorikoa baztertzailea da, eta horrek hautagai askori eragozten die programazioa eta unitate didaktikoa defendatzeko fasera igarotzea. LABek uste du ez duela zentzurik prozesuari zailtasun hori gehitzea, non eta helburua ez den hautagaien kopurua nabarmenki murriztea. Horregatik uste dugu zati teorikoaren ezaugarri hori kendu beharra dagoela. Gainera, proben diseinua aldatu beharko litzateke, ebaluazioa objektiboa dela bermatzeko, orain ez bezala.

Eta bukatzeko, azkena izanagatik, garrantzi txikiagokoa ez den atal bat: egindako probak berrikustea. Oposiziogileek, maiz, azterketa berrikusteko eskatuko duten ala ez erabaki behar dute proba ikusteko aukerarik izan gabe, horretarako epea irekitzen dutenerako berrikusteko eskatzekoa itxita egoten baita. Kontua ez da hor bukatzen, gainera. Izan ere, epaimahaikideek azterketa berrikus dezatela eskatuz gero, haiek egiten duten gauza bakarra da (sistemak hartara behartuta, noski) atal bakoitzeko puntuazioen batuketa zuzen egin ote duten baieztatzea; edukiari begiratu ere ez zaio egiten! Horrek guztiak bestela ulertezinak liratekeen ondorioak ekartzen ditu. Adibidez, oposizio prozesua bukatu eta hilabeteetara —zenbaitetan baita urte betera ere— oposiziogileak errekurtsoak jartzen aritu daitezke, eta horrek ekar dezake dagoeneko behin betiko lanpostua duen funtzionario batek funtzionario izaera galtzea ere. Zentzugabekoa guztiz!

Horregatik guztiagatik, Nafarroako LAB Irakaskuntzak exijitzen du irakaskuntzako LEPak aurrera eramateko sistema anakroniko, ilun eta bidegabea aldatzea, eta gure esku dagoen guztia eginen dugu sistema hori hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.