Politologoa

Sokatik tiraka

Iker Laka Barandika
2026ko ekainaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sanjoanen atarian, jai egitarauak eztabaida piztu du nire herrian. Zortzi urteren ostean, sokamuturra berriro ere antolatzeko erabakia hartu du Eibarko Udalak, hainbat eta hainbat gazteren eskaeraren aurrean. Aurtengo egitaraua aditzera eman eta gutxira, zalaparta eragiteko duten gogoa azkar asko erakutsi dute beste hainbatek. Itzulinguru barik, ni sokamuturraren aldekoa naiz. Hala defenditu dut beti. Eta ez, ez naiz zezenzalea.

Seguru nago batzuentzako ulertezina izango dela nire jarrera, baina egia esan aspertuta nago dena nahasi eta zuri edo beltzera murrizten duten horiekin. Hasteko, ez delako zilegi ekitaldi mota guztiak zaku berean sartzea. Entzierroak, errekortarien ikuskizunak edo sokamuturra bera zezenketa batekin parekagarriak al dira? Zorionez, bada grisetarako tarterik eztabaida politikoan, eta herritarren gehiengo zabala zentzuzko espazio horretan dagoela esatera ausartuko nintzateke.

Ukaezina da zezen jaialdiek Euskal Herrian zehar duten tradizio luzea. Horiei buruzko eztabaida sanoa da, eta beharrezkoa, baina ezin da epaiketa moral jakin batera mugatu. Elkarrizketan sakondu beharrean, soka muturreraino tiratzeaz tematzen diren horien jarrerak kezkatzen nau. Eibarko protestetako bozeramaileetako batek auzi hau eztabaidaezina dela adierazi zuen telebistan. Horren atzean norberaren sentsibilitatea irizpide unibertsal bilakatzeko saiakera dago, pentsamendu bakarraren doktrina. Ez dute konbentzitu nahi; debekatu egin nahi dute.

Araudi berriak hiru helburu izango ditu: zezen jokoak modu ordenatuan egitea, parte hartzen duten adin txikikoen segurtasuna bermatzea eta animalien ongizate baldintzak handitzea. Ohiturak ere garaian garaira molda daitezkeelako, debekuen behar barik

Elgetako udal ordezkari moduan ere bizi izan dut inposizioaren politika. Han gaztetxoek sinadurak batu dituzte, baina sokamuturra buelta dadin eskatzeko. EH Bilduk jai egitarautik kentzeko aldebakarreko erabakia hartu zuen eta, hamarkada bat beranduago, herri galdeketa egitea ere ez du aintzat hartu. Horren harira, grazia egiten dit ezker abertzalearen tokian tokiko oportunismo politikoak. Herri batzuetan gai honi irmo kontra egiten dioten bitartean —Eibarren, Elgetan eta Bilbon, kasurako—, Azpeitian, Tolosan eta Iruñean alkatetzatik bertatik sustatzen dituzte ekitaldiok, modu batera edo bestera. Kausa guztien banderadun izateko handinahikeria horrek inkoherentziak besterik ez die sortzen. Gizarte heldu batek ñabardurak behar dituelako, hain zuzen, muturreko planteamenduak albo batera lagata.

Errealitatea pare-parean dugu, urteetako tradizioen biziraupenaren eta landa ingurunetik geroz eta urrunago bizi garen herritarren ikuskeraren arteko sokatiran. Mahai gainean dugunak ziurtasuna eta egokitzapenak eskatzen ditu. Horregatik, gaiari bete-betean heltzen dion lege proposamena onartuko du bi egun barru Legebiltzarrak. Araudi berriak hiru helburu izango ditu: zezen jokoak modu ordenatuan egitea, parte hartzen duten adin txikikoen segurtasuna bermatzea eta animalien ongizate baldintzak handitzea. Ohiturak ere garaian garaira molda daitezkeelako, debekuen behar barik. Herri demokratiko batek ezin ditu desadostasunak isilarazi, kudeatu egin behar ditu.

Bestalde, kaletarrok kontziente izan behar dugu gizakiok animaliekiko dugun harremanaren neurria ez dela bakarrik gure etxeko maskotekin daukaguna. Txakur, katu eta abarren bizimodua humanizatzen ari gara: jantzi egiten dira, orgatxoetan eraman, kapritxoak eta ospakizunak egiten zaizkie... Hori ez du inork zalantzan jartzen, ez du inor haserrearazten eta, gainera, sentsibilitate horren araberakoa ez den oro tratu txartzat jotzen da. Hortxe animalista askoren moraltasun selektiboa. Sarritan ematen du animalien ongizatea baino gehiago, tradizioa bera dela arazo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA