SOS Deiak-en eta landa garapenaren arteko lotura

2017ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Utzidazue istorio bat kontatzen. XXI. mendearen hastapenean, hainbat euskal erakundetako nekazaritza departamentuetako goi kargudun eta teknikari batzuk Irlandara joan ziren eta landa garapenerako politikak —IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologian oinarriturikoak— sustatzeko ideiaz beteta itzuli ziren handik. Halaxe kontatu zigun, ilusio handiz, Euskonews-en 24. zenbakian orduan nekazaritza garapenerako agente zenak eta gaur egun —mailaz igoa— Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendari denak: Xabier Arrutik.

Handik ekarritako ikuspegi idiliko hura, ia artzain girokoa, laster batean mamitu zuten Lanalden SA sozietatean, non nekazaritza alorreko egitura publikoak parte hartu baitzuen, Hazilur funtsaren bidez; baina, horrez gain, kapital pribatua eta, are, Elizarena ere baliatu zuten. Dena herrialde-herrialdekoa, gure-gurea; dena ezin jeltzaleagoa.

Sozietatea osatu zutelarik, kontzesio publikoekin eta kapital publikoko partaidetza enpresekin egindako kontratuen bidez ekin zioten negozioari. Eta negozioak aurrera egin zuen, eta Euskaltelen pribatizazioan lagundu zuen —2011n, Resulta SM beretu zuen—, baita porrot egin zuen Caja Sur enpresa taldean ere, 2012an Markemos SM erosita. Eta aurrera egin zuen, aurrera egin zuenez, diru laguntza publiko ugariren pizgarriari esker —gutxienez 18 milioi, 2011n—. Bere gain hartu behar izan zuen, hala ere, ahaide txiki baten likidazioak eragindako inpaktu negatiboa: Lanalden Digitalizacion enpresarena, zeinak, kapital mix berbera baliaturik sortua izanagatik ere, ez baitzuen zorte berbera izan negozioetan. Ikusi behar izan zuen, halaber, nola desegiten zen Media For Future (M4F) ahaide zigortua.

Enpresa hori telemarketinaz arduratzen da, eta, gaur egun, 700 langile baino gehiago ditu Bizkaian, eta lantegi nagusiak, berriz, Derioko apaiztegia izandakoan eta Bilboko erdi-erdian ditu; dena landa-landakoa, begien bistan dagoenez. Hain landakoa, non, 2014an Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar batean jakinarazi zuenez, orduan zeuzkan 360 emakume langile haietatik 60k nolabaiteko harremana baitzuten landa ingurunearekin.

Landa garapenaren ikuspegi bitxia da, inondik ere, kapital publikoa jartzen baita zerbitzu enpresa bat sortzeko, zeinari beste batzuek azpikontratatzen baitizkiote deien arretarako zentroak. Bitxia da diru publikoa baliatzea negozioa egiteko, zerbitzu hori pixkana pribatizatuz hainbat administraziotan eta zerbitzu publikotan—SOS Deiak, Azkuna Zentroa, 092…—, baita beste zenbait enpresatan ere —horietako batzuk diru publikoaren bidez (EDP, Euskaltel…), eta beste batzuk oraindik ere erakundeek kontrolatuak, hala nola Kutxabank—.

Jakinaren gainean ez dagoenari, berriz, esango diot telemarketin sektorea ez dela nabarmentzen bereziki bere lan baldintza onengatik. Sektore feminizatua da, non arau baitira behin-behineko kontratuak eta lanaldi partzialekoak, eta, lanaldiak behin eta berriro handitzen edo txikitzen dizkietenez, emakume horiek gero eta bizimodu prekarioagoak dituzte. Sektore horretan, mugitzen den oro argazkitik egozten dute, eta eskubideak errespetatzea eta legea betetzea gatazka iturri dira etengabe.

Hain zuzen ere, halakoxe lan baldintzak pairatu behar izaten dituzte SOS Deien larrialdietako arreta zerbitzuan telefono deien arreta kudeatzen duten emakumeek eta gizonek. Pertsona horiek egoera ezin larriagoetan hartzen dituzte gure deiak, lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen digute, eta, kasu bakoitzari zer baliabide dagokion, horra bideratzen gaituzte; baina haiek ez dute halako lasaitasunik eta segurtasunik beren lanean.

Gizon eta emakume horiek 2012az geroztik ari dira pairatzen Lanalden SA enpresaren prima inter pares estiloa, sektoreko lan harremanei dagokienez. Gizon eta emakume horiek 2017ko martxoaren 6az geroztik ari dira greba mugagabean, beren lan harremanak hobetzeko asmoz. Horretan dihardute, zerbitzua kontratatzeari buruzko baldintzen orri berrian —azken luzapena iraungiz geroztik sei hilabete berandutu den horretan— jasota gera dadin haien lanaren aintzatespen profesionala larrialdietako teknikari gisa, eta, enpresa aldatu behar izanez gero, beren postuetan utzi ditzaten eta lan baldintza gutxienekoak eskaini diezazkieten.

Greban dihardute gutxieneko zerbitzuekin, zeinak %100 izatea ezarri baitu administrazio publikoak, hain zuzen ere, komunitatearentzako zerbitzu ezinbestekotzat dauzkalako. Greban dihardute elkarrizketaren bidea azken muturreraino ibili eta gero. Hizketan aritu ziren administrazioarekin, eta hura gezurretan aritu izan zaie behin eta birritan, esan ere egin baitie enpresa pribatu batekiko gatazka dutela haiena. Orain, agerian geratu da haren gezurra; orain, Eusko Jaurlaritzak ezin dio luzaroago izkin egin gatazka horretan duen erantzukizunari.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak erabateko erantzukizuna du, kapital partaidetza handia duelako enpresa kontratatzailean. Erantzukizuna du, halaber, diru publikoa jarri duelako eta bulkada politikoa baliatu duelako lan baldintzak kaskartzen dituen makina handi bat sortzeko, telefono bidezko arreta pribatizatuz eta zerbitzu hori kanpora ateraz partaidetza publikoko enpresa ugaritan; prekario bihurtze horrek irabazi handiak ekarri dizkie bai Lanalden enpresari, kontratatzaile gisa, baita beste hainbat enpresa pribaturi ere, langile taldearen gastuak murriztu baitzaizkie enpresa —hein handi batean publiko— horri esker.

Horrez gain, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak erantzukizuna du epaile eta parte gisa kokatu delako gatazkan: batetik, zuzenean inplikatuta dagoela ukatuz, eta, bestetik, hari ere dagokion gatazka bat baldintzatuz, gehiegizkoak diren gutxieneko zerbitzuak zehaztu baititu eta, hala, greba normala izan dadin galarazi baitu.

Gobernu horrek, izan ere, zerbitzua ezinbestekoa delako diskurtsoa baliatuz, irregulartasunei bide eman die zerbitzuaren kudeaketan hainbat hilabetetan: esaterako, Greba Batzordeak salatu dituenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.