«Egoeraren paradoxak honako honetara eraman gaitzake: erremediorik gabe hilko zaizkigu hizkuntzak ezer egiten ez badugu, baina zerbait eginda ere hil egingo zaizkigu egungo errealitatearen argitan. Beraz, zer egin?». Nora Dauenhauer eta Richard Dauenhauer, 1998.
«Hezkuntza sistemak, neurri batean, bere aurkia eta ifrentzua dauzka arrisku egoeran dauden hizkuntzentzat; izan ere, arrisku egoera hori sorrarazi duten eragin eta balio atzerritar berberen pean baitaude eskolan». David Crystal, 2001.
«Kontuan eduki behar dugu hizkuntza bat mehatxupean jartzen duten neurri politikoak, izatez eta egitez, hiztunen kontrako politikak direla, zeren eta asimilazio estrategia oso baten parte dira. Erasoaren jomugan ez dago hizkuntza bakarrik». Klaus Zimmermann, 1999.
«Totalitarismoa fenomeno modernoa da eta hor landatu ditu bere erroak. (…) Totalitarismoaren erroak nazio-estatu modernoaren sabel espazialean txertatuak daude. (…) Diferentziak desegitea du helburu, herrien iragana ezabatzea, homogeneo bilakarazteko. Denbora kontrolatu eta bateratu, historikotasunak totalizatu. Horra espazioa eta historia bateratzeko totalitarismo modernoaren botere-tresnak». Nicos Poulantzas, 1979.
«Militante elebakarra elebitasun zalea da, baina bere hizkuntza dakizun eta erabiltzen duzun neurrian. Elebitasuna goresten dizu zuk bere hizkuntza hitz egiten diozulako. Begiko zaitu, baina ez elebidun zarelako, bere hizkuntzan mintzo zatzaizkiolako baizik. Elebitasuna aberasgarria eta ona da guztiontzat, baina berea hitz egiten ez badiozu, erne! Zeren, jakina, berak hizkuntza eta kultura aniztasuna estimatzen du, baina aniztasun horren barruan bere hizkuntza baldin badago». Jesús Tusón, 2009.
«Munduko hizkuntza sistemaren 'erdigunea' gaur ingelesa da, hizkuntza hiperzentrala, eta bere inguruan hamar bat hizkuntza 'superzentral' ditu. Hamar horien inguruan 100-200 hizkuntza zentral daude, hiztun elebidunen bidez hizkuntza zentralera lotuta. Azkenik, beste 4.000-5.000 hizkuntza periferiko daude aurrekoen inguruan». Jean-Louis Calvet, 2000.
«Maizenik, hizkuntza ordezkapen burutuari erantzun eraginkor bat emateko berandu izaten da, hiztun-herritarrak lozorroan harrapatu dituelako hizkuntza transmisioaren hausturak». Claude Hagège, 2000.
«Oso orokortua dagoen elebitasunak tentsioa eta zailtasuna sortzen du nortasun kultural eta linguistiko propioa duen jendearen artean. (…) Elebitasunak, besterik gabe, tentsioa dakar. Hau da, multikulturala den estatu batean, ez baldin badaude garbi zehaztuta hizkuntza eta kultura mugak, tentsio handiak izango dira komunitate ezberdinetako kideen artean». Robert Senell, 1995.
«Eremu publikoa bereganatu ez duen hizkuntza erabat baztertua egongo da; beharbada, elite txiki baten mintzaira izan daiteke, nekazari eremu isolatuetan edo erritu jardueretan sustraitua egon daiteke, baina ez da izango kultura hazkor baten oinarri eta berme». Will Kymlicka. 2003.
«Nire hizkuntza eta nazio bakarra hizkuntza eta nazio katalana dira. Eta samintasunez ikusten dut zoriontzen nauen Estatuak eta Gobernuak oraindik ere ukatu egiten didala aurreko bi eskubide horien jabe izatea» [sari emate baten testuinguruan esandako hitzak]. Joan Coromines, 1997.
«Zer esan nahi du zehatz-mehatz hizkuntza bat arriskuan dagoela esateak? Oro har, komunitate bateko umeek aurrekoengandik hizkuntzaren transmisioa gutxienez %30ean bereganatzen ez baldin badute, hizkuntza horren zoria arriskupekoa dela berretsi behar genuke. Haur-gazteen hizkuntza erabilera ez baldin bada maila horretara heltzen, izan ere, horrek esan nahi du gero eta ume eta gaztetxo gehiagok hautatuko duela beste hizkuntza bat, eta, ondorioz, badakigu dinamika soziolinguistiko horrek erreka joko duela ezari-ezarian». A. Stephen Wurm, 1996.
«Komunitatearentzat ez zegoen lekurik ez nazio-estatuaren nazionalismoan ez liberalismoan, eta, jakina, are gutxiago komunitate autonomo batentzat, autogobernu batentzat; ez, ez zegoen lekurik nazionalisten nazio bakarrean eta ezta, orobat, liberalen errepublikan ere, nahiz eta azken honetako herritarrak askeak eta loturarik gabekoak omen». Zygmunt Bauman, 1984.
«Hizkuntza eta kultura txikienek bizirik irautearen alde borrokatzea gizaki moduan taxutzen gaituen gauzarik baliotsuenaren aldeko borroka bihur daiteke, historiaren zabortegian bukatu nahi ez badugu guztiok». Charles F. Hochett, 1958.
«Zer inporta dio askapen nazionalaren aldeko mugimendu batek askatasuna lortzeko urtetan borroka egin izana, helburu hori lortu ondoren, ustez mendean hartutako dominatzaileari darizkion balio eta asmoen mirabe baldin bada?». Herbert Schiller, 1976.
«Kontua ez da hizkuntzak zenbat funtzio betetzen dituen soilik; horretaz gainera, funtzio bakoitzaren errotze-maila jakin bat ere behar du hizkuntzak. Hau da, funtzio bakoitzaren sakontasuna. (…) Hizkuntza baten gaitasun komunikatiboa funtzio-kopuru jakin baten arabera garatzen da, noski, baina funtzio bakoitzaren gaitasun komunikatiboa edo etoglosia sendo bat ere behar du hizkuntzak bere egitekoa egoki beteko badu». Juan Cobarrubias, 1988.
«Ondo oinarritutako botere-egitura bat aldatzen saiatzen bazara, gatazka sortuko duzu. Orduan, hizkuntza plangintzak ez du bakarrik erresistentzia eragiten, gatazka bultzatzen du. Gatazka aurrera joateko modua da». Joshua Fishman, 1987.
«Hizkuntza heriotza sozialera daraman bidea asmo onez ereinda dago, 'jarrera baikorrak' deitzen diren horiez josita». Joshua Fishman.
«Euskaltzaleentzat euskararen arazoa sekula ez da neutroa izan, nazio arazoa izan da beti». Joxe Azurmendi, 1980.