Sukaldaritzaz, zinemaz eta herritartasunaz

2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Donostian, goi mailako gastronomia-zentro baten proiektuareneta haren inposaketa dela medio, gertuko herritarrek azaldutako kontrako iritziaren artean agertzen ari den dibortzioari buruz gogoeta batzuk datozkit burura, eta, agian interesgarriak izangodirelakoan, hona ekartzera ausartuko naiz.

Has gaitezen erreferentzia zinematografiko batetik, Donostian eta garai honetan ia saihestezina baita.

The Cook, the Thief, His Wife&Her Lover Peter Greenaway-k 1989an zuzendutako filma da; honela labur daiteke: Albertek, luxuzko jatetxe baten jabeak, gauero tiranizatzen ditu emaztea eta langileak. Emaztea, Giorgina, sukaldariaren jakien dastamenak bultzatuta, bezero batekin maiteminduko da. Handik aurrera Alberten diktadura kolokan geratuko da, eta ihesaldi, krimen eta muturreko mendeku bati ere bide emango zaio. Urte hartako Sitgeseko Zinemaldian lau sari lortu zituen, zuzendari onenarena eta aktore onenarena barne. Fiilma modernitatearen eta kapitalismoaren egungo fasearen arteko errotiko dibortzioari buruzko alegoria ikaragarria da.

Izan ere, modernitateak, hasieratik politika gizaki guztien eta guztientzat izateko aukera eraginkorra landu zuen. Eraikuntza historiko hori klase eta gizarte-talde desberdinetako kultura-sorkuntzen elkarlanean oinarritu behar izan zen. Horrela, herriko gizakiek eta eliteetako eragileek parte hartu zuten ekintza konbergente eta berdinzaleen emaitzak izan zitezkeen uneak eta lekuak erregistratzeko beharrarekin topo egin genuen. Ildo beretik, konbergentzia kulturalaren nozioa definituz joan da, eta hura gertatu zen espazio fisikoak, sinbolikoak eta intelektualak identifikatzen saiatu izan gara. Leku horiek itsasoko zenbait eremuren antzekoak dira, non korronte beroak ur hotzekin kontaktuan jarri eta espezie bizien ugaritze harrigarri bat gertatzen den. Konbergentzia kulturalaren esparruak, elkarrekin bizi diren lan harrigarrien kontinenteak dira. Sukaldea leku pribilegiatu horietako bat da, giza existentzia zentzu guztietan kultura transmititzeko moduko zerbait bihurtu ohi duena, intimitate- eta berezkotasun-mailarekin, gainera, bertan sortutako nahasketak benetan ezin galduzko bihurtzen dituena.

Jose Emilio Burucuak edo Robert Darntonek kultura-historiaren arloan egindako ekarpenek leku horien garrantzia azpimarratzen digute (melting pot deritzanak), hala nola, Errenazimendua eta Ilustrazioa sortzeko, herri-jakintzak eta eliteen ezagutzak elkartzen zituzten sukaldea bezalakoak, hau da, pribilegiorik eta desberdintasunik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea ahalbidetzen zuen ideal modernoa gauzatu ahal izateko tokiak.

Kapitalismoak, ordea, leku komun horiek suntsitu eta erabateko espezializazio diskriminatzailea sortzen du. Adam Smith bezalako autore batek, Nazioen aberastasuna liburuan (1776), jakin zuen espezializazioak ekoizpenaren aurrerapenerako zuen garrantziaz ohartzen. Bere ustez, lanaren banaketa da, lan-indarrak hainbat zeregin eta roletan espezializatzea, eraginkortasuna hobetzeko bidea. Gaur egun, ordea, historiak eskaini digun ikuspegi kritikoa badugu gehiegizko espezializaziotik sortutako ondorio negatiboak baloratzeko.

Lehen alde negatibo bat, irakaskuntzan eta ikerketan, unean uneko eskaera ekonomiko, tekniko eta administratiboetara egokitzeko eta merkatuko azken metodo eta errezetekin estu batzeko presioekin lotuta dago. Historiak erakutsi du gehiegizko egokitzapena ez dela bizitasun seinale on bat izan, baizik eta zahartzearen eta heriotzaren iragarpen bat, asmatzeko eta sortzeko gaitasuna galtzen delako bidean. Asmamena eta sormena galtzeak, espezializazioaren gehiegikerien zeinu negatibo gisa, zuzeneko ondorioak ditu gizabanakoarengan. Diziplina bateko prestakuntzak mekaniko bihurtzen ditu diziplina hori ezaugarritzen duten prozeduretako asko, eta, horren ondorioz, espezialistak mekanizatu dituen trebetasunetatik harago doazen eta diziplina hori garatzeko ezinbestekoak izan daitezkeen alderdiak hautemateko gaitasuna galtzeko arriskua dago. Arazo hau azpimarratzeko, ingeniaritzan adibidez, Arnold Paceyk tunel ikuspegia esamoldea darabil: espezialistek jasotzen duten prestakuntzaren ondorioz, profesionalek eta zientzialariek aurre egin behar dieten arazoen irismena murrizten da.

Espezializazioari buruzko gogoeta filosofikoak alde batera utzirik, arazo teknikoekin, egungo teknologiaren gaitasun izugarriek beti irtenbide egoki batera eraman gaitzaketela pentsatzeko joera dago, gizartearen iritzia baztertuz, Donostiako kasu honetan bezala.

Ikuspegi hori hainbat arazotara hedatzen da: segurtasun militarra, kutsadura, gaixotasunak sendatzea (gogoratu pandemiaren inguruan sortutako liskarrak)...

Gizartean dituen ondorioei dagokienez, espezializazioak, pertsona batek zeregin gutxi batzuetarako duen gaitasuna handitzeak, beste zeregin batzuetarako gaitasuna galtzea ere badakar. Zentzu horretan, gizarte primitiboagoekin alderatuz gero, beste batzuen, espezialisten mende alegia, gauden gizarte batean bizi gara, iraganeko gizarte haietan baino askoz gehiago.

Gainera, gehiegizko espezializazioak apatia politiko orokorra sor lezake, herritarrak aldendu egiten baititu funtsezko erabaki politikoak oinarritzen dituen eta horiek hartu ondoren legitimatzen dituen ezagutzatik. Jakina, kontua ez da espezializazio zientifikoa ezabatzea, baizik eta ezagutza zientifikoa gainerako gizartearekin kulturalki lotuta egotea. Zientziaren mende dagoen gizarte batean, ahalik eta herritar gehienek zientziaren ulermen orokorra izatea bultzatu behar da, baita parte-hartze politikoa ere. Ordainetan, zientzia-espezialistek kultura orokor zabala izan behar lukete, gainerako gizakiekin komunikatzea lor dezaten eta haien behar eta jarrerekiko sentikorrak izan daitezen.

Historikoki tabernak eta sukaldaritzak lagundu dute mota desberdinetako jakintzak eta ezagutzak batzen, ideiak elkartrukatzen (melting pot izan ohi baitira), eta modernitateren iruditeriari bidea emanez lagundu dute. Oraingo honetan, berriz, Gros-Manteoko zentro gastronomikoaren egitasmo inposatuak elkarren kontra jarri dituen arren, herritarron iritziak eta ekarpenak baztertzea ez da ona izango.

Arestian aipatu filmean bezala, dibortzioa dator gurean ere, eta Albert gastronomoaren diktadura kolokan jartzeko garaia heldu da, ene ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.