Euskaltzaleen Foroko kidea

Supremazismo espainiarren «kontsentsu linguistikoa»

Jon Aleman Astitz
2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskubide linguistikoen ikuspegi integratzaile baten eskaintza dugu gaurkoa.

Espainiako supremazismo linguistikoa osasuntsu eta bizkor ageri zaigu, hooligan samalda anitz baten babesaz eta komunikabide indartsuez sustatua. Azken-aurreko lagina Santi Martinezena dugu, Euskal Herriko sindikatu minoritario baten idazkari orokorrarena, minoritarioa baina patronalaren bidelagun eta espainiar komunikabideek ederki zaindua.

Vocentoren egunkarietan idatzi du EHBilduk eta EAJk kontratazio publikoan dagoen «kontsentsu linguistikoa» lehertu nahi dutela. EAJren proposamena da, administrazio bakoitzak erabaki beharko lukeela zein euskara maila eskatu bertan lan egiteko, eta EHBilduren proposamena, Euskal Administrazioan aritzeko euskararen ezagutza nahitaezkoa dela, salbuespentzat jotzen diren lanpostuetan izan ezik.
Aldiz, Martinezek ez du oztoporik ikusten Euskal Administrazioko edozein lanpostu eskuratzeko espainola salbuespenik gabe derrigorrezkoa izatearekin. Hau da, espainola eta euskara ofizialak bai, baina espainola «ofizialagoa» euskara baino.

Martinezek dio euskarazko profilak bermatuta daudela «bete beharreko indizeen bitartez», herri bakoitzeko euskararen ezagutza mailaren arabera, eta gehitzen du «indize horiek eskari errealaren oso gainetik daudela». Dirudienez, ez du gogoan «eskari erreal» hori hainbat aldagaiek baldintzatzen dutela, adibidez, mendez-mende Espainiak eta Frantziak euskararen eta euskaldunon komunitatearen kontra ezarri duten debekatze eta pertsekuzioak, oraindik ere bukatu ez denak, Poliziek eta epaileek indar betean ezartzen dutena eta era pasiboan Espainiaren meneko erakunde zenbaitek, Renfe, Correos eta abar, oraindik ere sindikatu espainiazaleen gotorleku diren horiek. Jakina denez, euskararen eskaria ttikiagoa da espainiar eta frantses gobernuek karriketatik desagerrarazi zuten tokietan, nahitaezko eskolatze zigortzailea ezarriz, euskaldunei ez ikusiarena eginez, ospe txar sistemikoa zabalduz, bortxa uniformatuaren bidez eta beste hainbat tresna erabiliz.

Estatu zapaltzaileen manupeko eragile hauentzat euskararen erabilera eskubide menekoa da, Lekeition, oraindik euskaldungoa gehiengoan dagoenean erabil daitekeena (ez beti), baina ez da zertan bermatu Bilbon, esate baterako, zeinetan gutxiengoa den egun euskaldungoa; horrela Mungiako euskaldun batek eskubide gehiago izanen lituzke (nahiz ez guztiak) Barakaldoko euskaldun batek baino. Hori bai, espainolez arreta ematea nahi eta nahi ezkoa eta erabatekoa da Bilbon… eta Lekeitio, Amezketa edo Etxarri Aranatzen. Jakina, Martinez eta enparauei ez die axola lazgarriak diren profesional elebidunen eskasiak Osakidetza, Ertzaintza, epaitegi eta beste zerbitzu publikoetan… Zer inporta du?

Euskaldun komunitatearen aldeko memoria, justizia eta ordaina bultzatu ordez, espainiar nazionalismoak, izan eskuin, izan ezker, betikotu egin nahi luke beren supremazismoa, mendeetako zapalketez erdietsi dutena, eskubide guziak erdaldunentzako exijituz baina euskaldunontzako mugatuz eta baldintzatuz (edo erabat ukatuz) «integrazioaren» izenean… beren Espainia uniformean.

Ez dago kontsentsurik eskubide funtsezkoenak ukatzen dituztenekin.

Planteamendu erreakzionario hauei aurre eginez eraiki dezakegu euskal gizarte zuzenago bat, bertan euskal komunitateak ere dagozkion eskubide linguistikoak izan eta erabil ditzakeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.