Ukaezina da mundua aldatu egin dela urte gutxian, alderdi batzuetan hobera eta beste batzuetan, berriz, txarrera. Gero eta handiagoa da biztanleriaren egozentrismo eta egoismoa (munduaren egoerari begiratu besterik ez dago), baina gero eta normalizatuagoak daude lehen zigortuak izaten ziren jarrerak. Esango nuke lehen baino errazagoa dela kalean bikote homosexual bat ikustea, azal beltzeko pertsonak euskaraz entzutea, edota arropa zein gorputz anitzeko pertsonak aurkitzea, nahiz eta oraindik asko dagoen aldatzeko.
Hala ere, oraindik bada gauza bat gizartean etengabe ezkutatu nahi dena, eta guztiz arrunta den zerbait izan arren, oraindik lotsa sorrarazten duena. Ezinbestekoa da honi buruz argi eta garbi hitz egitea, lotsagarria iruditzen baitzait oraindik hilekoak lotsa sorraraztea. 12 urte nituela jaitsi zitzaidan niri hilekoa (duela 5 urte gutxi gorabehera), eta guztiz ondo oroitzen ez dudan arren, errudun sentitzen nintzela gogoratzen dut, eta baita beldurtuta nengoela ere. Zerbait txarra egin nuen sentsazioa nuen eta delitu bat balitz bezala ezkutatzen saiatu nintzen.
Konpresak armak izango balira moduan ezkutatzen nituen, bueno ez, armak gaur egun ez baitira ezkutatzen. Gezurrak asmatzen ibiltzen nintzen hilekoa ezkutatzeko, eta, egia esanda, gaizki pasatzen nuen. Hala ere, gero eta gehiago hazi ahala nire kontzientzia helduz joan zen eta hilekoaren beldur hori desagertu egin zitzaidan. Izan ere, hilekoa emakume gehienon gorputzean dagoen prozesu bat da, zein da arazoa? Zergatik dago gaizki ikusia? Emakumeena delako soilik.
Honi guztiari buruz hausnartzen hasi naizenean, gauza batez ohartu naiz: ia ez dakidala ezer hilekoaz. Buru osasunarekin lotutako gaixotasunekin ere antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke. Hilekoa hor dago, badakigu hor dagoela, baina publikoki eta lotsarik gabe kosta egiten zaigu ikustea. Interesgarria izango litzateke haurrek eta gazteok hilekoari buruzko informazio gehiago jasotzea, nahiz eta hari buruzko liburu eder batzuk ere badauden.
Hilekoa emakume gehienon gorputzean dagoen prozesu bat da, zein da arazoa? Zergatik dago gaizki ikusia? Emakumeena delako soilik
Neska gaztetxoren bat hau irakurtzen ari bada, hainbat gauza jakinaraztea gustatuko litzaidake. Hasteko, hilekoa gogaikarria dela. Bai, ez dut inor engainatu nahi. Niri behintzat, hilekoak min egiten dit eta ahuldu egiten nau (mentalki eta fisikoki), baina zortedunak gara hilekoa dugunok. Beharbada ez duzue jakingo, baina badira emakume batzuk ez dutenak zorte hori, eta horri buruz ezer ez dakidan arren, esango nuke arazoak ekartzen dituela. Hilekoa emakume izatearen parte da, eta ez genuke lotsatu behar emakume izateagatik.
Norbait hau irakurtzen ari den heinean amorratzen edo deseroso sentitzen ari bada, hau esan nahi nioke: esperientziatik idatzitako egia besterik ez da. Hilekoa ez da zikina, gure barruan dagoen odola eta obulua kanporatzen ditu, besterik ez. Ez da kezkagarria, alderantziz, zorte handi bat da, emakumearen nortasunaren parte bat.
Oso ohituta gaude pelikuletan jendea hiltzen eta odola toki guztietan ikustera, baina alutik irteten den odolak nazka ematen digu edo beldurtu egiten gaitu oraindik. Zergatik? Har dezagun hilekoa benetan den bezala; gorputzak daukan prozesu fisiko arrunt bat da, besterik ez. Tanta gorri arrunt batzuk, besterik ez.